Paradisua
(2023ko Itzulpengintza Euskadi saria). Osaba Azizekin bidaian joan behar duela esan diote Yusufi gurasoek, baina berak ez daki arabiar hori ez dela bere osaba, baizik eta merkatari aberats bat, eta harekin daukan zorra kitatzeko saldu duela aitak. Hor hasten da eleberria, eta hor hasten da Yusufen bidaia miragarria, Afrikako hainbat bazter ezagutzera eramango duena, XX. mendearen hasiera horretan europarrek menpean harturiko lurraldeak zein zurien berri ez daukaten baso eta oihanak. Txango fisikoarekin batera, haurtzarotik helduarora eramango duen ibilbidea ere egingo du Yusufek.
EGILEA: Abdulrazak Gurnah
ITZULTZAILEAK: Maialen Berasategi Catalán / Joxe Mari Berasategi Zurutuza
ARGITALETXEA: elkar
ARGITALPEN URTEA: 2022
Liburu honek 2021 urtean Literaturako Nobel Saria jaso zuen.
Berrian bi itzultzaileei liburu honi buruz egindako artikulua irakurtzeko hemen klikatu.
Hona pasarte bat (9. or)
LORATEGI HESITUA
Lehenbizi, mutikoa. Yusuf zuen izena, eta bat-batean, etxetik alde egin zuen egun batean, hamabi urte zituela. Gogoan zuen lehorte-sasoia zela eta, beraz, egun oro aurrekoaren berdin-berdina. Liliak, ezustean sorturik, loratu eta galdu egiten ziren; harrien azpitik, berriz, zomorro arraroak irteten ziren, eta hil arte iraulkatzen argi-galda kiskalgarrian. Eguzkiak airean dar-dar jartzen zituen zuhaitz urrunak, eta ikaraz eta arnasestuka etxeak. Hauts-hodeiak harrotzen ziren pauso astun bakoitzeko, eta sosegu zorrotz batek hartzen zuen egun-argia. Halako une jakin batzuk zetozkion gogora sasoi hartatik.
Orduan ikusi zituen bizitzan lehenengo aldiz bi europar; tren-geltokiko nasan. ez zen beldurtu, hasieran behintzat. Maiz joaten zen geltokira trenak nola sartzen ziren ikustera, zaratatsu eta dotore; gero, zain geratzen zen berriro abiatzen ziren arte, astun, orratzain indiar kopetilunak bandera-txilibituz agindutakoan.