Zergatik sentitzen dira erasotuak?

Parisko kaleetan manifestazioa egin berri dute "familia naturalaren" alde. Horren harira hausnarketa egin du Maialen Lujanbiok. Galderak aireratu ditu: "Zergatik sentitzen da erasotua inork erasotu ez duena?, zergatik sentitzen dira erasotuta familia natural horiek bestelako familia-formekin?, zergatik erasotua heterosexuala homesexualarekin?, zergatik monolinguea erasotzen du, bere ustez, elebidunak?, zergatik gizona feminismoak?" Galdetu ez ezik, erantzunak ere bota ditu entzungai duzun audio honetan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Euskal Herritik kanpoko inprobisatzaileak entzun izan ditugunean, decimistak edo repentistak gehienbat, harrigarria egin izan zaigu beti nola euren decimetan, adibidez, aritzen diren decima neurriari berari buruz. Nola bertsoen mamia askotan den bertsoen egitura goratzeko; gu hasiko bagina bezala, “zortziko handi bihotzekoa, 10-8, 10-8…”. Gutxi gorabehera etxe bat eraikitzea aldamioak luzitzeko.
Holakoxe etxeetatik atereak izango dira familiaren aldeko familiak lehengo igandean Parisko kaleetara. La Manif Pour Tous deitu duten horretan, decimistek decimak bezala familia-egitura goratu zuten; berdin da barrua ustela duen, tratu txarrak ezkutatzen dituen, botere-harremanean oinarritua den edo maitasunean; berdin da orbelezko habia den edo arantzazkoa. Familia defendatzen dute. Ez, noski, nolanahikoa: familia naturala deitzen dutena. Naturala kontzeptu horrek tesi bat ere merezi luke, baina haizeetara zeramatzaten banderatxoek aditzera ematen dutenez, familia naturala da aita batek eta bi mototsa eta gona dituen ama batek osatua; eta seme batek eta bi mototsa eta gona dituen alaba batek osatzen dutena. Beraz, 1-1, 1-1, edo nahiago bada, 2-2 neurrikoa.
Egia esan, mitoak dio frantses-kultura gehiago dela 2-3, 2-3 metrikaren zalea: 2 heldu 3 ume neurrian arizalea, alegia. Kultura frantsesean hirutasuna oso sartua dagoelako, akaso, erritmo-kontu bat: urdina-zuria-gorria, zaharrena-erdikoa-txikia, senarra-emaztea-maitalea, liberté-egalité-fraternité, hiru gezur horiek egia balite. Egia balite, bai. Egiaren jabe dela uste duena baino ezin da atera kalera berea defendatu itxuran besterena erasotzera; homosexualen ezkontza eta adopzioa izan da kasu honetan. Homofoboek eurek sortu dute Famialiafobia stop lema, eta izatekotan ere erasotzaileak liratekeenak erasotuen papera hartu.
Zergatik sentitzen da erasotua inork erasotu ez duena?, zergatik sentitzen dira erasotuta familia natural horiek bestelako familia-formekin?, zergatik, oro har, erasotua heterosexuala homesexualarekin?, zergatik monolinguea erasotzen du, bere ustez, elebidunak?, zergatik gizona feminismoak? Zergatik? Ez bada beste aukerek berea zalantzan jartzen dutelako? Ez bada berea aukera bat bihurtzen dutelako eta ez aukera bakarra; ez bada zalantza lan gogorra delako, gogorregia batzuetan.
Oinarrizko beharrak aseta dituen mundu-zatian beldurrik zabalduena horixe izango da: galderari beldurra. Galdea goldea da. Oinazpiko lurra arrakalatzen duena. Galdetzea goldatzea. Zergatik sentitzen den erasotua inork erasotu ez duena? Errazago delako besteei erantzutea nork bere buruari galdetzea baino.
Goizegi gaututako paraje frantsesetan aldamioak luzitzeko eraikitako etxeetatik autoek ezkutuan ihes egiten dute familia naturaletatik maitalearenera, matrimonio naturalaren 2+1, 2+1 metrika goratzeko.
 

C1
2014-02-05
  • Maialen Lujanbio
16236287
00:04:52
5146