Gezurra berdaderoa
Bertol Arrieta idazle zarauztarraren lehen eleberria da “Gezurra berdaderoa”. Umorea eta erotismoa nabarmentzen dira estilo fresko eta arinean idatzitako istorio honetan.
Egilea: Bertol Arrieta
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen-urtea: 2021
Koldo da protagonista nagusia, 44 urte ditu eta nobela bat idazteko eszedentzia eskatu du. Ester bere betiko neska-lagunak utzi egin duenez, pisu konpartitu batera joango da bizitzera Koldo eta diru-premiak eraginda, lan bila hasiko da.
Pizzak banatzen lortuko du lana, baina motorrik ezean, bizikleta baliatuko du. Donostian barrena egingo dituen ibilaldiak deskribatuko ditu Koldok, ironiaz, baina baikortasunez betetako kontaketan.
Esterrekin batera, beste bi emakume izango dira nagusi Koldoren bizimoduan: Nagore, bere pisukide gazte ederra eta Frida, artista bizizale eta misteriotsua.
Segidan duzu ETB 1eko Ahoz aho saioan Bertol Arrietarekin egindako elkarrizketa ikusgai.
Hona hemen pasarte bat:
Kristoren agujetak izan nituen lehenengo astean.
Txikia dela Donostia, ez dagoela aldaparik… Zakurraren putza! Ibil hadi pizzak banatzen bizikletan eta ikusiko duk! Seminarioko aldapa, Miramongoa, Egiakoa, Altzakoa, Aietekoa! Igeldo!! Claudio Chiapuccik baino sendoagoak hanka-zuztarrak, lehen soldata eskuratzerako. Soldata edo. Soldata erdia. Sold. Horixe. Dena esana dago.
10.or.