Dokuteka
Gure musika-fauna
Zein iritzi ote du euskal musikari batek hemengo musika-giroaz? Eraginik ote du musikari hori lapurtarra izateak? Berdinak ote dira Hegoaldeko eta Iparraldeko musika-faunak?
Berria egunkariko bideo-erreportaje batean, hiru euskal musikarik (Amets Arangurenek, Odei Barrosok eta Miren Narbaizak) euskal musika-faunari buruz hitz egin dute. Barrosoren pasarte batzuk ikusiko ditugu.
Erreportaje osoa ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Erranen nuke. Esango nuke. |
Bueno, nik uste dut gure musika-fauna aski anitza (askotarikoa) dela. Anitza, erranen nuke, aberatsa; eta aberatsa eta aberasgarria bertan dabilenarentzat.
Beste talde bat, nire ustez da, ba, bazterrena edo ertzena. Ez dakit geografikoa den bakarrik arrazoia, psikologikoa den, gauza batzuk sartu dizkiguten buruan ala ez, baina argiki ikusten dut mozketa bat edo urruntasun bat ertzetan egiten denarekin, eta pixka bat euskal mainstream eta euskal oihartzun gehien duen musikaren ondoan Euskal Herrian, ez?
Eta, gainera, azpimarratuko nuke maiz ertz horietako bat Ipar Euskal Herria bere osotasunean dela. Nola izan daiteke hain osoa den eremu bat ertz bat, ez? Ertz batzuen aberastasun musikala ez dela kontutan (kontuan) hartzen, eta “erdiguneko” berrikuntza ainitz ertzetan aspaldi egin zirela eta kasurik ez zitzaiela egin.
Talde handiak handiagoak dira, eta talde ttikiak ttikiagoak dira, nolabait ere. Eta ez dut maite, gainera, erratea “talde handi” eta “talde ttiki”, zeren niretzat talde ttiki gehienak handiak dira.
Beraz, bai: arrakala geroz eta handiagoa dela iruditzen zait, oholtzan ere (bai), baldintzetan ere (bai), jotzeko baldintzetan... Ba, nola oholtza berean proposa daitekeen talde batentzako 15.000 € eta lehenengoarentzako 300 €. Hori niri beti egin zait biziki zaila ulertzen, eta zailago onartzen; onartzen… uste dut ez dudala inoiz onartuko, nahiz eta gu ere parametro horietan mugitu behar giren (garen); baina arrakala horiek, e... horiek ere ez dira osasungarriak. Deserosoak dira, baina ez osasungarriak, kasu honetan, ze diferentziak sortzen ditu, hierarkiak sortzen ditu. Eta hori uste dut nik industriak alimentatzen (elikatzen) duen zerbait dela etengabe.
Talde, ez musika-talde justuki, multzo batzuk ba biziki barneratua dutenak makro-festibaletan jotzea, management-etxeekin lan egitea eta abar. Badira beste talde batzuk aktiboki uko eginen diotenak (dietenak) makro-festibalei, uko egin diotenak management-industria guzi horri (horri guziari). Beraz, bueno, uste dut talde ainitz daudela, eta, alde horretatik ere, hasieran erran dudan bezala, aberatsa dela eta ona dela aberatsa izatea, ona dela denetarik ukaitea. Uste dut nonbait ados gauden hori behar dugula, eta ados ez gaudena ere, pixka bat, ba, ikusteko zerekin ez garen ados eta guk ere zertan eman behar dugun indarra, ez?
