Dokuteka
Azken eguneko bidaia: Azkenean, Helena
Bat-batean ezusteko ikaragarria hartu nuen: gizon gazte bat egongela erdian zegoen. Zutik. Zer egin ez genekiela begiratu genion elkarri. Zein izan zitekeen pertsona hura? Hura izan zen nire bidaia hartako lehen galdera. Zertan ari zen nire etxean?
ALEXANDER: Ni...nire izena Alexander da.
Alexander? Izen hura nonbait irakurri nuen..., baina non?
KRISTINA: Kristina naiz ni. Helenarekin hitz egin nahiko nuke. Ez al dago etxean?
Noski! Alexander,... Neure alabak bere eskutitzen batean aipatzen zuen. Bai, orain gogoratzen dut. Negozioengatik beti bidaiatzen ibiltzen omen zela esaten zidan bertan, baina bueltan zenean biak maiz lagun bezala joaten zirela inguruko herrietako ferietara.
ALEXANDER: Ez, Helena ez dago hemen. Bainua hartzen ariko da oraindik lakuan.
KRISTINA: Bazkaltzeko ordua da, baina! Bueltatzeko esango diot. Lakura noa oraintxe bertan.
ALEXANDER: Goazen ba. Harridura keinu batekin bueltatu nintzen berarengana, ahoa bete hortz. Larritu ere egin zela esango nuke. Dena den, etxetik irten eta berak ere etxeko ate nagusiko giltza zuela ohartu nintzen.
ALEXANDER: Aizu, zu Helenaren ama zara, ezta?
KRISTINA: Ni?
ALEXANDER: Bai, ez al da ba Kristina zure izena?
KRISTINA: Hala da, Helenaren ama naiz.
Haren aurpegi gaztean lotsa nagusitu zen bat-batean, ume apal bat balitz bezala. Irribarre txiki bat ere antzeman nion.
ALEXANDER: Orduan gauza bat jakin behar duzu, andere,... Zure alaba bihotz-bihotzez maite dut, mundu honetan ez dago niretzat bera baino gauza garrantzitsuagorik. Eta niretzat ohore bat da zu, bere ama, ezagutzea. Hori da dena.
KRISTINA: Horrela hitz eginda edonor maiteminduko duzu zuk, ezta?
Alexander nolakoa zen ezagutzen nindoan heinean, etxea eta lakuaren artean dagoen tarte eskasari ekin genion, bata bestearen alboan. Ez nuen harekin gauza guztiez hitz egin, baina bide hura makina bat aldiz egin nuela gogoratu nuen orduan, eta pertsona desberdin askoren konpainian, gainera: denborak nire bizitzatik ezabatu zituen lagunekin, oraindik harremana nuen beste lagun batzuekin edota heriotzak gatibu hartu zituen horiekin. Baita nire familiarekin ere. Helenak berak zuhaitz eta soro horien artean eman zituen lehen pausoak. Orduan aitak laguntzen zion. Eskutik helduta ibiltzen ziren biak. (Barre txiki bat) Eskutik lotuta.
ALEXANDER: Hau edertasuna hau! Hara, txoriak kantuan ari dira!
Burua zerurantz altxatu nuen. Airea garbia zen, enara beltzak dantzan ari ziren. Lakuan geunden, eta ni, azkenean, etxean sentitzen nintzen. Ezin nuen besterik eskatu.
ALEXANDER: Begira, Kristina. Begira nor dagoen ertz horretan.
KRISTINA: Ene ba! Bera da ?eta, Helena. Helena! Helena!
Alexander eta biok berarengana hurbildu ginen, pauso azkarrean. Helenak nire oihuak aditu zituen eta, hala, gure aldera etorri zen, ezusteko keinu batekin bera ere.
Harriduraz "ama" esaten zuela antzeman nion. Helena gaixoa, hain zen handia bere ezustekoa, mugitu ezinik gelditu zen bertan. Bainu-jantziaren gainetik udarako soineko fin bat janzten ari zela guregana hurbildu, eta besoak zabalduz elkar besarkatu genuen.
HELENA: Ama...
KRISTINA: Helena, zein... zein ederra zauden. Hain nekatuta ez banengo, saltoka hasiko nintzateke oraintxe bertan.
HELENA: Baina, zer... zer egiten duzu zuk hemen, ama? Ondo al zaude?
KRISTINA: Hau ez al da ba nire herria, nire etxea?
HELENA: Bai, noski, baina abuztuan etorriko zinela uste genuen, urtero bezala. Larritu egin naiz.
KRISTINA: Ez, konpainia ederrean egon nahi nuen, besterik ez. Etxean bakarrik nengoen; eta badakizue, ez da nire edadeko emakume batentzat etxean bakarrik gelditzeko garairik aproposena, gerra madarikatu hau dela eta.
HELENA: Etxean bakarrik zeundela? Eta Dora, zerbait gertatu al zaio?
KRISTINA: Ez, lasai, sukarra baino ez du. Medikuak, dena den, ohean aste pare bat eman behar duela esan dio. Horregatik etorri naiz, paisaia zoragarri honetaz berriro gozatzera. Baina orain bazkaltzera joan gaitezke, ondo irizten badiozue.
ALEXANDER: Ederki. Arratsaldean bueltatuko gara lakura.
HELENA: Hori da.
ALEXANDER: Emaidazu boltsa orain, Helena. Ni aurretik joango naiz. Etxean ikusiko zaituztet, gero arte!
