Neskazaharrak joaten dira...

Neskazaharrak joaten dira Urkiolara, Madalenara, Kaixo maitia.com-era... santuari eskatzera senar on bana, komeni bada. Komeni bada: hori da kontua. Gauzek ez dute beti bezala izan beharrik, gauzak izan litezke beti bestela. Gakoa asmatzean datza: lehengotik zer den haustekoa eta zer eustekoa.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Neskazaharrak joaten dira Urkiolara, Madalenara, Kaixo maitia.com-era, Cuadrilla Busca Cita-ra, santuari eskatzera senar on bana, komeni bada. Komeni bada: hori da kontua. Ostiralean zen San Antonio eguna (ekainaren 13an). Eta badu, nonbait, arrakasta Urkiolako harriari buelta emateak. Ikusirik udaberriko larunbatetan zenbat dama gazte joan diren aldarera printzesa jantzita. Printzesa odol urdinik gabeak, gajoak!, odol urdina borbondarrenean bakarrik geratzen baita. Borbondarrenean eta Evax-Ausoniatarrenean. Printzesaz mozorrotutako neskek beren emakumetasuna azpimarratzen dute makillajez, soineko luzez, eta moño-moñoñoz. Eta senargaiak ere aldarera, berdintasunaren ulerkerarik okerrenera etorritako gizonak: kosmetika eta gimnasioa. Zenbat eta gorputza puztuago, orduan eta burua txikiago ikusten zaienak; emakumeak oso-oso emakume, gizonak oso-oso gizon, eta harremanak oso-oso ar-emeenak.
Matrimonioak bikote oso sendoa osatzen du, printzipioz. Gero bikoteetan promiskuitate gehiago dago eskuz binakako txapelketan baino. Eskuko mina dela, buruko mina dela: asteburu honetan Lauzirika eta Irujo. Baina kanpora, beti bezalako andre-gizonak dira, behar den bezalako harremanean. Halaxe izan dadin egiten dute lan San Antoniok, Corte Inglesek eta abarrek. Kantu mainstream-etan nahastu egiten dira pasioa eta posesioa. Shakirak esaten du bere mutila oso zelosoa eta territoriala dela, eta maitasunaz ari dela dirudi. Zeloek oso prentsa ona dute. Telecincok muturreko genero-bortizkeria azaltzen du haurren ordutegian eta orain ETB 2 txit akonplejatuak ere ez duela gutxiago izan nahi eta Cuadrilla busca cita opa digu. Espainiarkeriaren edo italiarkeriaren edo, besterik gabe, arkeriaren bertsio light-ago bat, atrezzo euskorustikoarekin.
Eta gero estatistikek diotela hiru neska gaztetik bik onartzen dituela mehatxuak eta kontrolak bikotean. Zer erakusten zaigu, ba? Ze eredu eskaintzen dira? Arrak oso-oso arro, emeak oso-oso ume, eta harremanak oso-oso ar-emeenak.
Ironia izango zen San Antonio egunez aurkeztea Arrakala proiektua, hetero-arauaren aurkako ekimena. Bestelako pertsona eta harremanei buruzkoa. Askok eman baitio Urkiolako arrokari buelta kontrako aldera, nahi gabe edo nahita. Edo gainetik salta. Edo nik zer dakit.
Bistan da hainbeste errotazio eta kontraerrotazio, zartatzen ari dela arroka. Eta arroka miletan txikitzen denean, orduan harriak, pertsonak bezala, denak dira harri, baina ez daude bi harri berdin. Aniztasuna gero eta bistakoagoa den honetan, orduan eta intentzio ilunagoa ematen du medio, eliza, botere eta abarren enpeinuak gizonen eta emakumeen rolak bereiztu, azpimarratu eta fosiltzeko. Gauzek ez dute zertan izan beti bezala, gauzak izan litezke beti bestela. Gakoa igartzean datza: lehengotik zer den haustekoa eta zer eustekoa.

C2
2014-06-30
  • Maialen Lujanbio
16236612
00:04:25
5510