Dokuteka
Azken eguneko bidaia: Argi apur bat tunelaren bestaldean
Momentu hartan ez nekien ezer Helenaren asmoei buruz. Susmorik txikiena ere ez neukan. Baina nork daki gure ondoko pertsonen bihotzean gertatzen denaren berri? Nahiz eta bihotz horiek gure seme-alabenak izan. Horretan ezjakinak gara, zinez.
Egun-argia itzaltzen zihoan pixkanaka, teilatu zahar horiek, zuhaitz puntak eta mendi-tontorrak laranja kolorearekin margotuta ageri ziren. Hoztu egin zuela ere ondo gogora dezaket. Etxe barruan geunden Helena eta biok, bakarrik bizitokiaren bigarren pisuan, jangelan zegoen musika aparatu hartan disko bat biraka eta biraka zebilen bitartean
HELENA.- Zer iruditzen zaizu musika hau, ama? Gustukoa duzu?
Irribarre soil batez erantzun nion. Bera, eskuila baten bidez, ilea orrazten ari zitzaidan apaintze-mahaiaren ispiluaren aurrean.
KRISTINA.- Badakizu zer, Helena? Zure aitak izan zuen desgrazia kenduta, uste dut zorte handi samarra izan dugula zuk eta biok azken urte honetan. Ez al da pozik sentitzeko arrazoia biok bizirik gaudela jakitea? Hor kanpoan gertatzen ari den gerra petral horregatik hitz egiten ari naiz.
HELENA.- Bai, badakit zer esan nahi duzun.
KRISTINA.- Bonba batek, tiro batek, edozein momentutan hil gaitzake, eta beraz, azken urte honen buruan, zoriontasuna sentitu behar dugu. Zoriontasuna baino ez, Helena. Elkarrekin gaude hemen, gure paradisu partikularrean, Amelia Muruaren festarako prestatzen. Ez al da zoragarria, e?
HELENA.- Horixe dela zoragarria, ama. Eta distantziarengatik bereizirik gaudenean horrelako momentuak gogoratu behar ditugu. Zin egidazu.
KRISTINA.- Garbi dago gogoratuko ditudala. Bai nik, bai zuk. Baina zertara dator orain distantzian pentsatzea? Ni hemen nago, zu nirekin zaude. Ez dezagun biharko egunean pentsatu, ez dauka zentzurik eta. Ikusi al dituzu nire belarritakoak, Helena? Perla txiki horiek... Non utzi ote ditut, hau burua hau!
HELENA.- Ama, zera,...
Burua ispilurantz altxatu nuen eta Helenaren begiak dadarka ikusi nituen, beldurrarengatik. Harrituta geratu nintzen orduan, kezkaturik.
HELENA.- Lehen zurekin ez naiz benetan aritu. Bi gauza oso garrantzitsu ezkutatu dizkizut, eta ez dut uste horretarako eskubiderik dudanik.
KRISTINA.- Zertaz ari zara? Bi gauza oso garrantzitsu ezkutatu dizkidazula? (...) Eta zergatik ba? Zein da arrazoia, Helena?
HELENA.- Utz iezadazu (utzidazu) hitz egiten ama, eta ikusiko duzu. Lehenik eta behin, Alexanderren gaia dago. Alexander, bai. Oso pertsona leiala eta eskuzabala da nirekin, eta maiteminduta gaude... ez dakit ezer zentzuzkoagorik esan dezakedan. Nik bera nire ondoan behar dut beti, eta ezin sinetsizko zoriontasuna eragiten dit berak niregatik gauza bera sentitzen duela jakiteak. Zoriontasunik handiena, ama.
KRISTINA.- Zein hitz ederrak esan dituzun, Helena. Baina...ezin dut ulertu orduan zer arazo aurkitzen duzun egoera horretan. Hori al zen esan nahi zenidan sekretua, Helena? Ez al dago besterik?
HELENA.- Honekin zerikusia duen kontua da.
KRISTINA.- Ondo da, aurrera orduan. Ez ezazu (etzazu) beldurrik izan. Momentu honetako poztasuna ezin hautsizkoa dela uste dut eta.
KRISTINA.- Entzun al duzu? Norbaiten zain al zaude?
HELENA.- Ez. Bai Alexanderrek bai Mariak giltzak dituzte. Arraroa da oso.
KRISTINA.- Nor izan daiteke, orduan? Itzal ezazu (itzaltzazu) musika, Helena.
HELENA.- Kontuz ibili, ama. Nik begiratuko dut nor den.
KRISTINA.- Ez. Nik egingo dut, lasaitu zaitez orain.
Bigarren pisutik lehenengora jaitsi ginen, egongela zabalera ematen zuten eskailera haietan behera. Helena atzetik zetorren, hanka-puntetan eta bere eskuarekin niri gerritik helduz. Gortina alde batera egin eta sarrerako ate ondoko kristal batetik atera nuen burua.
HELENA.- Nor da, ama? Nor da?!
KRISTINA.- Ene, hau txotxolo parea gu biok! Oria Jenerala da eta!
HELENA.- Oria Jenerala! Zertara etorri ote da?!
KRISTINA.- Agurtzera etorriko da, zer izan daiteke besterik? Kaixo, Jenerala, kezkatu egin gaituzu. Gaueko bederatziak dira eta ez genuen inor espero.
ORIA JENERALA.- Lasai egon zaitezkete momentuz, Jeneral bat etorri zaizue bisitan. (Handikeriaz) Hor da hor.
KRISTINA.- Noski! Eta bisitan zatoz orduan, Oria?