Alexander pauso azkarrez aldendu zen Helena eta biok bakarrik utzita. Helena kezkatu samarrik zegoela iruditu zitzaidan, baina ez nion orduan garrantzi handirik eman.
KRISTINA: Aizu, eskutitzean ez zenidan esan hain mutil-lagun dotorea zenuenik.
HELENA: Ama... Nire mutil-laguna denik ere ez dizut inoiz esan.
KRISTINA: Zer diozu? Ikusi al duzu nola begiratzen dizun?
HELENA: Eta nola begiratzen dit ba?
KRISTINA: Zuk berari begiratzen diozun maitasun berberarekin (irribarre txiki bat). Agian, ez naiz horretaz konturatu, eta traba egiten ari naiz hemen. Zera esan nahi dut: segur aski ez duzue beste edozein pertsonaren konpainian egon nahiko...
HELENA: Ez esan txorakeriarik, ama.
KRISTINA: Gainera, badakit bera beti hara eta hona ibiltzen dela, atzerrian bidaiatzen, eta herrira bueltatzean horrelako momentuak aprobetxatzea gauzarik logikoena da. Aizu, piano-klaseak bukatu al dituzu?
HELENA: Bai, San Joan bezpera izanda, ume guztiek oporrak hasten dituzte gaur. Beraz, neu ere libre nago orain.
KRISTINA: Zoragarria da hori. Eta gustura al zabiltza klaseak ematen?
HELENA: Bai horixe. Ikasle zoragarriak ditut. Eta Alexander bidaiaren batean kanpoan denean, konpainia ederra egiten didate. Beren kontuekin datozkidanean guztiz zoriontsu sentitzen naiz, ez dut Alexander faltan hainbeste sumatzen.
KRISTINA: Bai, badakit zer esan nahi duzun. Baina klaseek marrazteko tartea ere utziko dizute, ezta?
HELENA: Ama, kontu horrekin ez al duzu sekula etsi behar!
KRISTINA: Ez, ez dut etsiko alaba ospetsu bat izan arte. Talentua duzu marrazteko, Helena. Beti esan izan dizute gauza bera, zergatik egiten diozu entzungor jendearen esanari?
Helenak ez zuen erantzun. Begirada apaldu zuen besterik gabe. Irribarre txiki bat ere egin zuen.
KRISTINA: Sutzar horiek bihotzez maite ditut. Ikusten al dituzu han? Hain dira ederrak suak bere hatzaparrekin estutzen dituenean! San Joan bezpera guztietan bezalaxe, gaur ere joango zara Amelia Muruaren festara, ezta?
HELENA: Ez zaizu ahaztu, e?
KRISTINA: Nola ahaztuko zitzaidan ba! Beti kontatu izan dit zein ordu atseginak ematen dituzuen han, San Joan bezpera bakoitzean, mahaiaren inguruan. Baina aurten nik neuk ikusteko aukera izango dut. Sinestezina da, zoragarria!
Lakua atzean uzten hasiak ginen jadanik. Inoiz baino ederrago zegoela pentsatu nuen, ondo gogoratzen dut hori. Hala, galdera bat egin nion Helenari.
KRISTINA: Laku hau marraztu al duzu inoiz?
HELENA: Lakua? Ezta pentsatu ere. Laku honek ura eta eguzki izpiez gain, marraztu ezin daitezkeen beste gauza batzuk ere baditu. Nola marrazten dira bertan dauden umeen oihuak eta zalapartak? Edo horien gurasoen begiraden zoriontasuna? Edo nik bertan gauerdian hartu ditudan bainuak? (...) Ezinezkoa litzateke. Ezinezkoa.
KRISTINA: Aitaren antza duzu horretan. Ez zegoen hura etxera bueltan ekartzerik bainua hartzera jaisten zenean. Bera izan zen laku honekin, herri honekin maitemindu zen lehena. Orain, hemen, gu biok ikusiko bagintu,...
HELENA: Airean egingo luke ospa.
KRISTINA: Helena! Zer esan duzu!
HELENA: Begira nor datorren hortik.
Harantz so egin eta abadea zetorrela ikusi nuen. Distantzia ertain batera zegoen, eta ni ikusi orduko, besoa altxatuz agurtu ninduen.
KRISTINA: Utz ezazu (uztazu) bakean gai hori orain. Lagun zahar bat da, zer arazo egon daiteke?
HELENA: Hori zure gauza da, bakarrik utziko zaituztet.
KRISTINA: Ongi da, hasi bazkaria prestatzen, oraintxe naiz zuekin, konforme?
Helena etxera zihoan, eta abadea, berriz, nire norabidean zetorren. Harrotasun kontuagatik, Helenak bi hitz baino ez zizkion esan. Abadeak umorez hartu zuen.
Egoera sinple horrekin, abadearekin topo egin nuen momentu hartan bertan, hasi zen bidaia hura. Berari, ez beste inori, azalduko nion azkenean barnean neraman sekretu itogarri hura. Nire bidaiak, orduan ez banekien ere, puntu horretan eduki zuen inoiz izan zuen zentzu bakarra: zerk eraman ninduen herri hartaraino? Abadea, niregana astiro hurbiltzen ari zen hura, izango zen hori jakingo zuen lehen pertsona. Baina hortik aurrera gertatuko zena ezin nuen susmatu ere egin.
