Dokuteka
Azken eguneko bidaia: Guztiek gordetzen dute sekreturen bat
ABADEA: Ez al duzu zure senarraren kasuan pentsatu? Orain dela urtebete hil zen, zuen oporren amaieran; horixe duzu kasurik hurbilena. Bera hil zenean... Kristina, zer duzu?
KRISTINA: Ai, ene... Nola daiteke?!
ABADEA: Ondo zaude, Kristina? Erantzun, Kristina! Faborez, erantzun iezadazu (erantzuidazu)!
Han jarraitzen genuen biok, bankuan, laku ertzean, eguzkia zeruan... Baina zerbait erro-errotik aldatu zen ene bizitzan abadeak nire senarraz hitz egin zidan momentu hartan bertan. Nola ekidin nezakeen inpresio zakar hori, hura hil eta urtebetera, nire bizitzako amodioaz ari ginenean? Orain bera nire aldamenean ez zegoenean?
KRISTINA: Bai, bai, baina... galderak ezustean harrapatu nau, eta... Nolatan ez dut horretan lehenago pentsatu? Nolatan izan naiz honen...
ABADEA: Lasaitu zaitez, Kristina, mesedez! Zer duzu?
KRISTINA: Ez al dakizu nire senarra nola hil zen, abade? Azken eguneko bidaia
ABADEA: Xehetasunak ez ditut gogoan. Urtebete denbora dezente da, eta momentu hartan ni herritik kanpo nintzen. Baina zergatik?
KRISTINA: Esan dudan guztia gezurra da! Guzti-guztia! Zu zuzen zeunden eta beste guztia gezurra baino ez da! Ez da ahotsik egon, ez argirik, ez ezer. Ezin liteke. (...) Senarraren gorpua, abade, mendi-bidexka batean topatu zuten. Bide hori goizero egiten zuen; beraz, horrek ez ninduen harritu. Baina berak gau hartan mezua jaso izan balu, eta beraz jakin izan balu haiek izango zirela biziko zituen azken momentuak, zergatik ez zituen une horiek nire ondoan pasatu? Zergatik irten zen paseatzera orduan? Maite ninduen, abade, maite ninduen. Nirekin igaro nahiko zuen bere azken eguna. Ondo dakit nik hori... Nahiago dut zoratuta nagoela pentsatu maite ez ninduela pentsatzea baino!
ABADEA: Barkatu, Kristina, ez nuen horrelako egoerarik eragin nahi...
KRISTINA: Badakit, baina... (erdi negarrez) Gehienetan zoriontsuak ginen, eta azkenean amoranteak ez baina lagun oso onak ginen. Maite ninduen, maite nuen eta ezinbestekoa da niretzat ea berak ere mezu hori jaso zuen jakitea. Ulertuidazu, bidegurutze batean nago. Alde batetik, nik ez dut salbuespena izan nahi. Zergatik ni?; baina, bestetik, hil egin diren pertsona guztiei gauza bera gertatu baldin bazaie, senarra barne, berarekin akatsen bat egin nuela onartzea da, engainatuta bizi nintzela. Ez dakit zer nahiago dudan. (...)
ABADEA: Konprenitzen dut horrelako pentsamenduak izatea halako momentu batean, baina senarrak bihotzez maite zintuen, Kristina. Horretan ezin duzu zalantzarik izan. Ondo dakizu erotu beharrean maite zintuela.
KRISTINA: Ezin dezaket maitasunari buruz hitz egin. Dagoeneko ez. Bukatutzat eman dudan sentimendua da. Zergatik azaltzen zaizkit, gaur, behin bizi izan nituen gauza horiek guztiak nire borondatearen aurka? Ezin dut ulertu.
ABADEA: Hara, besterik ez bada, momentu horretara arte ez ezazu horretan gehiago pentsatu...
KRISTINA: Mezu horrek, mezu santu horrek, horri buruz ere zerbait esaten zuen. Kanpaiak entzuten nituenean amaituko zitzaidala bizitza.
ABADEA: Zer kanpai?
KRISTINA: Ez dakit, ahots hark garbi esaten zuen: 'Kanpaiak'.
ABADEA: (...) Tira, horrek konponbide erraza du. Nik ahal dudana egingo dut, eta horretarako elizdorreko kanpaiak astintzen dituzten sokak moztu eta kito! Hala, ez zuk ez inork ez du kanpai-hotsik entzungo. Ondo? (irribarre goxo bat).
KRISTINA: Zer? Elizdorreko kanpaien sokak moztu?
ABADEA: Bai, zergatik ez? Izan ezazu (izantzazu) konfiantza nigan.
KRISTINA: Egoera honetan ondo ulertzen dugu elkar gu biok. Badakizu zergatik? Bakardadeari beldurra diogulako. Bakarrik hiltzeari beldurra, ezta?
ABADEA: Zuk zorte handiagoa duzu, Helena zure alboan egongo da eta.
KRISTINA: Bai, egia da. Bera izango da nire konpainia. (emozionaturik halaber).
ABADEA: Ondo da. Lasaitu zaitez. Amelia Muruaren festan ikusiko zaitut orduan, ordu pare bat barru. Ez zenuen San Joan bezpera ahaztuko, ezta?
KRISTINA: Ez horixe. Hantxe, festan, izango nauzu.
ABADEA: Helena ere ba dator?
KRISTINA: Elkarrekin joango gara, bai.
ABADEA: Ez zaitut gehiago entretenituko orduan. Gero arte, Kristina.
KRISTINA: Gero arte bai, abade.
