Rafael Ruiz Balerdi, Kubo Kutxan

Marrazkilari handia eta berebiziko kolorista. Bidean hainbat aukera estetiko landu bazituen ere, azkenean abstraktuan finkatu zen.

 

"Zerbait egiteko kezka handiegirik ez duzunean
 egin ohi dira sarritan gauzak.
Orduan ekintza joko gisa hartzen da
"


R. Balerdi

 

 

 Rafael Ruiz Balerdi Donostian jaio zen, 1934. urtean, eta 1992an hil zen, Altean (Alacant). Donostiako Arte eta Ofizioen Eskolan egin zituen lehen ikasketak, Cabreros Uranga margolariarekin. 1955. urtean, Madrileko "Escuela de Bellas Artes de San Fernando" ikastetxean sartu ahal izan zen, beka bati esker. Arte Ederretako eskoletan ikasi arren, Balerdi beti autodidakta sentitu zen

Bere artegintzaren lehen sariak 1957an eta 1958an jaso zituen Donostian. Sari horiei esker, 1960an Parisa bidaiatu zuen bertako giro artistikoa ezagutzera. Chilida, Zumeta eta Sistiagarekin batera egonaldi luzea egin zuen Parisen. Han ikusi eta ikasitakoa oso baliagarria gertatu zitzaion. Parisen hasi zen benetan lantzen informalismo gestuala.

1966-74, Gran jardín.

1961. urtean lehen banakako erakusketa egin zuen Madrilen. Juan Hugarte enpresari nafarrak, Balerdiren etorkizun artistikoa ikusirik, bere mezenasgoaren babesa eman zion. 1966. urtean, Chillida, Zumeta, Sistiaga, Amable Arias, Balerdik... "Gaur Taldea" osatu zuten, Barandiaran galeria topaleku hartuta. Giro horretan sortu zen Euskal Herriko abangoardia artistikoa, abstrakzioari, informalismoari, kubismoari, konstruktibismoari, espresionismo abstraktuari eta lengoaia berriei garrantzia emanez.

1960, Arena III.

Ibilaldi horien ondoren Balerdik pintura koloretsuak eta forma geometrikoaren barnean egituratutako irudi organikoak landu zituen. Bere konposizioak gero eta gestualagoak eta informalagoak bilakatu ziren. Adierazpen artistiko hori, oso kromatikoa izateaz gain, lirikoa ere bazen. Garai horretako lanak dira "Kolorearen Haitzuloa", "Venezia" eta "Lorategi handia", besteak bete. Gero, Balerdik oleozko margolanak alde batera utzi eta enbalatzeko paperetan klarionez eta argizariz margotzen hasi zen. Jarduera hori oso espresiboa zen, eta zenbait lan eskoletako umeekin batera egin zituen. Lan horiek keinu indartsuz gauzatutakoak dira. 1985. urtean, oleoz margotzeari ekin zion berriro.

Balerdik bizitza osoan izan zuen izadiarekin lotura. Bere helburu izan zen munduaren barneko ordena oihalean gauzatzea. Behar-beharrezkoa zuen artegintzaren berotasuna sentitzea. Berak zioen, "barnean, esteetan korapilaturik duzun horrek garrasi egitera, margotzera, ezkutatuta dugun kemena kanporatzera bultzatzen gaitu".

Balerdiren erakusketa hau irailaren 24ra arte egongo da ikusgai Kubo-Kutxa aretoan.

 

 


B2
2017-06-20
  • Dorronsoro , Juanjo
16174482
133