Hemen eta online

Maialen Lujanbioren ustean, jada ez da ezer gertatzen hemen eta orain, dena da hemen eta online. Lekurik txiki eta intimoetan gertatzen den edozein gertakarik ere, teknologiari esker, bere oihartzuna du 'orain eta hemen' muga horietatik haratago. Horren inguruan egiten du gogoeta Maialenek Euskadi Irratiko Faktoria saioko kolaborazio honetan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Garona ibaiaren ertzean paseoan nenbilela gertatu zen. Lurrean zegoen pegatina borobil handi baten gainean oina jarri nuenean. “Ici vous pouvez connecter Wi-Fi”, hala zioen pegatinak. Eta bat-batean barruan dardara bat sentitu nuen. Patrikan zehatzago esateko. Jainkoaren deia zen, pegatinaren puntu justu hartantxe. Mugikorrari begiratu eta “Recen por mi” sartu zitzaidan, Francisco Aita Santuaren Twitterra, bere kargu hartzearen lehen urteurrenean.
Teologia eta teknologia elkarrengandik hurbil dira, bistan da. Mezak eta mezuak Internet bidez zabaltzen ditu Elizak, eta ez da harritzekoa beti izan dira teknologiaren erabileran abangoardistak. Pentsa, karaokea ere berek asmatu zuten, edo eurek ekarri zuten behintzat. Nik behintzat lehenengo aldiz elizan ikusi nuen, pantailan letrak azaltzen: “Santu, santu, santua” eta jendea hari begira kantatzen.
Memoria-galera ordezkatu du pantailak, akaso? Orain memoriak gehiago dira externoak, edo memoriak subkontratatuak, dela grabagailu, kamara edo telefono. Adikzio bihurtu da pantailatxoen argia. Telefono txikien ludopatak gara. Txanponik ez dute sekula ematen makinatxo horiek, tragatu eta tragatu bai. Orain meloiak eta sandiak emotikonoak dira.
Orain bai, baina gaur egun zer da orain? Ja ez bada ezer gertatzen hemen eta orain? Ezer ez bada oraingo eta honako bakarrik. Joango zara gaztetxerik zokoenera, zuzeneko kontzertua den magiaren bila, eta aurrean jarri zaizkizun buru handi guztien dozenaka pantailatxotatik ikusi beharko duzu oholtza. Ez zara sekula gehiago jainko batek aukeratua bezala sentituko, egun horretan, leku horretan zeundelako. Milaka ikustaldi izango dituzte YouTuben, dozenaka beso horiek grabatutako dozenaka bideo berdin-berdinak. Joango zara lagun arteko bertso-afari txikienera, eta inprobisazioaren funtsa den hemen eta oraintasun erabatekoan ari zarela, ohartuko zara parean hiru begiko gizaki pilo bat duzula begira, bi aurpegian eta bat eskutan. Zu sortu nahiaren erdiminez eta igual ari dira ematen streaminez. Joango zara parrrandara, joango zara unibertsitatera, joango zara nahi duzun lekura eta zure mugimenduen txirbilak Twitterren saltoka ibiliko dira zu etxera iritsi baino lehen.
Gure gogoak hemen izanik beti beste nonbait ere badaude. Ez diogu ezeri utzi nahi bertan hasi eta bertan bukatzen. Ezer ez da gertatzen hemen eta orain. Dena gertatzen da hemen eta online. Orain denak dauka nolabaiteko eternitate-bokazio bat, Frantziskok esango lukeen moduan. Denak dauka eternitate-bokazioa eta gaitz erdi hala balitz. Okerrago dena da edozerk daukala eternitate bokazioa. Zer egingo zaio, hala bada, hala bedi, online eta beti.

C2
2014-04-22
  • Maialen Lujanbio
16236490
00:04:10
5539