Dokuteka
Azken eguneko bidaia: Non dira hiru kanpaikada horiek?
HELENA: Ikusten al dituzu eguzkiaren lehenengo izpiak, han, mendien gainetik? Horrek egun berri baten etorrera esan nahi du. Eta hala gertatuko da nire bizitzan ere, ziur nago.
Helenaren azken hitz haiek inoiz entzun ditudan gazi-gozoenak izan dira, dudarik gabe. Berak itxaropena soilik ikus zezakeen momentu hartan, baina nire kasuan guztiz kontrakoa esan nahi zuen. Bidaiaren amaiera, azken txanpa, nire munduari agur esateko unea, nahiz eta aurretik denbora pittin bat geratzen zitzaidan. Gau hartako sutzar haiei guztiei bezala.
KRISTINA: Hor duzu autoa, Helena. Agur esateko ordua da.
HELENA: Izan duzun detaile hau ez dut sekula ahaztuko. Eta ez dakit egunen batean ordaintzeko gai izango naizen, benetan esaten dizut.
KRISTINA: Izan zaitez zoriontsu, bidaia luzea duzu eta aurretik.
HELENA: Bidaia ahaztezina izango da.
KRISTINA: Hala espero dut. Ez zaitez nitaz momentu batean ere ahaztu, entzun? Urruti izango nauzu, baina beti zure ondoan egongo naizela gogoratu behar duzu. Beti.
HELENA: Badakit nola ordainduko dizudan hau guztia. Gogoan al duzu erretratoa?
KRISTINA: Izango ez dut ba?
HELENA: Bueltatzen naizenean, bukatu eta zuretzat izango da. Eta betiko izango duzu, zure aurpegia eta begiradaren irudia. Ez al da zoragarria?
KRISTINA: Helena, bihotza... Alexander zain izango duzu.
HELENA: Ez ezazu (etzazu) negarrik egin. Zin egidazu banatuta gauden bitartean zoriontsua izango zarela. Lasai egon nahi dut, ama. (...) Aurrera, esaidazu.
HELENA: Nire barkua da hori.
KRISTINA: Hiru dei egiten dituzte, oso denbora gutxi geratzen zaizu. Dena al daramazu zurekin?
HELENA: Bai. Eta gauzarik garrantzitsuena daukat: poltsikoko erlojua. Zure oparia.
Neure baitarako negar egiten nuen, "ez zaitez joan, hemen duzu zure tokia".
KRISTINA: Zaindu zeure burua, Helena.
"Urruntzen ari da" pentsatu nuen, "galdu egin dut, Helena galdu dut!"
HELENA: Agur, ama. Neu ere zure ondoan izango naiz beti.
KRISTINA: Agur, bihotza. Agur.
Autora hurbildu zen pauso lasterrean. Maletak bertan sartu, gidariarekin bizpahiru hitz egin, eta autoa pixkanaka bidean barrena galdu zen. Eta hura izan zen Helena ikusi nuen azkeneko aldia. Orduan galdu nuen betiko. Eta nik ezin nuen ezer egin. Eguna etorriko zen, argiz jantziko ziren ezagutzen nituen herri hartako txoko guztiak, beste guztientzat bizitza berriz hasiko zen, baina niretzat, niretzat zer? Nora, zein errealitatetara eramango ninduen orduan hasi behar nuen bidaia hark? Nori galdetu behar nion? Han ez zegoen inor.
Bakarrik geratu nintzen momentu hartan. Isiltasuna baino ez zegoen nire inguruan. Helena Estatu Batuetarako bidean jarriko zen minutu batzuk barru, eta hori zen zoriontasuna sentiarazten zidan gauza bakarra. Bere nahia lortuko zuen azkenean, nahiz eta ni neu betiko galduko ninduen. Bai, bizitzari agur esango niola ondo baino hobeto nekien, mendixka horien gainetik eguzkia azaldu baitzen orduan.
