Alejandro Garmendiaren erakusketa Kubo Kutxa aretoan

Iaz hil zen artista donostiar honen lehen atzera begirakoa da, eta ehun bat obraz osatuta dago.

 

 

 

“Alejandro Garmendiak existitzen ez
 dena dokumentatzen duen argazkigintza
 baten ikuspuntutik egiten du lan”


F. Javier San Martin

 

 

Alejandro Garmendia 1960. urtean jaio eta 2017an hil zen, 57 urterekin. Hasieratik bere joera oso polidisziplinarra izan zen, eta artegintza ezberdinak landu zituen: komikia, musika, arte grafikoa, narrazioa, ikus-entzunezkoak, paisaia misteriotsuak eta, batez ere, collage eta pintura. 80. Urtean, Arte Ederren eskolan ikasketak bukatu ondoren, berehala heldu zion sormen lanari. Bere ibilbide artistikoa nahiko motza izan zen. Laurogeigarren hamarkadaz geroztik Parisen, Hendaian, Madrilen, New Yorken... bizi izan zuen bere abentura artistikoa. Europako eta Estatu Batuetako hainbat hiritan egin zituen erakusketak. Fernando Colvano erakusketaren komisarioaren iritzian, Alejandro Garmendia talentuzko sortzailea izan zen.

Aztarnak badian, 1985

Lan-metodoa une bakoitzeko ekintzetara egokitu zuen, aurrez erabakitako proposamen edo proiektuei lehentasuna eman gabe. Alejandrok aukeran nahiago zuen bat-bateko intuizioan eta ustekabean sortutako irudiak gauzatzea oihalean. "Produkzioa, erreprodukzioa eta, berriz ere, produkzioa" izan zen bere artegintzaren oinarria. Barrutik ateratako lanek distira gehiago zuten berarentzat, batez ere, objektu ezezagunak baldin baziren. Adibidez, jauregien barruko egongelen argazkiek ukitu surrealista edo irreala dute. Mobiliarioak zer esanik ez, badirudi lainopean galdutako mamuak direla. Bere paisaiak oso bereziak dira, asko eta asko collagean oinarritutakoak. Hori bai, Fernando Golvanok dioen bezala, paisaia malenkoniatsuak eta enigmatikoak dira.

Alejandro Garmendia errealitatearekiko lotura logiko guztiak zapuzten ahalegindu zen, existitzen ez zen errealitate batean murgiltzeko. Argazkiak eta margolanak teknikoki bikainak dira. Elementu fotografikoak, elektronikoak, musikalak, plastikoak eta arkitektonikoak testuingurutik ateratzen ditu, errealitate harrigarri bat sortu nahi duelako. Irudi hauek kutsu kezkagarria dute, eta armoniarik eta zentzurik gabeko mundu bat proiektatzen dute. Fotomuntaketa hauek irudimen eta esperimentazio sakon baten emaitza dira. Gogoko zuen irudiak nahaspilatzea, begien aurrean zuen jokalekua interesgarriagoa bihurtzeko. Trebetasun handia zuen eraikinak, ikusmirak, ametsak, etxe-zokoak eta kale ilunak antzeztoki berean kokatzeko.

Moebiusen banda, 2007-2009

Kursaaleko atzera begirako erakusketa hau ehun bat artelanek osatzen dute, eta maiatzaren 27ra arte egongo da ikusgai kubo-kutxa aretoan.

 

Juanjo Dorronsoro

 

 

 

 


B2
2018-04-17
  • Dorronsoro , Juanjo
16142983
2220