Dokuteka
Azken eguneko bidaia: Sekretua argitzeko garaia
Zerk eraman ninduen herri hartaraino? Abadea, niregana astiro hurbiltzen ari zen hura, izango zen hori jakingo zuen lehen pertsona. Baina hortik aurrera gertatuko zena ezin nuen susmatu ere egin.
Pago eta kimu haien artean, Abadea niregana gerturatzen ari zela, bere ibileran zerbait arraroa nabaritu nuen. Eta bat-batean konturatu nintzen makulubaten laguntzarekin egiten zuela aurrera. Pauso azkarrez urbildu nintzaion, harridura keinu batez.
KRISTINA.- Abade,... zer duzu baina? Ondo al zaude?
ABADEA.- Hau al da lagun zahar bat agurtzeko modua, Kristina! Emaidazu besarkada bat, urte osoan ez dugu elkar ikusi eta.
Besarkada hark eta abadea pozik ikusteak baretu egin zuen nolabait nire beldurra, eta nik ere irribarre egin nuen.
KRISTINA.- Barkatu, makulu horrekin ikusi zaitut eta larritu egin naiz. Larritu, bai, zerbait garrantzitsua izan zitekeela iruditu zait. Baina argi dago oker nengoela. Barkatu, abade, ergel hutsa naiz.
ABADEA.- Ergela, zu? Txantxetan ariko zara! Inoiz baino ederrago zaude, Kristina. Zuk eta deabruak tratu bat egin duzue, ez da hala?
KRISTINA.- Beti bezain atsegin eta egiazalea, abade (irribarre txikia).(...) Eskerrik asko zure eskutitzengatik. Distantzian gertu egoteko modu bat da. Horregatik esan dut ergela naizela. Osasun arazo larriren bat izanez gero, aditzera emango zenidakeela ondo dakit nik. Lagun minek horrela jokatzen dute euren artean, ez al da hala?
Baina, bat-batean, bere aurpegian keinu dardarati eta ilun bat garbi asko ikusi nuen. Ezpainak gogor estutu zituen; atzo izan balitz bezala gogoratzen dut irudi samin hori.
KRISTINA.- Zer duzu, abade? Ez duzu osasun arazorik, ezta?
ABADEA.- Gibelean tontakeria bat. Hori baino ez da...
KRISTINA.- Abade, gezurretan ari zara. Ezin hobeto ezagutzen dugu elkar, esan ezazu egia . Ez beldurrik izan.
ABADEA.- Ongi da. Eser gaitezen hementxe, banku honetan.
Bide ertzean zegoen banku zahar hartan esertzea proposatu zuenean, garrantzitsua zen zerbait azalduko zidala susmatu nuen. Hala izan zen.
ABADEA.- Ez dakit nondik hasi, Kristina. Hasiera-hasieratik larritu nintzen, sabelmin hura hasi zitzaidan momentutik. Gauerdian, ziztada zorrotzek lo-orduak lapurtzen zizkidaten, behin eta berriro. Denborak aurrera egin zuen, eta medikuek ezin zioten konponbiderik topatu. Eta ziztada haiek geroz eta bortitzagoak ziren. Orduan hasi nintzen heriotzan etengabe pentsatzen. Mundu hau uzteko momentua iritsi zela pentsatu nuen. Baina ez nuen hil nahi. Eta ez beldur nintzelako, ez; baizik eta ez nuelako horrela, era horretan, hil nahi... Bakarrik nengoen, Kristina... Etxean bakarrik, iluntasunean, isiltasunean itzaltzen. Ezin nuen heriotza ez zen beste ezer espero; nolabait, ohitu egin nintzen heriotzaren kontu horretara, heriotzak niretzat gela horren antzeko zerbait izan behar zuelako.
Isildu egin zen orduan. Begirada lurrean pausatu zuen, umemoko batek egingo lukeen antzera. Momentu hartan, hitz haiek esan ondoren, ikusezin bilakatzea gustatuko zitzaiokeela pentsatu nuen. Baina ez zen horrela gertatu. Hantxe jarraitu zuen, bere jakinduria zaharraren hitzetan ume jaioberri baten ilusioa gordetzen.
ABADEA.- Denborarekin, eta hobera egin nuenean, arraro sentitzen nintzen, nolabait esateko. Ez nuen bizirik iraun nahi, gero berriro heriotza etorriko zitzaidalako, bigarren aldiz, ni pixkanaka itzaltzera. Ez nuen aurrera egiteko indarrik, ezta bizirik jarraitzeko motiborik ere. Baina, bat-batean, dena ulertu nuen. Lezioa ikasi nuen, eta indarberrituta sentitzen naiz orain. Lezioa zera da: hiltzeko bigarren aukera dudala. Mundua uzteko zorian egon naiz, miserable baten moduan, gainera; baina bigarren aldia askoz hobea izan daiteke. Badakit adio hobe bat merezi dudala. Bai nik, bai edonork.
Hitz egiteari utzi zionean, lasaitasuna adierazten zuen bere aurpegiak. Bere begi urdinek dardarka begiratzen zidaten, bizitzaz betetako putzuak balira bezala. Irribarre lotsati bat ere erakutsi zidan. Arnasa hartu, eta bat-batean nire presentziaz ohartu zela zirudien. Hala jokatu zuen behintzat.