Baina momentu hartan ezusteko sentimendu bat ere bazegoen nire barnean: zer gertatzen zen mezuak aipatzen zituen hiru kanpaikada horiekin? Noiz entzungo nituen hiru hots horiek?
HELENA: Itxaron, txartel bat erosi dut! Itxaron!
MARINELA: Hortik datorren neska al da?
ALEXANDER: Helena, bai, bera da! Hemen nago! Helena, Helena!
HELENA: Alexander, laztana! Barkuak alde egingo zuela uste nuen.
MARINELA: Hirugarren txistua izan da, zorte handia izan duzu.
ALEXANDER: Bakarrik joan beharko nuela pentsatzen nuen, zergatik eman duzu hainbeste denbora festaren ondoren, zer gertatu zaizu?
MARINELA: Emaidazu maleta, andereño. Atea itxi behar dut.
HELENA: Oraintxe kontatuko dizut, oso istorio luzea da.
ALEXANDER: Esaidazu ez zarela duda-mudatan egon. Garbi eduki duzu beti bidaia hau neurekin egin nahi zenuela, ezta?
HELENA: Zurekin egoteagatik izan da hain luzea aurreko gaua.
Abentura bat izan da, ez zenuke sinetsiko.
ALEXANDER: Soilik gauza bat jakin nahi dut, nola lortu duzu txartel hori erostea? Azkeneko txartela erosi al duzu?
HELENA: Nola lortu dudan? Mirari bat izan da, eta mirari hori amak egin du posible. Ama izan da, Alexander, bera bakarrik.
Pianoa jotzen hasi nintzen. Nire barnean bizitza, pasioa sentitu nahi nuen. Nire hatzak ikusten nituen tekla gainean dantza arin hartan. Agian ezertan ere ez pentsatzea zen nire nahi bakarra, denboraren gainetik pasatzea, denbora baino gehiago izatea. Hots, amets egitea. Hantxe aurkituko ninduen amaierak, ezin nintzen inon ezkutatu.
SENARRA (gaztea): Zein ondo jotzen duzun pianoa.
O, ene! Ahots hura, nirekin batera zahartu zen ahots paregabe hura...
SENARRA: Kontzertu bikaina eskaini duzu, baina ezin dezaket zure izena gogoratu...
KRISTINA (gaztea) : Kristina. Kristina dut izena.
Nork esango zuen momentu hartan parean nuen mutil gazte hura nire ondoa zahartuko zela? Bera, nire printze urdina.
HELENA: Txikitan, "Printze urdin" horren istorioa kontatzen dizute, eta zu mutil perfektu horren zain geratzen zara, zaldi gainean etorriko dena. Baina egun batean konturatzen zara zure bizitza partekatu nahi duzun pertsona horrek izen arrunt bat duela, bizikletaz ibiltzen dela...
Bai, Helena, bazirudien zuk hitz haiek esatean ondotxo zenekiela aita nolakoa zen gaztetan. Ikusi izan bazenu nolakoa zen...
SENARRA (gaztea): Kristina, entzun iezadazu (entzuidazu). Zaude lasai.
Behin eta berriro, azkeneko aldiz, haren ahotsa entzutea gustatuko litzaidake.
SENARRA (g): Ez da ezer gertatuko. Hor barruan duzun neskatila hori arazorik gabe irtengo da gaur gauean.
KRISTINA (g): Zer esan dizu doktoreak?
SENARRA (g): Ez dela arazorik egongo. Ordu batzuk barru gurasoak izango gara... Gure lehen alaba, Kristina, gure alaba!
Bizitza eman zidaten, bizitza eman dut eta orain banoa, bizitzak ihes egiten dit. Baina istorioa beti errepikatzen da, zer egin dezaket?
MARIA: Behin baino gehiagotan pentsatu dut ez ninduela mundu honetan bakarrik utzi nahi. Bere aitaren izena jarriko diot. Martin. Misteriorik handiena da bizitza, bere isiltasunekin. Batzuetan bere aurpegirik onena erakusten dizu eta beste batzuetan berriz...
