Euskal Romeo eta Julieta

Zenbat aldiz gertatu ote da, hainbat arrazoi tarteko, gurasoek ez onartzea seme-alaben ezkongaiak? Beharbada horrelako ezkongai edo amorante ezagunenak Romeo eta Julieta dira, baina Euskal Herrian, Gipuzkoan zehazki, baditugu gure Romeo eta Julieta ere. Baina nola heldu ziren Beasaina euskal amorante horiek? Entzun Baipasa saioa (Euskadi Irratia).

Isabel eta Pedro, bi gipuzkoarren benetako maitasunezko historia jakin nahi baduzue, entzun hurrengo audio-pasartea.

 

 

Irudia: Wikimedia Comons CC BY-SA 4.0

 

Hiztegi lagungarria

Ihesaldi baten ostean. Ihesaldi baten ondoren, ihes egin eta gero.
Ez zutelako elkar ezagutzen. Batak ez zuen bestea ezagutzen. 
Isabel komentu batean zegoen eta! Isabel moja-etxe batean zegoelako.
Berak bederatzi urte zituela hil zen. Berak (Isabelek) bederatzi urte zituenean hil zen. 
Etorkizunerako prestatua eta babestua egon zedin. Etorkizunerako prest eta babestuta egoteko asmoz. 
Komentuko gezi-leihoan. Leiho mota bat komentua babesteko, barrutik geziak botatzeko kanporantz, adibidez, etsairen bat edo etorriko balitz.
Ezkontzeko zin egiten diote (elkarri). Ezkontzeko hitza ematen diote elkarri.
Komenientziazko ezkontza. Ezkontza bat, askotan ezkontideei ezer galdetu gabe, gurasoek erabakitzen zuten ezkontza, adibidez, ezkontideen familiaren boterea handitzeko. 
Bi egunen bueltan. Bi egun igaro eta gero. 
Bere borondatez ezkondu. Inork behartu edo obligatu gabe ezkondu. 
Bertan zegoen dolare txiki bat. Sagarrari zukua ateratzeko tresna da dolarea. Dolarea duen eraikina ere izan daiteke dolarea.   

