Biak ala biak

Euskaldunok artista itzelak bide gara gure teilatura harriak bota eta liskarrik behar ez den gaietan milaka su pizteko. Horixe uste du Eli Larrinagak behintzat. Izan ere, duela gutxi, batzuek komunikabideak erabili diztuzte zertarako eta (auzo) euskalkien aurka aritzeko.

Eli Larrinagak askorentzat hain atzerakoia den gai honi heldu dio, ohi duen moduan, mendebaldeko euskalkian. Larrinagak argi du jarrera horiek norberaren aurreiritzien eta jarreren morroi direla. Beraz, autokritika gehiago eta auzokritika gutxiago eskatu du.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

MAITE ARTOLA.- Eli Larrinaga, egun on.
ELI LARRINAGA.- Halan (hala) ekarri, Maite.
MAITE ARTOLA.- Biak ala biak, ez?
ELI LARRINAGA.- Bai.
MAITE ARTOLA.- Aurrera.
ELI LARRINAGA.- “Entzuten dinat” esan eustan (zidan) urtean birritan ikusten dudan andoaindar bibotedunak. Errioxan biok oporretan; bera eguneko bazkaria prestatzeko generoa erosten, eta ni fruta bila. Kostata konturatu nintzan “entzuten dinat” horregaz martitzenetako (horrekin astearteetako) tartetxo honi buruz ebilela (zebilela, ari zela). Eta orduan nik, entzun bai, baina aitu (ulertu)? Erantzunaren aurretik, bibotearen mugimendua heldu jatan (zitzaidan), harexek iragarri eustan (zidan) hemen darabildazan (darabiltzadan) berba ugari berak ez dituela etxeko. Halandabe (Hala ere), gaineratu eban (zuen): “Baina, lasai; zer esan gura dozun (duzun) ederto ulertzen dot-eta (dut-eta)”.  Eskerrak. Andoaindarra bata; Arratiarra bestea; gipuzkoarra eta bizkaitarra; euskaradunak biak; baina batek berakatzak erosten ditu; eta besteak, baratxuriak. Leku berean izan daikie (dezakete) mina, baina batek lepokoa dela esango leuke (luke); eta besteak, bizkarrekoa. Gipuzkoarrarentzat lepoa dena, bizkaitarrarentzat sama delako. Eta holan (hola) gura beste adibide josi daikeguz (ditzakegu) alkarren (elkarren) atzean. Aditzen landan sartuz gero, barriz (berriz), eskaintza zabala: eben eta zuten, zion eta eutson, jakuz eta zaizkigu; forma aldetik, oso-oso ezbardinak (ezberdinak), baina danek (denek) balio dabe (dute) euskeraz (euskaraz) berba egiteko, komunikatzeko; etxeko teilatupean, auzokoarenean, kuadrillan, eskoletako karraju (korridore) eta zabuetan zein plaza publikoan. Hizkuntza bat beste ezer baino gehiago alkarregaz (elkarrekin) ulertzeko moduan aritzeko tresna izan behar da, eta ezinezkoa ei da elkar ulertzea erabilitako berbak ezagutzen ez badira. Horixe izan da batzuek erabili daben (duten) argudioa euskalkien kontra egiteko. Horreentzat (horientzat) euskalkiak euskararen etorkizuna bizibarritzea (biziberritzea) normalizazioa oztopatzen daben (duten) txokokeria, bitxikeria, folklorea omen dira, interes bako (gabeko) kontua. Horreentzat (horientzat) euskarak ez ei dauka gerorik euskalkien eskutik; ondorioz, desagertu egin beharko lirateke, eta lekuren bat izatekotan, norberaren esparru pribatuan, lau hormen artean geratu beharko lirateke; plaza publikoan ez litzateke euskalkientzako zentimetrorik, ezta segundo bakar bat itxi (utzi) beharko. Euskalkiak, beraz, txoko ilunean zigortuta. Zer esatea gura dozue (duzue)? Halangoak (Halakoak) irakurtzeak eta entzuteak min emoten dau (ematen du). Planteamendu horreri (horri) zorrotz jarraituz gero, gainera, agerikoa da eremu publikoan parte hartzeko aukera, ahotsa kenduko litzakiela (litzaiekeela) milaka laguni. Adibide bat ipinita, Euskadi Irratia; eremu publikoan lan egiten dauan (duen) hedabidea dogu (dugu), bertan esatariek, profesionalek euskara batua darabile (darabilte), eta oso ondo iruditzen jata (zait), baina horreen (horien) ahotsez gain, Euskadi Irratia egunero-egunero dozenaka euskaldunek egiten dabe (dute) albistegietan kontatzen diren gertaeren lekuko edo informazio-iturri moduan; entretenimendu-saioetako alkarrizketatuak (elkarrizketatuak); kirolariak; genero gozoz betetako saskia, sarrerak edo kamisetaren bat eskuratzeko esperantzagaz (esperantzarekin) deitzen dabenak (dutenak); goizean goizeko eguraldiaren barri-emoile (berri-emaile) zintzoak; etxe osteko sagarrondoari edo leihoetan jarritako loreei hostoetan agertu jakiezan (zaizkion) mantxa zurixkak zelan osatu jakin gura dabenak (dutenak); eta abar, eta abar. Danak euskeraz (Denak euskaraz), gehientsuenak euren berbaikeran (berbetan, hizkeran) dotore, ganoraz. Zer izango litzateke Euskadi Irratia horreei (horiei) guztiei euskalkiak fuera, eta euskara bakarrean egiteko eskatuko balitzakie (balitzaie). Ez litzateke izango. Pentsatzen hasita nago euskaldunok artista itzelak garela gure teilatura harriak botatzen. Liskarrik behar ez den gaietan milaka su pizteko zereginean elegante gabizelako (gabiltzalako). Euskarak ez dau (du) liskarrik behar, erabilera behar dau (du), eta aurrera egiteko bidea, errezeta ez da bata ala bestea, biak ala biak baino. Elkar ulertzea erabilitako berbak ezagutzearen menpeko baino, norberaren aurreiritzien eta jarreren morroi delako. Nik aspalditxo, umetan konprobatu neban (nuen) Beti Bizkor dantza taldeagaz (taldearekin) joan ginen nora eta Ondarroara Cristina Urik  aitzeko (ulertzeko) ez moduko euskerea (euskara) egiten ei eben (zuten) herrira. Ikuskizunaren ostean, hango familien artean banatu gintuzten bazkaltzeko. Aizue, kikilduta heldu nintzen. Eseri orduko kalbariotzat neukan amaitzeko falta ziren minutuen kalkulua egiten, baina gurutze-bidea gozamena bihurtu zan (zen). Oraindino akorduan daukat hantxe jan, edo hobeto esanda, hantxe deskubritu nebala lebatza (nuela legatza), eta berba barriak (berriak) ikasita, harro-harro itzuli nintzela etxera.    
MAITE ARTOLA.- Eli Larrinaga, gaur zortzi gehiago.
ELI LARRINAGA.- Gehiago, orduan.
MAITE ARTOLA.- Zure bizkaiera ederrean.
ELI LARRINAGA.- Agur, bai.
MAITE ARTOLA.- Ondo segi. Bihar arte, entzule guztioi, ondo izan.

C1 C2
2017-04-26
  • Eli Larrinaga
16173580
04:55
5835