detalle dokuteka-generico-fitxa

Sariak eta musuak

Kirol askotan ohituta gaude garaileak jasotzen dituen sarien artean emakumeek emandako musua ikusten; txirrindularitzan batik bat. Horren atzean zer dagoen edo egon litekeen hausnartu du Maialen Lujanbiok Euskadi Irratiko Faktoria saioan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Amorragarriak dira topikoak, baina ohi denez loak hartu ninduen Euskal Herriko itzuliko azken etapari begira. Sari-banaketa ari zen esnatu nintzenerako eta Alberto Contador ikusi nuen maillot horiz, ukabilarekin bularra kolpatu eta gero airera tiro-itxura bat eginez. Amorragarriak direla topikoak; horixe pentsatu nuen, eta batez ere konplitzen direnean. Bi azafata baitzeuzkan alde banatan, bata ile horia eta bestea beltzarana. Azafatak eurak eta euren alde banatatik eta aldi berean emandako musuak, sariaren parte ziren.
Neskena zilegia zela otu zitzaidan, zilegia ez ezik tratu on bat ere bai gaur egun, sos batzuk irabaztea musu-truk, baina hori diseinatu duenarena. Nahiz eta egia esan antolakuntza-taldearengan ez neukan fede handirik. Akaso laguntzaile diren Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak beharko lukete erneago ibili gai hauetan.
Loreak ematen zizkieten neskek garaileei. Txirrindulariek, gizonik gehienek, ez dute jakiten loreekin zer egin. Loreen ondoren autoritate izenekoak igo ziren trofeoak banatzera, alegia galkorrak ez diren sariak, inportanteak. Gizonezkoak ziren sari inportanteak banatu zituzten guztiak, salbu eta azken-azkenean nire teoriatxo merke zuhurreko hau hondatzera azaldu ziren bi sari-emaile emakumezko. Eta nahiago nuke hondatu balute. Baina zer, eta saria eman ondoren hor non jartzen diren eurak ere azafata-plantan saridunari alde banatatik eta aldi berean musu ematen.
Emakume bati irabazleari saria ematea baino berezkoago balitzaio bezala, irabazleari musu ematea. Inork imajinatzen ditu ondoren azaldu ziren Marino Lejarreta, mito etxekoa, eta Jon Redondo, Jaurlaritzako Kirol-zuzendaria, Contadorri alde banatatik eta aldi berean musu ematen? Ba, hara. Eta txirrindularitza etsenplu bat baino ez da. Emakumeak izan autoritate edo herritar xehe, izan boteredun edo meneko, atsegin eta konplaziente azaldu behar du beti jende aurrean, edo azaltzen da edo azaltzen gara. Geneetaraino sararazi zaigun gutxiagotasun, lotsa eta lekuz kanpo egoteko sentimendu-nahasketa bat da. Eta atsegin izatea, izan liteke berez baloreetan baloreena, baina atsegin izan beharra, derrigorrez, babaloreena da.
Neska hilehoriak eta beltzaranak topiko guztiak, kromatikoak barne konplituz, segitu zuten heroiak musukatzen. Contador zen han protagonista bakarra. Testuinguruak esanahirik ez balu bezala, gauza batzuk begiratuta ere ez baitira ikusten. Eta zaleak loriatan, munduan beste inon ez bezalako afizioa dugu errepideetan, eta munduan toki guztietan bezalakoxe protokoloa podiumean: neska ederrak sari gizon saridunarentzat. Fibra eta karbono-teknologiaren frikien lurraldean, herdoila eta lizuna ideologian. Lizuna ez erotismoarena, bestea.

detalle2

Dokuteka

C1 C2
2014-04-28

x61pRelaContWAR

  • Maialen Lujanbio
16236510
00:04:06

x61pViewCountWAR

13992

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR