Dokuteka
Azken eguneko bidaia: Eta nire iraganean, zer?
Ez nuen beste irtenbiderik, bihotza mila zatitxotan lehertuta ere.
ABADEA.- Zein zen mezua, Kristina? Esan ezazu (esantzazu), behingoz!
KRISTINA.- Hor doa: Hau dela, Abade, nik biziko dudan azken eguna. Nire azken eguna, bai. Ondo entzun duzu.
ABADEA.- Zer?! Zer diozu, Kristina? Zure azken eguna?!
KRISTINA.- Bai, abade. Nire azken 24 orduak.
Azkenean nire sekretua argitu nuen, esanda zegoen jada. Bidaia hura martxan jarri zuen sekretu esanezina orain abadeak ere bazekien. Ondoren nola erreakzionatuko zuen, beste kontu bat zen.
ABADEA: Kristina, nola esan dezakezu horrelakorik? Ezagutuko ez bazintut, pentsatuko nuke gezurretan edo txantxetan ari zarela. Edota, nik bezala, heriotzako orduari beldur itzela diozula, edo nik ahal dakit zer!
KRISTINA: A! Itxaron, gauza bat gogoratu dut. Ni esnatzera Dora etorri da gaur goizean. Eta leihoak irekitzera joan denean, konturatu da bart pertsianak itxita utzi genituela eta gaur, berriz, irekita zeudela. Hala, leiho horretatik argi zuri indartsu bat nola sartu den ohartu naiz. Hasieran ez ditut erlazionatu argia eta ahotsa, baina ezin daiteke beste ezer izan. Gauerdiko hotza argi horrek eragindakoa izan behar du.
ABADEA: Seguru al zaude, Kristina? Lehen ere nonbait irakurria dut edadetuok amaierara iristen garenean honi buruzko gauzak imajinatu eta amesten ditugula, beldurragatik-edo...
KRISTINA: Egongo ez naiz ba beldurrak! Ondo dakizu inoiz ez naizela zeruarengatik kezkatu; Jainkoa urrutiegi ikusi dut beti eta are urrutiago heriotza. Zergatik kezkatzen da zerua orduan niregatik? Ulergaitza da niretzat, saia zaitez ulertzen!
Grinak hitz egiten zuen orduan. Ahots ozenez, garrasika. Sekula izan dudan sekreturik latzena izan zen hura, eta abadearen ulermena eta kemena, berriz, inoiz imajina nezakeen laguntzarik handiena. Dena den, nik hura biziki kezkatuta ikusten nuen.
KRISTINA: Abade, ez zaitut hain triste ikusi nahi. Sekretu hau azaldu baldin badizut, zuregan konfiantza dudalako da, ez beste ezergatik. Nire laguna zarelako. Eta infernu hau kanporatzea behar nuelako ere bai, iruditzen zait. Bakarrik, guztiz bakarrik sentitzen naizelako, abade (KRISTINA negarrez hasten da). Zera... Helenarekin hitz egin beharra daukat, ezin dut egoera hau gehiago jasan! Bera eta nire artean ez da sekula sekreturik egon, abade. Sekula ez, nik dakidala. Ilunpetan dago nire bizitza momentu hauetan. Itzaletan itota, laguntza eske. Eta argi pittin bat baino ez dut eskatzen iluntasun honen erdian. Egia, egia bera ez al da ba argi nahikoa? Erantzun iezadazu (erantzuidazu), mesedez. (...)
ABADEA: Ez, ezin dut, Kristina. Zer da hau guztia? Nola daiteke posible? Ezustean harrapatu nauzu.
KRISTINA: Zer gertatzen da, ez didazu sinesten, ezta? Ez didazu erantzuten, noski. Zer esan diezazuket... Gauza bat eskatuko dizut bakarrik: zaindu ezazu Helena, mesedez. Ez dadila inoiz bakarrik sentitu, ados? (negarrez hasi) Eta badakizu zer? Zuk eta biok gauza garrantzitsu bat dugu bateragarri; gaur honaino etorri banaiz, arrazoi bategatik izan da: neuk ere ezingo nuke jasan bakarrik hiltzea, nire alaba gabe, etxe hartan.
ABADEA: Betirako joan behar baldin baduzu, bere alboan izatea gustatuko litzaizuke, ezta?
KRISTINA: Ez dut besterik eskatzen. Hura nirekin izatea besterik ez.
Hala, abadea eta biok laku ertzean eserita geunden bitartean, Helena eta Alexander hizketan ari ziren, etxerako bidean. Eta esku artean zuten gaia hil edo bizikoa zen niretzat, oraindik ez banekien ere.
ALEXANDER: Beno, zer gertatzen zaizu? (doinu dibertigarrian).
HELENA: Niri? Ezer ere ez.
ALEXANDER: A, ez?
HELENA: Ez, Alexander. Ez zait ezer gertatzen. (...) Zergatik diozu?, jakin badaiteke...
ALEXANDER: Ezergatik ez, baina beti zure amaren eskutitz horien zain egoten zara, eta orain aurrean duzunean mututu egiten zara. Ez dut ulertzen, hori da guztia.
HELENA: Ongi da, eta zer esan diezaioket, bera gezurretan ari bazait?
ALEXANDER: Gezurretan zure ama, zer diozu, Helena?
HELENA: Begira, ama ez da inoiz eta inon abisatu gabe agertzen, oso arraroa da. Beste arrazoiren bat egon behar du, hori garbi dago.
ALEXANDER: Horixe badagoela. Zure ama izateaz gain, Kristina emakumea ere badelako. Gezurretan aritzeaz gain, zer beste desberdintasun dago ba emakumea eta gizonaren artean?
HELENA: Ez i(eza)dazu adarrik jo, Alexander. Benetan kezkatuta nago, eta ez dakit zer pentsatu.
ALEXANDER: Eta gero emakumeek seigarren zentzumena duzuela esango duzue! Zergatik etorri den jakin beharko zenuke.
HELENA: A, bai?, eta zergatik etorri da ba orduan?
ALEXANDER: Helena, zure amak uda osoa hemen pasatu nahi du. Zeurekin. Ez al zara konturatzen? Bakarrik sentitu da eta ez du abuztura arte itxaron nahi izan. Eta kito.
HELENA: Hori al da guztia? Zergatik ez dit ba garbi hitz egin? Zaude pixka batean... eta gure egitasmoak, zer? Zer gertatzen da orain gure bidaiarekin?
Geuk ere ez genuen lantegi erraza: abadeak nahiko lan bazuen egoera hura ulertzen eta behea ez jotzen. Ez zen erraza, ordea. Eta momentu batzuetan urduri ere ikusi nuen. Niregatik urduri.
KRISTINA: Ez zintudan kezkatu nahi, kanpora atera behar nuen zerbait zen soilik.
ABADEA: Ondo baino hobeto ulertzen dut hori. Neuk ere nire azken urteko istorioa kontatu badizut horrexegatik izan da.
KRISTINA: Hau egoera gurea!
ABADEA: Bai, a zer parea...
KRISTINA: Karakola ni,...
ABADEA: Eta ni neu barea...
KRISTINA ETA ABADEA: (Barreak) (...)
ABADEA: Hizketaldi hau nik uste baino lagungarriagoa egiten ari zait. Eta zeuk ere barre egin duzu...
KRISTINA: Bai. (...) Aizu, zera pentsatzen ari nintzen, zeruak leku honen antza izan beharko duela. Baketsua. Adin guztietako jendearekin. Hori bai, han ez omen dago urtarorik. Ez du inoiz hotz edo bero nabarmenik egiten. Ez dago soinurik ere. Han airea omen da zure lurra, eta arnasten duzun airea hezetasuna. Hodeien hezetasuna. (...) Ez dakit, dena den, naturarik ere ba ote den.
ABADEA: O, ahaz dezagun gai hori behingoz, eta izan gaitezen zoriontsu gaur, Kristina. Ezerk ez gaitu tristetuko, ados? Esan iezadazu (esaidazu) baietz.
KRISTINA: Denbora gutxi gelditzen zaigu elkarrekin. Eta hori ezin izango dugu jada aldatu.
ABADEA: Horregatik hain zuzen, zu bazoazelako, ez dut herioan pentsatu nahi.
KRISTINA: Ez dakit zer esan nahi duzun.
ABADEA: Ez zarela egongo, Kristina. Bigarren aldiz, azkeneko aldiz, heriotzara hurbiltzen naizeneko momentu horretan ezin izango duzula nire alboan egon. Istorioa errepikatu egingo da. Bakarrik egongo naiz berriro ere. Ez zaitut galdu nahi, Kristina. Benetan behar zaitut. Urruti baldin bagaude ere, urtean zehar nonbait bizirik zaudela sentitu nahi dut. Nigan inoiz pentsatzen ez baldin baduzu ere. (...) Ongi da, isildu egingo naiz.
KRISTINA: Esan iezadazu (esaidazu) nahi duzun guztia, abade. Gaur eman dizudan berri harengatik zaude horrela, ezta?
ABADEA: Bai, ezin dezaket ukatu.
KRISTINA: Zure iritziak ez nau beldurtuko. Zin dagizut. Esan ezazu benetan sentitzen duzuna, badakit lagunak garela eta ez nauzula mindu nahi.
ABADEA: Sentimenduek engainatu egiten gaituzte. Iruditzen zait oso erraza izango litzatekeela arrazoia duzula esatea, ahotsa eta mezuarena egia dela esatea; hau da, zuzen zaudela onartzea. Baina aldi berean nire bizitza osoan defendatu dudan guztiaren aurka joatea da.
KRISTINA: Jainkoaz ari al zara? Zer ikusi behar du honekin guztiarekin?
ABADEA: Kristina, lagun bezala nire laguntza eta ulermen guztia daukazu, baina elizgizon bezala, nik ezin dut deskribatzen duzun Jainko hori nirea bezala onartu. Ezin nauzu horretara behartu. Azken eguneko bidaia 65. Eta nire iraganean, zer?
KRISTINA: Ez nuen pentsatzen zu behartzera iritsi beharko nuenik! Sinetsiko zenidan itxaropena neukan, elizgizontzat baino gehiago laguntzat zaitudalako.
ABADEA: Hara, lagun bezala sinets diezazuket, baina elizgizon bezala esan duzun guztiak ez dauka zentzurik. Hori bezain erraza da.
KRISTINA: Inoiz hildakoren bat konfesatu al duzu? Ez, ezta? (...) Hori da, hain zuzen ere, gauzarik latzena. Nola jakin egia ala gezurra den? Agian hil diren pertsona guztiei gauza bera gertatu zaie!
ABADEA: Eta bere buruaz beste egin dutenak?
KRISTINA: Zer? Horiek zer?
ABADEA: Zuk diozuna egia bada eta Jaunak gure heriotza-eguna badaki, pertsona horiei 24 ordu baino ez zaiela geratzen esango lieke. Zuri bezala. Beraz, zergatik bizitza kendu egun bat gehiago soilik bizi behar baldin baduzu? Ez dauka zentzurik.
KRISTINA: Agian, ezin dezakete atzerako kontaketa jasan. Mezuaren aurrean indarge eta izuturik geratu dira. Mehatxatuta sentitu dira, itota, eta nahiago dute euren bizitzaren amaiera euren kabuz erabaki, euren bizitzaren jabe direla sentitu, nolabait esateko. Eskubide osoa dute.
ABADEA: Ongi da, ongi da, baina ez dakit... Esate baterako... zaude piskat. Ez dakit, biok ezagutzen dugun kasu bat. Zure senarrarena, adibidez.
KRISTINA: Nire senarra, zer?
ABADEA: Ez al duzu senarraren kasuan pentsatu? Orain dela urtebete hil zen, zuen oporren amaieran; horixe duzu kasurik hurbilena. Bera hil zenean... Kristina, zer duzu?
KRISTINA: Ai, ene... Nola daiteke?!
Munduak buelta eman zidan momentu hartan, hankak dardarka sumatu nituen eta bihotza lehertu beharrean. Zorabioa sentitu nuen, ez besterik. Nire senarra, nola liteke!
ABADEA: Ondo al zaude, Kristina? Erantzun, Kristina!
