Juan Luis Goenagaren atzera begirakoa Gasteizko Vital Fundazioan

Donostiako artistak, Alkizako bere aterpetik (Gipuzkoa), identitate-ikur bilakatu ditu gai etnografikoak, euskal mitologiakoak eta paisaiak.

 

"Margotzen hasi aurretik ez dakizu zer pintatuko duzun;
margoak berak irekitzen dizu bidea.
Margolanaren sorburua mantxa da"

Juan Luis Goenaga

 

 

Juan Luis Goenaga 1950. urtean jaio zen Donostian. Lehen ikasketak Julian Ugartekin egin zituen. Ondoren Jesus Gallego margolaria izan zuen maisu Donostiako Elkarte Artistikoan. Jarraian, Parisen eskulturaren teknikak eta Bartzelonan grabatuarenak landu zituen. 1970. urtean Alkizara joan zen bizitzera eta hango baserri-giroan hasi zen garatzen bere sormen artistikoa. Hernio, Iturriotz eta Andazarrateko inguruneak eragin handia izan zuen Goenagaren ibilbide estetikoan.


Alkizako ingurune hartan Juan Luisek izadiarekin komunikatzen ikasi zuen, eta bere obra geroz eta kontzeptualagoa bilakatu zen. Naturak eta ingurune fisiko hark kanpoko ikasketek baino garrantzi handiagoa izan zuten bere margogintzan. Orduan hasi zen mundu organikoa eta mitologikoa oihalean gauzatzen. Horretarako ondo etorri zitzaion gaztetatik argazkintzarako zuen zaletasuna. Paraje haietan ehunka argazki atera zituen: zuhaitzak, belardiak, laharrak, sastrakak, goroldioak, likenak... Irudi horiek gero bere margolan askoren oinarri izan ziren. Hirurogeiko hamarkadan landutako margolanen kolore nagusia beltza da. Naturako hainbat elementu erabili zituen "eskulturak" egiteko, eta obra horietako batzuek Saturno eta Capricornioren erreferentziak dituzte.


Juan Luisek gai ezberdinak jorratu ditu bizitzan zehar: itsasertzeko, hirietako eta mendi inguruetako ikusmirak, gai arkeologikoak eta etnografikoak. Land art estiloko margoek zuhaitz adarren, belarren, sustraien, zainen eta laharren irudiak dituzte. Artelan asko eta asko arte materikoan oinarritutakoak dira. Olio-pintura horiek geruza bat baino gehiago dute gainean. Koadro horietako batzuk aski lodiak izan arren, gogoeta sakonen emaitzak dira. Juan Luisek dio bere artegintza mentala eta fisikoa dela.

"Kotxezitoa Paseo Berrian" (1984) eta "Astronauta" (1979)

Juan Luisek 1971. urtean egin zuen taldeko lehen erakusketa eta bost urte geroago bakarkakoak San Telmo museoan eta Azpeitiko Antxieta etxean. Ondorengo urteetan Bilboko Winsor galerian, Kursaaleko aretoan, Madrilen, Parisen, New Yorken... erakutsi ditu bere lanak. Laurogeiko hamarkadan, adibidez, Bilboko Arte Ederren Museoan giza irudietan oinarritutako margolan ezberdinak aurkeztu zituen, batez ere, irudi biluziak. Azken bi hamarkadetan lan figuratiboak eta abstraktuak landu ditu. Bere paletan garai batean baino kolore alaiagoak eta distiratsuagoak nabari dira. Badirudi barne begiekin eta, era berean, kanpokoekin errealitatea aztertzen duela.


Juanma Arriagak komisariatzen duen erakusketa hau 44 artelanez osatua dago, eta abenduaren 3ra arte egongo da Gasteizen ikusgai.

 


B2
2017-11-13
  • Dorronsoro , Juanjo
16176679
3467