Festarako grina galtzen ari ote gara?

Inauteriak direla-eta, Iparraldean ibili da Maialen Lujanbio, eta han festa horiek nola bizi dituzten ikusita, Hegoaldean jai horien eta besteen zentzua galtzen ari ote garen susmoa adierazten du irratsaio honetan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Pasa berri den azken asteburu honetan bazen festa bazterretan. Libertimendua Garazin, maskarada Altzürükün, inauteria Tolosa eta abarretan. Gu Maulera joanak ginen, Iparraldeari buruz kantatzera. Eta han, Hegoaldeari buruz entzun genion xiberotar bati. Harrituta zegoela kontatzen zuen Hegoaldeko inauteri festa zenbait ikusita, eskola-umeak derrigorrez denak berdin-berdin jantzita, kalean gora taldeka desfilatzen. Eta umeen aurretik, musika. Baina musika jotzen inor ez: umeak auto baten megafoniari segika. Eta umeen gurasoak kale-bazterretan, mozorrotu gabe eta euren haurrei argazkiak egiten. Hola ikusten zuela oro har Hegoaldeko inauteria.    
 

“Eta hola nola egiten da transmisioa -esaten zuen-  gurasoak ez badira mozorrotzen? Inork ez badu musikarik jotzen?”. Nola egiten den transmisioa haur horiek denak bidaltzen badituzte musika-eskolara, edo bertso-eskolara edo euskal dantzak ikastera, baina haur horiek ez badituzte sekula ikusten helduak kantatzen, ez dantzatzen, ez mozorrotzen? “Biba zu!” titika? Festak programan, inauteriak desfilean, eta jolastu jolas-parkean… Hola gabiltza gozamen teledirigituan. Giroa zenbat eta apalago orduan eta musika ozenago, umorea zenbat eta gutxiago orduan eta droga gehiago, beren izaera likido,  harri edo hautsezkoan.
 

Baina musikarik ozenenak edo drogarik drogenak ere, ezin dituzte berez barru-motelak piztu, gozo su hartzekotan aurreneko su lainezak behintzat norberak jarri behar ditu. Eta garai zailak izaki festarako. Baina festa, hori ere bada, garai zailetarako zaurien ukendua, aldi batez tristura uztea, eta araua haustea.  Nafarroako inauterietan, edo maskaradan, igartzen da oraindik festa-sen basa antzinako eta araudi gabekoa, eta araurik-ez hori deseroso ere egiten da: koderik ezak beldurra sentiarazten du, eta aldi berean, badu zerbait erakargarria. Ze bestela, gehienik, gaur egun araua hausten da modu arautuan. Denak berdin-berdin desberdintzen gara. Desberdina interesgarria baita. Baina desberdinegia, jada, arriskutsuegia. Gaur egun festa deitzen duguna helduontzako jolas-parkea da: mugatua eta arautua. Eskerrak, gutxien uste den tokian, izaten den ezer ez eta festa. Ze egutegiak markatuta dakarrena sarriago izaten da festa eta ezer ez.    

C2
2014-03-10
  • Maialen Lujanbio
16236366
00:03:33
6137