C1 mailako ahozko proba prestatzeko informazioa eta baliabideak

Segidan aurkituko dituzu ahozko proba prestatzeko aholkuak, probaren atalak eta xehetasunak, ebaluazio-irizpideak, azterketa-ereduak eta bestelako materialen erreferentziak.

Ahozko probarako aholkuak

Ahozko probak ikasle asko jartzen ditu urduri. Urduritasun horri aurre egin eta ahozko proba behar bezala prestatzeko aholkuak eskaini nahi dizkizugu segidan, zeure burua lasaitu eta azterketari modu arrakastatsuan aurre egiteko.

 

• Zer presta dezakezu ahozko proba egin aurretik? Galdetu irakasleari, baina, adibidez, informazio pertsonalari buruzko galdera-erantzunak presta ditzakezu. Prestatu zer esan etxean eta praktikatu lagun batekin ispilu aurrean edo grabatu zure telefonoan edo ordenagailuan.

• Azterketa egin aurretik, ahal bezainbeste euskara entzuteak zure hitz egiteko modua hobetzen lagunduko dizu. Euskal abestiak, podcastak, filmak, telesailak edo bideoklipak entzuteak hitz egitean seguruago sentitzen lagunduko dizu.

• Azterketa garaian, lasai hitz egin! Mintzatzea ez da lasterketa bat. Hitz egin aurretik, pentsatu arretaz zer esan, eta hitz egin normalean baino polikiago.

• Zuzena dela dakizun guztia erabiltzen saiatu. Lehen ere erabili dituzun hitzak eta esamoldeak erabili, ez normalean erabiltzen ez dituzun moldeak. Arrisku handiagoa dago ezezagunak zaizkizun baliabideak gaizki erabiltzeko.

• Hitz edo molde bat ez badakizu, pentsatu ideia bera adierazteko beste modu bat. 

• Entzun zeure buruari hitz egiten duzun bitartean, eta akatsen bat egin duzula antzematen baduzu, zuzendu. Hiztun guztiek egiten dituzte akatsak eta etengabe zuzentzen dituzte.

• Begiratu aztertzailearen edo beste ikaslearen aurpegiari eta begiei hitz egiten duzun bitartean. Ulertzen dizute? Bestela, errepikatu ideia bera, baina beste modu batera.

• Beste ikaslea bere gaia azaltzen ari den bitartean, arreta jarri. Bukatzen duenean, baliteke aztertzaileak zerbait galdetzea zuri hark esandakoari kasu egin diozun jakiteko.

• Bat-bateko elkarrizketan parte hartzen duzuen ikasleen arteko elkarreragina ebaluatzen denez, garrantzitsua da elkarri entzun eta modu egokian erantzutea. Ariketa hau ez da bakarrizketa bat eta garrantzitsua da diskurtsoa elkarrekin eraikitzea, besteak esandakoa jasoz, galderak eginez eta galderei eta argudioei erantzuna emanez.

• Aztertzaileak edo beste ikasleak egin dizuten galdera bat edo egin behar duzuna ulertzen ez baduzu, galdetu aztertzaileari. Esaiozu: "Errepikatuko duzu, mesedez?"

• Galderei behar bezala erantzun. Ez mugatu "bai" edo "ez" erantzutera. Zabaldu zure erantzuna, adibidez, arrazoi bat erantsiz. Esan, adibidez: "bai, ados nago neuri ere gauza bera gertatu izan zaidalako".

• Argi hitz egin, aztertzaileak esaten ari zarena ondo entzun dezan. Zaila gertatzen bazaizu, praktikatu lagun batekin etxean. Sartu gela baten beste aldean eta hitz egin euskaraz. Edo euskaraz hitz egin sareako taldeetan (blog, txat… eta abarretan).

• Azterketan bi aztertzaile daude: Zurekin hitz egiten duen bat eta oharrak jaso eta azterketaren iraupena kontrolatzen ari den bigarren bat. Biak agurtu, baina, azterketa egin bitartean, zurekin hitz egiten duen aztertzailearengan jarri arreta.

• Ahozko proba da aztertzaileari zure hizkuntza maila erakusteko aukera. 

• Gogoratu ikasle guztiak sentitzen direla urduri azterketetan. Orduan, sakon hartu arnasa azterketa egin aurretik, eta saiatu lasaitzen.

Nolakoa da C1 mailako ahozko proba?

