Zanpatuak zanpatzaile?

Zirkunferentzia batek non du eskuina eta non ezkerra? Biribilgunetan, eskuin edo ezker nondik zatozen izaten da; eta biribilgunetan bezala gizarteko plaza biribiletan ere. Talde edo kolektibo bat izan liteke baztertua beste batekiko, eta zapaltzaile beste batzuekiko. Gai hori du gogoetagai Maialen Lujanbiok irratsaio honetan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Zirkunferentzia batek non du eskuina eta non ezkerra? Biribilgunetan, eskuin edo ezker nondik zatozen izaten da, eta biribilgunetan bezala plaza biribiletan ere bai. Nondik begiratzen den. Etxetik begiratuta ari gara azken aldian munduko plazak ezagutzen. Nazioarteko politikak eta iskanbilek ezagutarazi dizkigute: Taxim plaza Estambulen, Tahrir plaza Kairon, edo Maidan plaza orain Kieven.
Ez dakigu kamerak nondik ari diren begira, eta ezin jakin plaza borobilean non den eskuin eta non den ezker. Gauza jakina bestalde, objektiboak ez direla justu objektiboak. Nor da nor Kieveko Maidan plazan? Zerbait esan behar eta frankotiratzaile esatera iristen gara, Yanukovych ikasi dugu eta Tymochenko. Ustelkeria aipatu dezakezu, kokapen geopolitikoa eta, inkluso, oso ausarta izanez gero gasa, eta europeistak eta Errusia.
Baina benetan jakin nahi duguna, estudiatu ez duen herabeak etsamina aurretik izaten duen aurpegi honekin, jakin nahi duguna, benetan barruan dugun galdera, nola disimulatuko gabiltzana da, egin ezin den galdera hori. Aber, zeintzuk dira gaixtoak?
Emaguzu, otoi, helduleku erraz bat Mikel Aramendi, dar-dar egingo ez digun egia bat, ahal bada ertzik gabea. Esaguzu, arren, handiak gaixtoak direla eta txikiak txintxoak edo holako zerbait. Ea, zeintzuk dira zapalduak? Haiekin identifika gaitezen, gu euskaldun gutxiengo zapaldu bezala. Euskaldun gutxiengo zapaldu bezala identifikatzeko joera bitxia baitaukagu beti, eta ez, adibidez, europar aberats zapaltzaile bezala. Nortzuk dira gureak? Nor gara gu Kieveko Maidan plazan? Nor ginen gu Kairoko Tahrir plazan? Mubarak bota zutenean askatasunaren Tahrir plazakoak ginen, gutxiengo zapaldu hura, baina protesta haien barrunbeetan, Tahrir-ko jendetza artean dozenaka emakume bortxatu zituzten askatasun-zaleek. Eta orduan gu, gu txikiago bat, gehiago ginen emakume haiek.
Gauzak errazagoak lirateke, gauzak errazagoak balira. Tahrir plazako gizonak gutxiengo zapalduak dira herri bezala, baina Tahrir plazako gizonak boterez zapaltzaileak dira gizon bezala. Euskaldun gizonak gutxiengo zapaldua dira estatuekiko, baina euskaldun gizonek ere hiltzen dituzte emakumeak. Eta euskaldun emakume zuriek, zapaltzen dituzte beltzak, baina beltzek zapaltzen dute beltzagoa, eta beltzenak homosexuala. Eta homosexualak zapaltzen du pobrea, pobreak etorkina, eta etorkinak zapaltzen du puta, eta putak zaharra, zaharrak elbarria. Dena litzateke errazagoa, dena errazagoa balitz, baina… Gutxiengoa, gehiengo txiki bata da gutxiago denarentzat.

C2
2014-02-26
  • Maialen Lujanbio
16236343
00:04:16
3738