Ezkertien Nazioarteko Eguna

Abuztuaren 13an ospatzen da urtero Ezkertien Nazioarteko Eguna. Munduan ez dira gutxi, baina hala ere, gutxiengo dira ezker eskua edo hanka baliatzen duten pertsonak. Eta gutxiengo gehienek bezala, ez dute bizimodu samurra izan beti.

Ezkerrei buruzko hainbat datu eta bitxikeria eskaintzen ditu Xorroxin Irratiko Itzalean egosi saioko erreportajeak. 

Audioa osorik entzuteko, klik egin hemen.  

 

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Ezkertia/ezkerra. Ezker eskua edo hanka eskuina baino hobeto baliatzen duen pertsona. 

Eskuina/eskuma. Eskuin eskua edo hanka ezkerra baino hobeto baliatzen duen pertsona. 

Eskuin-ezkertia/eskuma-ezkertia. Ezkerreko nahiz eskuineko gorputz-adarrak trebetasun berarekin erabiltzen dituen pertsona. 

Aitzinera segitzen dugu. Aurrera segitzen dugu. Ez nahastu aitzin (aurrera) eta antzina (iragana). 

Munduko % 10a da ezkertia. Euskaraz ehunekoa (%) zenbakiaren aurretik jartzen da, erdaraz ez bezala.    

Emakumeen kasuan, % 9a. Kasu hitza askotan erabiltzen da euskaraz. Emakumeen artean, emakumeei dagokienez…   

Adierazpen artistikoak aztertu ondotik. Adierazpen artistikoak aztertu eta gero, aztertu ondoren. 

Ezkerra izatea begi txarrez ikusten zen. Jendeak ezkerrari ezinikusia izaten zion.  

Eskuinarekin idaztera behartzeko. Eskumarekin idaztera derrigortzeko, eskuinarekin idatzarazteko 

Aunitzetan (askotan) konnotazio negatiboekin aipatzen dugu. Alegia, sarritan lotzen dugula adiera negatiboekin. 

Egunerokoan somatzen dute. Eguneroko bizimoduan nabaritzen edo antzematen dute.   

Erranen dugu. Esango dugu.  

Ezkertiak adimentsuagoak direla. Ezkertiak argiagoak direla, alegia.  

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Ba tira, Itzalean egosi saioan aitzinera segitzen dugu. Gaur abuztuaren 13a dugu. Eta zer egun den gaur? Ba, Ezkertien Nazioarteko Eguna. Erran, ba, gaurko eguna ospatzeko ohitura ba, 1976an, Estatu Batuetan desagerturiko Lefthanders International-ek jarri zuela martxan.  

Aipatzen dutenez, munduko biztanleen % 10a da ezkertia. Azterlanek adierazten dute fenomenoa ohikoagoa dela gizonen artean emakumeen artean baino. Gizonen % 13a omen da ezkertia eta emakumeen kasuan, % 9a.     

Eta zergatik jaiotzen ote da haur bat ezkertia? Ba tira, ikertzaileak oraindik ez dira ados jarri, pertsona bat zergatik jazotzen den ezkertia, baina bueno, azalpen genetikoa eskaintzen dutenak badira, eta hauen iritziz, gene baten gabezian omen da pertsona bat ezkertia jaiotzeko arrazoia. 

Ba tira, ezkertiak garaien sorreratik existitzen omen dira. Zientzialariek eta historialariek, ba, eskuzko jardueren bost milurteko adierazpen artistikoak aztertu ondotik, idazteko tramankuluetatik hasi eta erreminta edo xabalinetaraino, historian ezkertiak betitik egon direla ondorioztatu dute. 

Gero, ba, ikusi beharko litzateke, ba, garai haietan zer-nolako fama zuten ezkertiek. Izan ere, duela guti (gutxi) arte ba ezkerra izatea begi txarrez ikusten zen. Ja XX. mendean bertan haurrei ezkerreko eskua lotzen zitzaien eskuinarekin idaztera behartzeko. Hala ere, hala ere, euskaldunak ez gaude hemen aholkuak ere emateko, izan ere euskaraz bera ere ezkerra aunitzetan (askotan) konnotazio negatiboekin aipatzen dugu. Adibidez, adibidez hor daude pertsona bat ezkerreko begitik sartzea, pertsona bat ezkerreko hankarekin jaikitzea eta gisako esamoldeak.  

Ba, ez gaitzen engaina. Mundua, orokorrean, eskuinak direnentzako egina dago, eta hori, ba, ezkertiek egunerokoan somatzen dute. Adibidez, idazterako orduan. Ezkerreko eskuarekin idazten duten haurrek, adibidez, papera nola jarri edo aixturrekin (aizturrekin/guraizeekin) nola moztu ikasi behar izaten dute, aixturrak ba, berez, eskuinak direnentzako eginak daudelako.  

Kontuak kontu, trabak ez daude idazterakoan bakarrik. Ordenagailuaren teklatuan, adibidez, ba botoi numerikoak eskuinean egoteak ere traba dira ezkertientzat; lata-irekitzaileekin ere berdin; gitarrak ere, ba, eskuinentzat eginak daude; ordenagailurako saguak, kortxoak kentzeko gailuak, tira, dena eskuindarrentzat edo eskuinekoentzat eginak daude. 

Orain, zorionez, aipatu ditugun gailu guzti horiek (horiek guztiak), ba, ezkertiek erabiltzeko modura ere moldatu dira.  

Tira, uste orokorrera mugatzen baldin bagara, ba, ezkerra izateak hainbat abantaila omen dituela erranen dugu. Adibidez, ezkertiak sortzaileagoak omen dira. Hori hala omen da eta zientziak dagoeneko frogatua omen du hori. Bueno, kontua da ezkertiek eskuineko hemisferiorako duten joeraren ondorio omen da hori, izan ere, hor kokatzen da adimena, trebetasuna eta sormena. Horren harira, ba, sortzaile ezagun zenbait ezkertiak dira edo ziren: Frederich Nietzsche, Leonardo da Vinci, edo Migel Angel edo Picasso bera. 

Bertzetik (bestetik), ezkertiak adimentsuagoak direla ere frogatu omen da. Oroimen gehiago izatearekin batera, zientziak erakutsi du zergatik diren ezkertiak adimentsuagoak. Badirudi ezkertiek pentsamendu trebeagoa dutela, funtzio intelektual garatuagoak emaitza gisa ematen dituen ezaugarrian. Hori, ba, garuneko bi hemisferioen arteko lotura hobearen ondorio omen da. Eta bueno, adimentsuen artean ere badaude edo bazeuden ezkertiak: Albert Einstein, Marie Curie, Franz Kafka, eta bueno, bertan daude Bill Gates, Neil Armstrong… 

Ba tira, gaur abuztuaren 13a, nazioarteko eguna duzue ezkertiek. Ba tira, hala baldin bazara, zorionak!      

B2
2021-08-13
28618697
04:52
2697