ABADEA: Eta zaindu zeure burua. Ez ezazu irribarre hori galdu, ados?
Hain zen fina nire ahotsa, zer esan nion aditzeko gauza ere ez nintzen izan. Konortea galtzeko zorian egon nintzen, barnean sentitzen nuen emozioa zela medio. Abadeak benetan ulertu zuen nire egoera, ondoan nuen eta ezingo nion sekula bere laguntza nahi adina eskertu. Lagun bat zen. Benetako laguna. Zer esan daiteke besterik?
Baina bazegoen nik neuk erabaki beharreko kontu bat: Helenari ere sekretua argitu edo ez. Garrantzi handiko zerbait zen, eta orduan ezinezkoa zitzaidan ondorengo orduetan gertatuko zitzaizkidan gauza guztiak susmatzea. Azkeneko momentura arte nire bizitza ezustez betea izan zen.
Ez gaitezen gal, ordea. Buelta gaitezen Helenarengana. Bera eta Alexander lakutik etxerako bidean ziren. Eta bertara iristear zirela, Maria ikusi zuten ate ondoan. Arratsaldero bezala, han zegoen euren laguna, emakume argal hura, serio-serio. Barru aldera pasatu ziren hirurak eta han Mariak trenean nirekin topo egin zuela azaldu zien.
MARIA: Aurreko abuztuaz geroztik Kristina ikusi gabe nengoen; eta, egia esanda, oso inpresio ona hartu dut. Nik uste baino hobeto ikusi dut, eta poztu egin naiz.
ALEXANDER: Bai, oso ondo eraman du bere senarraren heriotza. Hala uste dugu behintzat. (...)
MARIA: Helenak, ordea, zergatik ez du hitz egiten? Katuak mingainik gabe utzi zaitu, ala?
HELENA: Hau zorte txarra gurea, Maria! Ezin izango duzu sinetsi. Zuk kontatuko al diozu, Alexander?
ALEXANDER: Ez da hainbesterako ere. Bidaiari buruz ari zara, ezta?
HELENA: Nola esan dezakezu ez dela hainbesterako? Begira, gogoan al duzu Alexanderrek Estatu Batuetara egin behar duen bidaia?
MARIA: Bai. Gutxi faltako zaizu barkua hartzeko, ezta?
HELENA: Bihar goizean goiz abiatu behar dugu.
MARIA: Zer esan nahi duzu? Biok zoaztela? Zu ere ba al zoaz, Helena?
HELENA: Horregatik esan dizut zorte txarrarena. Entzun. Aspaldi samarretik genekien Alexanderrek aurtengo uztaila eta abuztua Estatu Batuetan pasatu beharko zituela, baina berarekin joango nintzela atzo bertan esan nion. Sorpresa bat eman nahi nion.
ALEXANDER: Halaxe da. Helenak piano-klaseetan irabazitako diruarekin hantxe hilabete pare bat igarotzea ondo egongo litzatekeela pentsatu genuen.
HELENA: Bai, urte osoa dirua aurrezten eman dut eta bi hilabete hauetan atseden hartu nahi nuke. Oporrak hartuko ditut, bai.
MARIA: A..., badakit zer gertatzen ari den. Horretaz guztiaz amak ez daki ezer, ezta?
HELENA: Ezin diezaioket banoala esan. Iparraldeko etxetik etorri da neurekin egotera, bihotza apurtuko diot, ondo baino hobeto ezagutzen dut ama, Maria,... Larriena zera da, nik benetan desio dudala Estatu Batuetara joatea. Dirua ere prest daukat, poltsa batean bilduta.
ALEXANDER: Bai, barkurako txartela bihar goizean portuan erostea pentsatzen genuen. Baina, uler iezadazu (ulertuidazu), Helena, horrelako bidaia bat egiteko aukera hurrengo batean ere izango dugu. Oraindik txartela ez dugu erosi, ez da hain arazo larria.
HELENA: Alexander! Atzo gauean zure iritzia guztiz kontrakoa zen! Bidaia hori elkarrekin egiteko amorratzen zinen. Ezin dut aldaketa hori ulertu.
ALEXANDER: Zure amarentzat pareta hauek guztiak oroitzapenez beteta daude, Helena. Eta kontuan izan alargun bezala pasatu behar duen lehen uda dela honako hau. Berarentzat ez da edozein uda.
HELENA: Badakit zer esan nahi duzun, baina aldi berean zuk eta biok elkarrekin pasatuko genuen lehen oporraldia zen. Gure lehen bidaia. Eta niretzat oso esanahi berezia zuen. (...)
MARIA: Zer egin behar duzu orduan, Helena? Erabakiren bat hartu beharko duzu.
HELENA: Horixe da nire asmoa. Bihar goizean portura joango gara eta Estatu Batuetarako txartel bat erosiko dugu niretzat. Zurekin joan nahi dut, Alexander. Dudarik ez daukat.
MARIA: Eta ama? Azken eguneko bidaia 66.Guztiek gordetzen dute sekreturen bat
HELENA: Gaur gauean esango diot guztia, Amelia Muruaren festan.
ALEXANDER: Ziur al zaude, Helena?
HELENA: Beti nahi izan dudana da. Ez daukat beste irtenbiderik.
Nik neuk zer esan dezaket? Momentu hartan ez nekien ezer Helenaren asmoei buruz. Susmorik txikiena ere ez neukan. Baina nork daki gure ondoko pertsonen bihotzean gertatzen denaren berri? Nahiz eta bihotz horiek gure seme-alabenak izan. Horretan ezjakinak gara, zinez.
