Dokuteka
Agerraldia 1 Atala 4
AMONA: Kaixo, gazte! Umm... Jateko modukoak...!
AITA: Egun on, ama! Oso goxoak, bai!
AMONA: Ba, ni ere ez naiz, ba, gutxiago! Apetitu onez jaiki naiz gaur. Jar iezadazu arrautza pare bat, frijituak nik ere, eta laranja-zuku bat: kafea... kafe hutsa, oso kargatua eta azukrerik gabe. Badakizu... diabetedunok... eta... Itxaron momentu bat... Zer ordu da?
AITA: Ba, zortziak laurden gutxi.
AMONA: Goizekoak?
AITA: Bai, goizekoak, bai!
AMONA: Ui-ui-ui! Ba, mugi zintezke, gazte! Ez nuke zortzietako partea galdu nahi. Akabo, bestela, nire eguna! Aitaren batean gosaldu, eta banoa...
AITA: Sukaldari bila ez bada!
AMONA: Zer esan duzu? Nire gosaria prestatzeko adina ez al zara, e? Arrautza pare bat frijitzeko ere gauza ez?
AITA: Gustura zerbituko zintudake, baina... denboraz juxtu samar nabil, ba, ni ere! Eser zaitez hemen nirekin pixka batean nahi baduzu, berehala etorriko da eta!
AMONA: Ez dago gaizki esana, gazte, inporta ez badizu, behintzat!
AITA: Baita zera ere! Esan dizut, ba, berehalaxe hemen dela bueltan!
AMONA: Nor? Zure emaztea?
AITA: Ez, beno...
AMONA: Sukaldaria ez da, orduan, zure emaztea?
AITA: Ez.
AMONA: Eta... hemen ere ez dago!
AITA: Ez, sukaldaria ez.
AMONA: Eta emaztea?
AITA: Ba, bai, baina...
AMONA: Gizonaren misterioak! Oraingo gazteak ez zaudete, behintzat, ulertzen errazak! Beno, alde batera kasik hobe! Lehendabizi, partea entzun, eta berehala hemen naiz.
AITA: Zeuk ikusi!
AMONA: A, eta... ea emazte on bat noiz aurkitzen duzun, e?
AITA: Saiatuko naiz!