ABADEA.- Baina... barkatu, Kristina. Ez zaitut tristetu nahi, hain izan beharko luke ederra egun honek! Esaidazu, nolatan ez duzu abuztura arte itxaron? Zerk ekarri zaitu hona San Joan bezperan? (Irribarretsu) E, Kristina, ez zaitez orain ergela izan, emakumea! Ez ezazu (etzazu) negarrik egin.
Malkoak nola edo hala xukatzen nituen masailean behera erori ahala.
KRISTINA.- Lasai, ez da ezer gertazen... Horrelako gauzak lagun minen artean ere gertatzen dira. Zorionez (biek barre).
Egoera intimo horrek abadea biziki hunkitu zuela zirudien, ondoren esan zituen hitzek adierazten zutenarengatik.
ABADEA.- Kristina, gauza bat jakin nahi dut. (...) Nik telefonoz deitu eta ondoegi ez nagoela esanez gero, zu etorriko al zinateke nigana? Esan nahi dut... une horretan zu nirekin egotea nahiko nukeela. Nirekin behar zaitudanean etorriko al zara niregana? Ez dut berriro egoera horretatik bakarrik pasatu nahi. Zin egidazu. Ez dut beste inor behar. Kristina, etorriko al zara?
Nire begi bustiek urduri begiratu zioten. Ez nekien zer esan. Abadea nire pentsamenduak irakurtzeko gai zela iruditu zitzaidan orduan. Horrexegatik, nire sekretu hori lehenago edo geroago zein zen jakingo zuen sentimendu hori zela medio, hitz egiteari ekin nion.
KRISTINA.- Momentu bat, abade. Zerbait kontatu behar dizut. Neuk ere ez neukan pentsatuta honi buruz hitz egitea; baina, tira...
Abadea, inoiz baino lasaiago aurkitu nuen. Ez zen hori nire kasua, inondik ere.
KRISTINA.- Abade, lehenik eta behin, oso garrantzitsua da niretzat orain esan behar dizudana, eta zin egin behar didazu ez Helenari, ez inori, ez diozula ezer esango.
ABADEA.- Beno, aitortzak entzutera ohituta nago, badakizu; lasai egon zaitezke, sekretu hori ondo gordeko dizut eta.
KRISTINA.- Ez dizut konplizitaterik eskatzen. Bakarrik, gertatzen zaidana ulertzea nahi dut. Gizaki bezala, elizgizon bezala eta hiltzear egon den pertsona bezala.
ABADEA.- Beno, tira, esan ezazu esan beharrekoa.
KRISTINA.- Zaila egingo zait.
ABADEA.- Imajina ditzakezun gauzarik gogorrenak entzun ditut nik.
KRISTINA.- Hau bezalakorik ez dut uste. Ez da posible. (...) Beno, gaur goizean mezu bat jaso dut. (...)
ABADEA.- Telefonoz, pertsonalki...
KRISTINA.- (...) Galde iezadazu (galdeidazu) nor zen, mesedez.
ABADEA.- Nor zen? (...) Nor zen?
KRISTINA.- Ez dakit horrela esan daitekeen, baina... zerua zen. Zerua!
ABADEA.- Nola?... Zergatik? Zergatik?
KRISTINA.- Hara, gaur goizean izan da. Ni ohean lo nengoen. Burua iluntasunez beterik nuen orduan. Esan nahi dut... nik egunero egiten dudala amets eta ondo gogora ditzakedala horiek esnatzen naizenean. Gauza desberdinak dira, batzuetan atseginak, beste batzuetan ez, baina gaur ez dut ametsik egin. Gaur nire barnean iluntasun handi bat baino ez dut ikusi. Belztasun horretan, astiro-astiro, ahots bat sartzen joan da. Oso astiro. Ahots horrek esaldi bera errepikatzen zuen behin eta berriz, baina hasieran ulergaitza zen. Pixkanaka-pixkanaka argitzen joan da, eta une batean ahotsak zioena garbi ulertzeko gai izan naiz. Ahots horrek eman dit mezua.
ABADEA.- Zein mezu, Kristina?
KRISTINA.- Abade, ez ezazu (etzazu) pentsa burutik joanda nagoenik, orain esatera noakizuna arraroa egiten bazaizu. Hau guztia kontatu baldin badizut...
ABADEA.- Ez didazu oraindik ezer kontatu eta! Zein zen mezua!?!
Egia esateko momentua iritsi zitzaidan. Ez zegoen atzera bueltarik, zerutik etorritako ahots hark esandakoa eman behar nion aditzera abadeari. Ez nuen beste irtenbiderik, bihotza mila zatitxotan lehertuta ere.
ABADEA.- Zein zen mezua, Kristina!? Esan ezazu (esantzazu), behingoz!
Asko kostata, ahotsa goratzea lortu nuen. Azken ahalegina izan zen hura.
KRISTINA.- Hor doa: hau dela, abade, nik biziko dudan azken eguna. Nire azken eguna, bai. Ondo entzun duzu.
ABADEA.- Zer?! Zer diozu, Kristina? Zure azken eguna?!
KRISTINA.- Bai, abade. Nire azken 24 orduak.
