Gonzalo Chillidaren atzera begirakoa Kubo-kutxa aretoan

Gonzalo Chillidaren ibilbidea berrikusteko lehenengo atzera begirako handia ikusteko aukera Donostian.

 

 

 

“Gonzalo Chillidaren paisaiek duten
edertasuna izadiaren elkar ulertze
sakonetik sortua da, bere izatea
irudikatzen baitu”


Fr.Calvo Serraller

 

 

 

 

 

 Gonzalo Chillida Donostian jaio zen 1926. urtean eta 2008an hil zen 82 urte zituela. 1947tik 1951ra Madrileko San Fernando eskolan egin zituen arte ikasketak eta Parisa joan zen osatzera. 20. mendearen azken lau hamarkadetan Gaztelako eta Euskal Herriko herriak eta paisaiak erretratatzen jardun zuen. 1955. urtean Donostian egin zuen lehen erakusketa. Irudi horiek baliagarriak izan ziren bere margolanetarako. 2001. urtean Espainiako Arte Ederren Urrezko Domina jaso zuen, eta bost urte geroago El Prado Museoak bere obraren azalpen monografikoa eskaini zuen. Bere azken 50 urteetan gauzatutako obra ikus dezakegu Kubo aretoan. 130 artelan guztira. 1950. urtez geroztik egindako marrazkiak, grabatuak, argazkiak eta olio lanak...

Gonzaloren margolanak figurazioaren eta abstrakzioaren artean kokatzen dira. Lehen urteetan bodegoiak, Gaztelako herrixkak eta baserri-giroko ikusmirak margotu zituen: Sepulveda, Avila ... Ondoren fenomeno fisikoen mugak aztertzen ahalegindu zen, eta hondartza eta itsasoa izan ziren bere inspirazio-iturri: itsasoko urak hondarretan eragiten dituen formak, itsasoko eguratsa, lausoturiko ikusmirak, egunsentiko gandua airearekin borrokan, olatuak itsasoratzean ebakitzen dituzten erretenak, zeruko argitasunak itsasbazterreko uretan islatzen dituen distirak...

Basoa, 1989

Fr. Calvo Serraller-ek dio Gonzalo Chillidaren pintura, Friedrich eta Morandirena bezala metafisikoa dela eta presokratikoen munduarekin zerikusia duela. Gonzalo, bere etxetik egunero behatu eta hausnartu zuen naturaren muina, oihalean jasotzen ahalegindu zen. Tomas Paredesek idazten du: "Zer da hau dena, eguzkia ur-jauzien tristuratik iheska?”

Erakusketa hau Gonzalori inoiz eskaini zaion atzera begirakorik interesgarriena da. Lehen atzera begirakoa, 2013. urtean, Koldo Mitxelena Kulturuneak eskaini zion. Hura bere seme-alabek komisariatu zuten. Kubo-Kutxako erakusketaren komisarioak Alicia Chillida eta Mikel Lertxundik dira.


Gonzalo Chillidaren erakusketa hau uztailaren 3ra arte egongo da ikusgai Donostiako Kubo-Kutxa aretoan.
 

Juanjo Dorronsoro


B1
2016-05-30
  • Juanjo Dorronsoro
16242257
3901