2020ko deialdi irekietako ahozko probak honelakoak izango dira.

Probak bi atal ditu: 

 

a) Aurrez prestatutako gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatzea (bakarka). 

Azterketaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (egoera psikologikoen, izaeren eta sentipenen deskribapenak, iruzkinak, jendaurreko adierazpenak, laburpenak, aholkuak, argibideak eta jarraibideak, balioespen eta kexuak, eztabaidak, galdeketak...) eta C1 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa). 

Egiteko hau prestatzeko testu-aipamenak, elementu grafikoak edo irudiak emango zaizkio azterketariari. Honek hogei minutu izango ditu gaia prestatzeko, eta bost minutuz hitz egitea eskatuko zaio aztertzaileen aurrean. Azterketaria prestaketa-denboran berak landutako eskemaz balia daiteke mintzamen-proba hau egiteko, baina ez da onartuko aldez aurretik prestatutako testurik irakurtzea. Aztertzaileek, tarteka, gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak. 

Iraupena: Prestatzeko, hogei minutu. Hitz egiteko, bost minutu.

 

b) Bat-bateko elkarrizketa egin beharko du azterketariak (aztertzailearekin edo beste azterketari batekin) argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz. 

Gai bat emanda, horren aldeko edo aurkako iritzia defendatu beharko du azterketariak, egokitzen zaion rolari heldu eta argudioak eman beharko ditu.

Kontuan izan ariketaren bukaeran aztertzaileak galde dezakeela zein den azterketariek gaiari buruz duten benetako iritzia (ez egokitu zaien roletik, baizik eta benetan pentsatzen dutena gai horren inguruan).

Iraupena: Bat-bateko elkarrizketak hamar minutu inguru iraungo ditu guztira (azterketari bakoitzak bost minutuz hitz egingo du). 

 

C1 mailako ahozko azterketa-ereduak helbide honetan aurkituko dituzu.

 

Mintzamena neurtzeko ebaluazio-irizpideak

Segidan dituzun bost irizpideen arabera neurtuko dira ahozko probak.

1) EGOKITASUNA: Azterketariak testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen ebaluatuko da. Hau da, ahozko adierazpenean, nori eta zertarako zuzentzen zaion, eta, gaiaren nolakoa kontuan izanik, azterketariak ez du eragozpenik izango erregistro-mota aukeratu eta erabiltzeko. Tarteka, hala ere, gaia oso ezaguna ez badu, azalpen eta argudioetan informazioa testuingurura behar bezala egokitzeko zailtasuna izan dezake. 

2) KOHERENTZIA ETA KOHESIOA: Azterketariaren azalpenean (lehen ariketan: Gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatzea) zein elkarreraginean (bigarren ariketan: Bat-bateko elkarrizketa) diskurtsoa koherentea, argia eta ongi lotua den baloratuko da. Hau da, kultura orokorraren mailako elkarrizketak gidatzen eta jarraitzen dakiela frogatuko du: hasiera noiz eman, nola jarraitu, nola bukatu, gaiaz aldatzerakoan erantzuten, etab. Horretarako, adierazpen bakoitzari dagokion esapide, antolatzaile, kohesio-forma, eta abarrez baliatuko da. Zerbait kontatu edo deskribatzerakoan, azaldu eta argudiatzerakoan diskurtsoa ondo antolatua eta josia izango da, bere jarduna koherentea izango delarik. Hala ere, izan ditzake zenbait zalantza eta izango du zenbaitetan atzera-, aurrera-pausu eta zuzenketak egin beharra, herri-hizkera erabiltzen duen solaskidearekin ari denean edo gaia ezezaguna edota espezializatua baldin bada, batez ere. 

3) JARIOTASUNA: Azterketaria jarioduna eta bere diskurtsoa ongi ahoskatua den baloratuko da. Hau da, elkarreraginezko testuinguru ezagunetan jarduna jarraia eta naturala izango du. Gai ezezagunen inguruan bere iritzia edota azalpena egin behar duenean, berriz, moteldu egingo da diskurtsoa ahalik eta egitura, forma, esapide edota adierazpiderik egokienaren bila, berau aurkitu arte. Geldiune hauek estaltzeko gai izango da eta aipatu geldiuneak ia ez dira nabarmenduko. 

