Dokuteka
Singleak
Gauzak ez dira hainbeste aldatu funtsean, emakume ezkongabeei buruzkoetan. Oraindik, neskazaharraren etiketa oso zabaldua omen dago.
JASONE OSORO/
Hiritarrak, unibertsitarioak eta moda, dekorazio eta teknologia kontsumitzaileak. Hauek omen dira bakarrik bizi diren pertsonen ezaugarriak. Hara, neu ere bakarrik bizi naiz, hiri batean, kazetaritza ikasi nuen eta, bai, aitortzen dut moda eta dekorazioa gustuko ditudala. Badirudi single hitzak definitzen duen multzoan sar naitekeela neu ere.
Soziologoen hitzetan zenbat eta single gehiago, orduan eta maila ekonomiko hobea omen du herri batek. Garai batean, 25 urtetik gora bakarrik bizi zen emakumea neskazaharra zen, frakasatua. Garai haietan, badakizue, ezkontzea eta familia izatea omen zen emakumeek bizitzan zeukaten helburu nagusia eta bakarra. Orain ez, orain badirudi multzo inportantea garela. Marketing enpresa askok singleei begira egiten dute lan. Gu omen gara gutizia garestienak kontsumitzen ditugunak. Egia borobila. Familia bizi den etxe batera joan eta supermerkatuan merkeen dauden jogurtak aterako dizkizute. Komunera joan eta paper takarrarekin lehortu behar. Singleon etxean ez. Hozkailuan beti daukagu txokolatezko izozkirik goxo eta garestiena. Logelan, Mariscalek diseinatutako lanpara. Horregatik omen gara inportanteak, ekonomiaren kateari eusten diogulako. Ostantzean, guk aukeratutako bizitza daukagun ala beste inork ondoan nahi ez gaituelako ote den...
Esaterako, bankura zoazenean kreditua eskatzera, beti pluralean hitz egiten du zuzendariak, halako batean etxea bakarrik erosi duzula argitzen diozun arte. A! Ze ondo, ezta? Esaten dizu orduan, batere sinesgarria egiten ez den aurpegia jarriz, keinuekin adieraziz benetan pentsatzen ari dena: gizajoa, hau ere neskazaharra dela. Ezetz, gauzak ez direla hainbeste aldatu funtsean.