Ez, ezin liteke. Gehiago bizi nahi dut, beldur naiz. Nora naramazu? Ez iezadazu ezer egin, soilik pertsona bat naiz eta. Zuetariko bat.
ABADEA: Kristina? Neu naiz, entzuten al didazu, Kristina? Kristina, mesedez?
Ezin nion entzun, bere errealitate beretik ez behintzat.
ABADEA: Zer da hau, Kristina? Gutun bat utzi duzu?
Hala da, pianoaren aurrean eseri aurretik hitz bi idatzi nizkion abadeari, hantxe agertuko zela banekielako. Kartazala ireki eta irakurtzen hasi zen:
ABADEA: "Ez zaitez egun hauetan Helenarekin harremanetan jar. Utz iezaiozu ametsa gauzatzen. Badakit bueltatzean gaizki sentituko dela, baina hau guztia azaltzen diot bere logelan utzi diodan eskutitz batean. Barkatu egingo dit, zalantzarik ez daukat. Eta zuri, abade, zer esan diezazuket? Zure ondoan egongo nintzateke zure azken ordua iristen den egun horretan; baina ikusten duzun bezala, ez da posible izango. Ni banoa, ez zait denborarik gelditzen. Gauza bat soilik: beti dago itxaropena, beti. Pentsa ezazu maite zaituzten pertsonengan. Eta ez daukazu urrunegi joan beharrik. Hortxe nauzu ni. Beti pertsona berezia nintzela sentiarazi ninduzun, eta horregatik hitz bakar bat esan diezazuket: mila esker, eskerrik asko, ez zaitut ahaztuko. Eternitatean ikusiko dugu elkar. Betirako zure lagun Kristina" (...) Ez dago eskubiderik... zergatik zu? Zergatik horrela, Kristina? Zergatik?...
Eta negar egin zuen nire gorpua besarkatzen zuela. Negar egin zenuen, bai, eta zoriontsu sentiarazi ninduzun, abade, benetan diotsut. Zure babesa nabari nezakeen momentu hartan; beraz, ez nintzen bakardadean hil, zuk uste zenuen bezala. Zure bihotzaren taupadak senti nitzakeen. Urrun geratu da, dena den, zure bihotzaren bizitasun hura. Urrunegi. Laster jakingo duzu bestalde hau, hizketan ari natzaizun leku hauxe nolakoa den. Bai, ondo entzun duzu, abade. Nik neuk nahi izan dut zurekin hitz egin eta mezu hau esan. Egoera jasangarriagoa izango zitzaizula pentsatu dut. Eta ez zaitez kezka, hemen ondo egongo zara eta. A, eta ba al dakizu Helenaren azken berria? Haurdun dago, neskatila bat izan behar dute berak eta Alexanderrek. Badakit azkenaldian herritik nahiko baztertuta bizi izan zarela, horregatik azaltzen dizut hau guztia. Ume ederra izango da, bai jauna. Laku ertzean haziko dena, naturaz eta ilusioz inguraturik. Inoiz baino zoriontsuago ikusten ditut. Baina beste gauza bat jakin nahi al duzu? Gogoratzen al duzu Helenak bukatzear zuen nire erretratu hura? Dakizun bezala, hil aurretik ez zuen bukatu; hala, koadroa etxean jarri dute, egongela erdian zintzilikatuta. Eta badakizu zer? Oso pozik sentiarazten nau horrek. Egunen batean bilobak han ikusiko nau, eta nik, zera, betiko bizi izango naizen sentsazioa daukat. Barre egingo duzu, baina egia da.
Beno, agur esateko unea iritsi zait, mingarria bada ere.
Agur, abade, laster ikusiko dugu elkar, zu nire oroitzapenen parte zara eta. Momentu hau iritsita, pixkanaka argia itzaliko dut eta bakarrik utziko zaituztet. Ez ezazue ahaztu, dena den, zuek guztiok ere nire bihotzean eramango zaituztedala, eta hori, argi hori, ez dela sekula itzaliko. Betiko biziko da.
