Totelak

Eleberrian saiakera eta fikzioa uztartu ditu Fermin Etxegoien idazle oñatiarrak, euskal kultura garaikidearen errealitatea eta fikziozko pertsonaiak nahastu baititu. Bikote baten bidaia Suitzan barrena eta musikari frustratu baten bizimodu-aldaketa dira liburuko kontaketa nagusiak.

Egilea: Fermin Etxegoien
Argitaletxea: Erein
Argitalpen-urtea: 2021

Bikotea St. Moritz inguruan dabil Maserati gorri batean, emakumeak bularreko minbizia gainditu duela ospatzeko. Thomas Mann idazleak Mendi Magikoa eleberrian ezagutzera eman zuen ospitalea bisitatzera doaz. Bidean, baina, ideia bikain bat izango dute, euskalgintzarentzat ikuspegi ekonomikotik oso errentagarria izan litekeena.

Musikariak, berriz, Santanderreko kaleetan jotzen du. Halako batean, euskal musikari famatu batekin harremanetan jarri eta hankaz gora jarriko zaio bere bizitza.

Gaiei dagokienez, Fermin Etxegoienen oso gustuko diren hainbat jorratu dira liburuan, esaterako, euskara, espainiartasun kulturala, Ruper Ordorika eta mikro-geografiak.

 

Hona hemen pasarte bat:

Silsera autoz sartzea ezinezko bilakatzen zuen langaren aurrean agertu ziren gizon eta emakume euskaldunak, beraz. Langari atxikia, debekuaren berri ematen zuen kartela zegoen irakurgai, bi hizkuntzatan: aleman ulertezinean –bidaiarientzat- eta erromantxera ulerterrazean –bidaiarientzat hori ere, kontuan izanda bidaiari euskaldun biek bazekitela espainola primeran.

Suitzako Grisoiak kantoiko mintzaira latindar zaharra dugu-eta “rumantsch” delako hizkuntza hori, Italiako Dolomitetan “ladino” deitzen duten berbera.

 

Liburuaren aurkezpen-eguneko bideoa helbide honetan duzu ikusgai.

Liburuaren lehen atala helbide honetan duzu irakurgai.

Ahoz aho telebista-saioan egilearekin egindako elkarrizketa helbide honetan duzu ikusgai.

Orrialdeak: 308
C1
2022-01-13
29068688
504