4) ABERASTASUNA: Azterketariaren diskurtsoa aberatsa den baloratuko da. Hau da, maila honi dagozkion testuak (elkarrizketak, narrazioak, deskribapenak, azalpenak, argudioak…) ahoz sortzeko gai izango da, baina testuaren luze-laburra betiere egoerari, hartzaileari, gaiaren ezagutzari lotuko zaizkio. Alderdi morfosintaktikoaren ezagutza zabala eta lexiko aberatsa izango duenez, guztia erabiltzera arriskatuko da eta arriskatzeak berak zenbait akats egitera bultzatuko du. Ideia nagusiak eta baita zehaztasunak ere, behin baino gehiagotan esango ditu, esandakoa bilduz eta beste era batean adieraziz, eta, aldi berean, hurren esango duenarekin lotura eginez.

5) ZUZENTASUNA: Azterketariak bere jarduna zuzen adierazi duen. Hau da, alderdi morfosintaktikoari dagozkion formak eta egiturak ezagunak baditu ere, bere ahozko adierazpenean akats gutxi batzuk izan ditzake. Akats horiek guztiz koiunturalak izango dira bat-batekotasunak eta jardunaren nondik norakoak sortutakoak, hain zuzen ere, eta ez sistematikoak. 

Alderdi fonologikoari dagokionez, euskal fonemen (fonemen ahoskera, hitz barneko aldaketak, hitz-kateak) erabilera zuzena egingo du; intonazioari dagokionean, aldiz, zenbait arazo izan ditzake, baina arazo horiek ez dute hizketaren ulergarritasuna eragotziko. Bestalde, lexikoaren ezagutza zabala izango du. Hala ere, xehetasunak eta ñabardurak ematerakoan, hitz zehatza aurkitu ezean, hainbat estrategiaz baliatuko da: birformulazioa, itzulingurua, etab. 

Mintzamen-probari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio hauen arabera banatuko dira: 

Egokitasuna, % 10; 

Koherentzia eta kohesioa, % 20; 

Jariotasuna, % 25; 

Aberastasuna, % 20; 

Zuzentasuna, % 25.

Proba honek, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira.

 

Ahozko probaren zuzenketa

a) Mintzamen-proba bina aztertzailek bideratu eta zuzenduko dute, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango dute iritzia, arrazoiak emanez. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan. 

Fitxa ikusteko moduan izango du ikasleak HABEren webgunean.

b) Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena Epaimahaiaren eskura jarriko du. 

c) Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira, zuzenketa-prozesuaren euskarri eta ikerketa-helburu zein aztertzaileen trebakuntzarako.

 

2020ko Egiaztatze-deialdi irekiari buruzko informazio gehiago, helbide honetan aurkituko duzu.

 

Mintzamen-proba prestatzeko IKASBIL atarian dauden jarduerak:

Aurrez prestatutako gaia garatu eta iritzia emateko

Mintzamena lantzen: Aplikazioen erabilera pandemia-garaian

Mintzamena lantzen: whatsapp-taldeak

Mintzamena lantzen: Telelanaren booma

Mintzamena lantzen: Bizikletaz

Mintzamena lantzen: Kontzertu-sarreren merkatu ezkutua

Mintzamena lantzen: Paperezko prentsa desagertzeko arriskuan?

Mintzamena lantzen: Kirol-apustuen moda gazteen artean

Mintzamena lantzen: Antibiotikoen erabilera desegokia

Mintzamena lantzen: Hemen Google doktorea, bai esan?

Mintzamena lantzen: Telefono bidezko jazarpena

Bat-bateko elkarrizketa egiteko

Mintzamena lantzen: Telelanaren booma

Mintzamena lantzen: Turismoaren hazkundea

Mintzamena lantzen: Haurren argazkiak Interneten argitaratzea

Mintzamena lantzen: Nolako heziketa komeni zaie aparteko adimena duten haurrei?

Mintzamena lantzen: Bikotekidea topatzeko bideak

Mintzamena helburu duten beste jarduera batzuk

C1 mailako ahozko probetan bildutako akatsik ohikoenak

Txertoaren beharra

Zabor elektronikoak murrizteko gomendioak

Hitz egin dezagun bakardadeaz

Bakardadeak mila aurpegi ditu

Sarearen neutraltasuna arriskuan

Haurdunaldi subrogatua

Janari afrodisiakoak

Mugak eta mugarriak

Taldeko liderrak

Adi ibili sareko iruzurrekin

Paperezko prentsa ala digitala

Sekten mende

 

 


C1
06-07-2020
22387275
2841