ORIA JENERALA.- Bai, etxez etxe ari naiz mezu bat zabaltzen. Zera, badira egun batzuk herritarrek baso inguruan aurkako fronteko soldaduak ikusi dituztela; beraz, hori kontuan hartzeko etorri naiz. Itxi itzazue giltzarekin ate guztiak arazorik izan ez dezazuen, ados?
HELENA.- Zer gerta dakiguke soldadu horiek etxean sartzen badira?
ORIA JENERALA.- Batek daki! Normalean dirua eta gauza garestiak lapurtzearekin nahikoa izaten dute, baina hilketa kasuak ere entzun izan ditugu.
KRISTINA.- Armak badituzte orduan.
ORIA JENERALA.- Gu geure esku dagoena egiten saiatzen gara. Postuak jarri ditugu, soldaduak erne dauzkagu, baina batzuetan ez da nahikoa izaten. Horregatik, kontuz ibili, mesedez.
KRISTINA.- Ondo da, Oria Jenerala. Eskerrik asko albistearengatik.
ORIA JENERALA.- Prebentzioa izaten da kasu hauetan lagungarriena, ezta? (barrea) A, eta ahaztu aurretik, iaz ezinezkoa egin zitzaidan zuri atsekabean laguntzea zure senarraren nahigabea izan genuenean. Orduan ni kanpoan nintzen, baina orain aukera izanda...
KRISTINA.- Ondo da, onda da Jenerala. Mila esker eta ez zaitez horregatik larritu.
ORIA JENERALA.- Hain gizon aparta zen zure senarra... Herrian benetan maite genuen gizon hura, bai jauna!
HELENA.- Ondo da, Jenerala. Amelia Muruaren festara abiatu behar dugu orain,E eta ezin dugu denborarik galdu.
ORIA JENERALA.- Noski, ez zaituztet gehiago entretenituko orduan. Ondo pasa dezazuela eta ea sarriago elkar ikusten dugun, Kristina. Zoragarria zaude eta.
HELENA.- Utzi egin beharko zaitugu, Jenerala. Beste batean etor zaitez, ados?
ORIA JENERALA.- Zuek esan bezain pronto. Agur ba, emakumeok.
HELENA.- Arriskua dugu hor, atearen bestaldean, eta berak emakumeak buruan. Sinesgaitza da batzuek duten lasaitasuna. Zer duzu, ama? Ondo al zaude?
KRISTINA.- Ez, ez da ezer... Zure aitaren oroitzapenak ekartzen dizkidate horrelako topaketek. Eta, gainera, gaur egun berezia da. San Joan bezpera. Ke-usain hau, abestiak, jendea dantzan sutzarren inguruan... Bera nire ondoan balego, dena guztiz desberdina izango litzateke. Eta ezin dut inola ere segurtasun hori burutik kendu.
HELENA.- Begira iezadazu (begiraidazu), ama. Badakizu zer egingo dugun? Sorpresa bat daukat zuretzat, kutxa honetan. Inoiz ez duzu asmatuko nork egindako oparia den.
KRISTINA.- Gustu oneko pertsona batek egindakoa dela pentsatu nahi dut. Ez nuke besterik inoiz onartuko (irribarre) Zer da, baina?
HELENA.- Aurrera, ireki ezazu kaxa.
KRISTINA.- Poltsikoko erlojua! Hori da hori asmatzea, Helena! Aspalditik eduki nahi nuen horrelako erloju bat! Nola demontre asmatu duzu?
HELENA.- Ama, ez dut esan nik oparitutakoa denik. Eman iezaiozu (emaiozu) buelta.
KRISTINA.- Ene bada,...
Eta han ikusi nituen letra horiek. Haren izena eta nirea zekarren idatzita zilarraren gainean. Nire senarrak sinatzen zuen opari hura eta ni, ulertzekoa denez, hitzik gabe geratu nintzen. Harrizko irudi bat banintz bezala, opariari begira jarraitu nuen Helenaren begiradapean.
HELENA.- Erlojugileak ekarri zuenerako, aita hilda zegoen; eta zu, jada, iparraldeko etxera joanda zinen. Aitak hil baino egun batzuk lehenago egin zion enkargua, eta zure urtebetetzerako eginda edukiko zuela zin egin zion hark. Ekarri zuenerako, zu joanda zinen eta ni momentu hobe baten zain egon naiz. Opari berezi bat da eta, beraz, une berezi bat eskatzen zuen.
KRISTINA.- O, Helena,... Ezin izan duzu momentu aproposagorik aukeratu. Ez dakizu ondo zenbateraino egiten nauen zoriontsu opari honek. Ez duzu sekula jakingo, Helena. Erloju honen bidez aitak hitz egin balit bezala da. Eta beti nire ondoan izan dela esaten dit. Argi entzun dezaket.
HELENA.- Horixe maite zintuela. Erloju hau aurrean edukita zer froga behar duzu? (...) Aurrerantzean zuretzat balio handia izango duela iruditzen zait.
KRISTINA.- Bai, hala da.
HELENA.- Eraman ezazu (eramantzazu), ba, beti zeurekin.
KRISTINA.- Hau da lehen esan ez didazun bigarren sekretu hori, ezta? Zein alaba ona zaren, Helena! Zein ona!
Baina nik oraindik ez nekien opari hori, nire senarrak oparitutako erloju hori, ez zela Helenak ezkutuan zuen sekretua. Niretzat, Alexanderrek eta berak zituzten planak ziren oraindik misteriorik handiena. Baina, bien bitartean, Helenak ez zekiena zera zen, nire denbora betiko agortzen ari zela.
