Dokuteka
Agerraldia 11 Atala 9
Irratia urrutian entzuten da orain.
TXARO: Aizue, ideia bat.
TXETE: Beste bat?
TXARO: Ea zer iruditzen zaizuen...
TXUSMA: Ez duk azkenekoa izango!
TXARO: E... gustura al zaudete lan honekin?
TXETE: Joe, gustura... Zer egin behar dugu bestela?
TXARO: Neuk kulpak hiri galdetzeagatik!
TXETE: Egia dun eta! Besterik ba al zeukanagu, ba?
TXARO: Horregatik, ba!
TXUSMA: Ni, bai, ni gustura ari ninduan atzoko hori arte.
TXARO: Eta... lana zertxobait aldatuko bagenu?
TXETE: Hori dun arrazoia! Oraintxe juxtu-juxtu, paper guztia ikasita daukagunean!
TXUSMA: Hi, aizan; hik jakingo dun zer pentsatu dunan, baina, edozein moduz ere, oraintxe bertan esan beharko dun. Ez gaitun hemen, beti bezala, atzera eta aurrera ibiliko!
TXARO: Horregatik egin dizuet galdera!
TXETE: Ba, nire bototik, ez. Nik ez dinat orain ezer aldatzerik hasi nahi.
TXARO: Beno, nik zer pentsatu dudan kontatuko dizuet, eta gero hitz egingo diagu, bale?
TXETE: Hitz egin eta hitz egin! Besterik ez zekinagu egiten!
TXUSMA: Isilik egotea adinakoa baduk!
TXARO: Beno, ez zaitezte orain elkarrekin sesioan hasi!
Kotxe barruan, motorra arrankatu nahian.
MAITE: Zer? Gaur ere gasolina auzoan?
AITA: Ez, ba! Depositua bete-bete eginda dago. Begira! Baina ez du arrankatu nahi.
MAITE: Ba, gaur presaka naiz, ba!
AITA: Ez dakit zergatik uzten dizudan nahi duzuna egiten!
MAITE: A, ez? Nik esango dizut: zerorrek ere hankasartze galanta egin duzulako.
AITA: Ez dakit, ba... Oraindik ere... Zergatik ez zidan zure amak dena ondo esplikatu, gauzak horrela izanda?
MAITE: Lehenengoz, amak ezer esplikatzen ez dakielako; eta, hori gutxi ez dela, bigarren, zuk ere ezer entzuten ez dakizulako.
AITA: Ezetz? Zertan ari naiz, ba, oraintxe ere, zuri entzuten ez eta?
MAITE: Niri izanenean, amari ez, behintzat! Harekin ez dakit zer gertatzen zaizun.
AITA: A, niri? Hari ez zaio ezer gertatzen?
MAITE: Baita hari ere, bioi!
AITA: Antzerki-lan bat! Sinistea ere!
MAITE: Ez duzula oraindik sinisten?
AITA: Kontu aldrebesagorik oraindik!
MAITE: Aldrebesa zeu zara zu! Ea, zer pintatuko zukeen Txarok han erdian, ama bi maitalerekin egon izan balitz? Horixe pentsatzeko adina ere ez al zara? Horixe ikusteko ere gauza ez?
AITA: Baina... bera ere jakinaren gainean egon, eta nahita egiten ari zela ematen zuen, ordea!
MAITE: Ai! Amak ala zuk, nork ikusten ote ditu telenobela gehiago!
AITA: Zure amak, dudarik gabe.
MAITE: Ez zen galdera bat... Eta, saia zaitez berriro, ea arrankatzen duen.
