Santos Iñurrieta: "Ondo Ibili"

"Koadro batetik ipuin bat atera daiteke, eta ikusleak erabakitzen du nondik hasi"

 

 

 

“Arte ludikoa ikusi nahi duenarentzat,
artegintza hau, pintura hedonistaren
benetako beta bat da"

Daniel Castillejo

 

 

Santos Iñurrieta 1950. urtean jaio zen Gasteizen. Hiriko Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen marrazki-ikasketak. Carmelo Ortiz de Elgeak, Jaun Miegek, Javier Serranok... eragin handia izan zuten bere ibilbide artistikoan. Iñurrieta hirurogeiko hamarkadan Arabako Orain taldearen sortzaileetariko bat izan zen. 1972an Euskal Pintura Lehiaketako lehen saria irabazi zuen. 1978. urtean Faustino Orbegozo Fundazioak bi urteko beka eman zion. 1982an Eusko Jaurlaritzak eratutako Gure Artea Lehiaketan lehen saria lortu zuen.

Santos Iñurrietak 60 margolan eta 16 marrazki jarri ditu ikusgai Artium museoan, Ondo Ibili deituriko erakusketan. Margolan gehienak Mallorcako estudioan gauzatutakoak dira. Formatu handiko lanak. Batzuk akrilikoz margotutakoak eta beste batzuk gouachez. Lan horiek ez dute hirurogeita hamarrean egindakoen antz handirik. Mallorcako argitasunari esker, bere artelanek kolore alaia dute. Marrazki sinpleak, umorezkoak, naif tankerakoak eta ironikoak dira, eguneroko bizimodua islatzen dutenak.

Araban, hirurogeita hamarreko hamarkadan, balore estetikoen eta artegintzaren berrazterketa bat egin zuten. Euskal estiloa deituriko joera alde batera utziz, figurazio berria, abstrakzioa eta informalismoa nagusitu ziren eta Santos Iñurrietak ere iturri horretatik edan zuen. Urte haietako zenbait margolan plano geometrikoetan oinarrituak daude. Horren adibidetako bat Santos Iñurrietaren Pintura deituriko koadroa da. Akriliko horretan alderdi kromatikoek eta konstruktiboek garrantzi handia dute.

Santos Iñurrietak Gasteizen bertan egin zituen lehen erakusketak, asko eta asko Udal Aurrezki Kutxaren kultur aretoetan. Hirurogeita hamarreko hamarkadan bakarkako eta taldeko erakusketak Arabatik kanpo egiten hasi zen: Bilboko Mikeldi galerian, Iruñeako Udal Aurrezki Kutxan, Madrileko Velazquez Jauregian, Faustino Orbegozo Fundazioak antolatutako aretoetan... Erakusketa horietan Jose Luis Alvarez, Juan Mieg eta Carmelo Ortiz de Elgueak parte hartu zuten.

Gasteizko Artium museoko erakusketa 2018ko urtarrilaren 15era arte egongo da.

Juanjo Dorronsoro


B2
2017-10-30
  • Dorronsoro , Juanjo
16176394
4039