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
(trosta-hotsa)
Esataria 1. Euskal Romeo Eta Julietak euren ihesaldian erabili zuten zaldia entzuten ari zarete.
Esataria 2. Nortzuk dira euskal Romeo eta Julieta?
Esataria 1. Ba XVI. mende-bukaerako bikote gazte bat izan zen. Neska, Isabel de Loviano. Erdi ermuar erdi mutrikuarra zen neska. Eta mutila, Azkoitiko Pedro de Idiakez.
Esataria 2. Eta zergatik euskal Romeo eta Julieta?
Esataria 1. Euren historiarekin paralelismoak dituztelako, ez? Ihesaldi baten ostean ezkutuan ezkontzea erabaki zuten, Isabelen amak ez zuelako harreman hori batere onartzen… Bueno, hobe historiaren amaiera orain ez kontatu, eta hasieratik gertakizunak nolakoak izan ziren kontatzea, ezta?
Eta horretarako Aitziber Makazaga, Beasaingo Igartza Monumentu Multzoko arduraduna daukagu. Kaixo, Aitziber. 
Aitziber Makazaga, Beasaingo Igartza Monumentu Multzoko arduraduna. Bai. Kaixo, Arratsalde on.
Esataria 2. Kaixo, Aitziber. Zer moduz? 
Aitziber Makazaga. Ondo. Ondo. 
Esataria 2. Ermua, Azkoitia aipatu ditugu. Baina Beasaingo Igartzak zer harreman dauka? 
Aitziber Makazaga. Hobe da istorioak hasieratik hastea, ez? Eta Isabelen eta Pedroren arteko amodio-istorioa Mutrikun hasten da urte batzuk lehenago.
Esataria 1. Maitasun idealizatu bat izan zen ez zutelako elkar ezagutzen, ezta? Isabel komentu batean zegoen eta! 
Aitziber Makazaga. Bai. Horrelaxe da. Isabelen aita berak bederatzi urte zituela hil zen. Eta amak Mutrikuko Santa Katalinako komentuan sartu zuen etorkizunerako prestatu eta babestua egon zedin. Bitartean, amaren asmoa alabarentzat ezkontzeko gizon egoki bat aurkitzea izan zen. Hala ere, Pedro Isabeli komentura eskutitzak bidaltzen hasi zen eta hor, hortxe sortuko da beraien arteko amodiozko maitasuna. 
Esataria 2. Hala ere, komentu batean egonda, norbaitek lagundu beharko zion, ez?
Aitziber Makazaga. Bai. Halaxe da. Isabelen irakaslea, Ana Urrutia moja zen, eta idatzi eta irakurtzen erakusteaz [irakasteaz] gain, ba bikote gaztearen arteko eskutitzak elkarri pasatzeko lanak ere egiten zituen. Eta baita ere esaten da komentuko gezi-leihoan ere elkar topo egiten zutela eta horietako batean elkarri ezkontzeko zin egiten die [diote], eta, bueno, hortxe baita ihesaldia antolatzen dute. 
Esataria 2. Isabelek zenbat urte zeuzkan?
Aitziber Makazaga. Ba, Isabelek 13 urte zituen. 
Esataria 2. Eta garai hartan adin hori normala al zen ezkontzeko?
Aitziber Makazaga. Bai. Esango dugu baietz. Kontuan hartu behar dugu Isabel eta Pedroren familiak Gipuzkoako bi familia aberatsenetakoak zirela, eta komenientziazko ezkontzak ere askotan gertatzen ziren. 
Ihesaldian Pedroren familiaren eta lagunen laguntza izan zuten.   
Esataria 1. Bueno, beraz, Aitziber. Isabelen ama ez, baina idiakeztarrak pozik zeuden bikotearekin, ezta? Isabel de Loviano alaba bakar aberatsa zenez gero, asko gustatu zitzaien, ez?
Esataria 2. Baina hau benetako historia da edo kondaira?
Aitziber Makazaga. Ba historia ikaragarria da. Benetan gertatutakoa da, eta gainera, esan dezaket beraien arteko amodiozko eskutitzen baten zatiak ere aurkitu direla. Euskaraz idatzita daude. 
Esataria 1. Bueno, orduan, bikotea ezkondu zen Azkoitian, bi egunen bueltan, baina ezkontza hau ez zitzaion batere gustatu Isabel de Lovianoren familiari, ezta?
Aitziber Makazaga. Hori da. Isabelen amak, oso-oso haserre, auzitara jo zuen, eta izugarrizko liskarra sortu zen bi familien artean. Bere alaba bahitu egin zutela esaten zuen momentu oro, eta bueno, ba horren harira urte eta erdiko epaiketa luze bat ospatu zen, eta Isabelek berak aitortu zuen ez zela bahitua izan eta bere borondatez ezkondu zela Pedrorekin.    
Esataria 1. Bueno, bahiketa baino maitasun sakon batek eragindako ihesaldia izan zela berretsita gelditu zen. Eta goazen orain aztertzera Isabelek eta Pedrok elkarrekin zituzten  ondasunak zenbatzera, ze(ren) familia ere aberats eta boteretsua handia [oso boteretsua] bihurtu ziren. 
Aitziber Makazaga. Bai. Hori da. Hasiera batean Pedro ez zen idiakeztarren ondasunak jasoko zituena. Baina bere anaia hil egin zenez ba jasoko du Igartzako monumentu-multzoa, momentu honetan garen gune hau… Bikotearen esku denbora gutxi izan zen. Izan ere, Pedro 1603an, oso gazterik, hil egin zen, eta Isabel geratu zen ondasun guztien jabe. Eta bueno, Igartzako monumentu-multzoa 1611n, bertan zegoen dolare txiki bat handitu egin zuen eta honekin benta, benta jartzea erabaki zuen. Eta bueno, garai hartarako proiektu oso berriztatzailea diseinatu zuen…
Esataria 1. Hau emakume ekintzailea! Isabelen historia irakurri nahi duenak nobela moduan, esan, Jose Antonio Azpiazuren Historia de un rapto liburua ere badagoela. Ba hauxe da dena, Olaia. 
Esataria 2. Bai. Egia esan, oso historia polita ekarri duzue.
B1
2021-09-08
28698807
00:04:35
220