Alberto Schommer

Schommerrek bere garaiko argazkigintzaren oinarriak "azpikoz gora jarri zituen", argiak aldatuz:argi bakarra erabiliz eta itzalak kartoi mehe zuriz argituz.

 

 

 

“Giza aurpegiak bakarrak eta
bereziak dira Alberto Schommerrentzat."


Manuel Vicent

 

 

 

 

 "Alberto Schommer modernitaterantz" da erakusketaren izenburua, 87 argazki guztira bere ibilbide estetikoaren adierazpide. Erakusketa hiru ataletan dago banatuta. Lehen Aroan (1950-1960) argazkiak eta pinturak batera aztertu zituen. Bigarrenean, hiriko ingurunearen eta ikusmiren fotografiak landu zituen. Eta hirugarrena esperimentazioaren garaia izan zen: kaskografiak, abstrakzioa... Tabakaleran erakusten diren argazki asko Schommerrek Bilboko Arte Ederren museoari oparitutakoak dira.

Alberto Schommer Gasteizen jaio zen 1928. urtean eta Donostian hil zen 2015ean. Bere aita alemaniarra zen, eta berak erakutsi zion semeari argazkigintzaren bidea. Albertok Kolonian eta Hamburgon egin zituen lehen ikasketak. Parisen Cristobal Balentziaga jostunak ireki zizkion ateak moda eta diseinuaren munduan. Alberto Schommer 1966.urtean Madrilera joan zen bizitzera. ABC eta El País aldizkarientzat lan egin zuen eta Juan Carlos erregearen argazkilari ofiziala izan zen. Madrilen idazleak, artistak, abeslariak... erretratatzeko aukera izan zuen. XX. mendearen bukaeran egindako Paisaia beltzek, Kaskografiek eta Erretratu psikologikoek aipamen berezia merezi dute: Jose Hierroren aurpegia tximeletekin, Andy Warhol Estatu Batuetako banderan bilduta eta Eduardo Chillida, Rafael Alberti, Dali eta kultura-arloko beste zenbait pertsonaren erretratuek balio historiko handia dute. Erretratu horiek mozorrotutako irudien konnotazio sakona dute. Alberto Schommerrek gogoko zuen gizakiaren aurpegi lurtarra mendi edo bailaretako itzalekin gauzatzea.

Andy Warhol eta Jose Hierro

 

Schomerrek argazkigintzaren teknika guztiak errespetatu zituen, baina berarentzak zuri-beltzez egindako irudiak ziren interesgarrienak. Oso berandu hasi zen kolorezko argazkiak lantzen. Bizitzaren aurpegi ezberdinak apaltasun osoarekin behatu ohi zituen, eta horretarako ez zuen koloreen behar handirik sentitu.

Bere ibilbide estetikoa aipagarria izan da, eta horren adibideak dira jasotako sariak: 2008an Espainiako Arte Ederren Urrezko Domina, 2013an Estatuko Argazkigintzako Sari Nazionala, 1996an San Fernando Arte Ederren Akademiako kide izendatu zuten. Munduan zehar ehunka erakusketa egin zituen eta 70 liburu baino gehiago argitaratu: adibidez, "Urdina","Berdea" eta "Itsasoa" Kutxarentzat. Munduko hiri askotako irudiak jaso zituen: New York, Venezia, Paris, Berlin, Erroma, Gasteiz, Donostia...

Alberto Schommerren erakusketa hau martxoaren 19ra arte egongo da ikusgai Tabakaleran.

Juanjo Dorronsoro

 


B2
2017-02-14
  • Juanjo Dorronsoro
16171142
3589