Dokuteka
Agerraldia 15 Atala 3
MAITE: Zergatik haserretu zen?
TXEMA: Horixe esaten nion nik! Baina... hori ez omen zela, ba, noski, edadeko bi pertsonen itxura, eta inguruko denak gaizki esaka hasi zirela, eta... amaren kontuak!
MAITE: Zer du, bere aita? Ala...
TXEMA: Bai, bai; amaren aita da. Eta, jakina, egoera horretan, beti gezurretan ibili behar gizajoak.
MAITE: Horixe! Horregatik ez dute inork jakiterik ere nahiko!
TXEMA: Aitonaren partetik bai, behintzat! Hura ez dago pregoitarako, zera... Isilka-misilka ibili behar beti, eta egunero ezin elkar ikusi! Haatik hainbeste karta eta karta.
MAITE: Kartak? Zure aiton...
TXEMA: Ea zer egin behar duen, ba, gizajoak, elkarren berri jakiteko! Batere ez dakit, baina... egingo nuke astean bizpahiru karta idazten dizkiola!
MAITE: Eta amonak bat bakarrik jaso ez! Ai, ene... oraintxe, oraintxe! Zirkoa ez bada hau, alajaina, zirkoa! Orain, orain... orain ulertzen dut! Ai! Horrela, orduan, kontuak! Goazen, goazen... ea amonak zer dioen!
Amona kantari ari da oraindik.
MAITE: Amona... amoooonaaaa!
AMONA: Zer duzu, maitea?
MAIT: Zurekin hitz egin nahi genuke!
AMONA: Ge-nu-ke, gainera? Zer dugu, ba?
TXEMA: Kaixo, amona!
AMONA: Keai, Txema! Adiskidetu al zarete, edo?
TXEMA: Beno...
MAITE: Oraindik ez, baina ia-ia! Zurekin kontutxo bat argitu orduko, beharbada!
AMONA: Berehalaxe da, orduan, ofiziala zuen artekoa?
MAITE: Ba, gurea ez preziso, baina... eta zurea?
AMONA: Nire... zer?
MAITE: Zer ote da? E, amona? Zer ote da? Ahaztu al zaizu noren biloba den hau?
AMONA: Ez. Badakit nik zeinen biloba den hau. Aspaldiko lagunak gara honen aitona eta biok!
MAITE: Tira, amona! Aspaldiko lagunak bakarrik? Ala aspaldiko beste zerbait ere bai?
AMONA: Aspaldiko lagunak esan dut!
MAITE: Amona, nirekin ez daukazu gezurretan ibili beharrik e!
AMONA: Ni ez nabil gezurretan!
TXEMA: Ez egiatan ere!
AMONA: Zer ote dakizu zuk, mukizu horrek?
TXEMA: Nire aitonaren berri, besterik ez! Duela pare bat urte dabil hura seko maiteminduta bere adin beretsuko emakume batekin. Ez dakidana da hasiera-hasieratik ote dabilen emakume berarekin... Badakizu, Robert Redford adina ez da izango, akaso, baina... e? Oraindik ere gure aitona... ba, hori...
AMONA: Hori ez da egia! Nitaz aparte...
