Dokuteka
Agerraldia 11 Atala 10
Saiatzen da, baina alfer-alferrik.
AITA: Ba, honekin jai dago!
MAITE: Oinez ez naiz, ba, iristen.
AITA: Hobe! Hartara pare bat gauza gehiago argituko dugu.
MAITE: Argitu? Ba al da oraindik argitu beharrekorik? Nahi baduzu, atzoko bi mutilak aurkeztuko dizkizut. Orduantxe konturatuko zara bene-benetan zure hankasartzeaz.
AITA: Ez, uztazu. Baina...
MAITE: Zer da orain? Gutxienez bigarren klasera iritsiko banintz...
AITA: Zer esaten didazu karta horietaz? Norbaitek idazten dio!
MAITE: Lehen ere esan nizun garbi asko zer pentsatzen dudan horretaz. Bat, uste dut oso gaizki egiten duzula; amaren kartak amarenak dira. Bi, zuri zer axola zaizu amari norbaitek kartak idaztea? Eta hiru, kontu hori argitu nahi baduzu, zuzenean berari galdetzea duzu onena.
AITA: Bale! Bat, kartak nire etxera iristen dira.
MAITE: Amaren izenean.
AITA: Bi, asko axola zait oraindik zure amak egiten duena.
MAITE: Bai... ikusi besterik ez dago!
AITA: Eta hiru, zerorrek esan duzu, duela minutu gutxi, zure amak eta nik ezin dugula elkarrekin hitz egin.
MAITE: Saiatu ezean, nola, ba? Edo, etxean sartzen zaren bakoitzean, builaka hasten bazara? Baina, hara, oso erraza daukazu: gera zaitez egun batean berarekin, eta dena eginda daukazu! Zer apustu? Adio... banoa!
Beheko tinbrea.
TXETE: Tinbrea al zen?
TXUSMA: Horrelako zerbait!
TXARO: Bai, beheko tinbrea!
TXETE: Baietz bera izan!
TXARO: Baina Maitek esan dik...
TXETE: Ni banian...
TXUSMA: Eta bera ez bada?
TXETE: Hi... ospa, zera... badaezpada ere!
TXARO: Beno, gutxienez nor den ikusi arte egon beharko diagu, ba, ezta?
TXUSMA: Horixe!
AMONA: Bai?
AITA: (Beheko interfonotik) Ama, ni naiz.
AMONA: Zer nahi duzu?
AITA: Maritere hor al da?
AMONA: Ez. Onassisekin alde egin du.
AITA: Ama... berarekin hitz egin nahi dut. Ireki ezazu atea.
AMONA: Ez zara, ba, sututa etorriko? Purrustada gehiagoren beharrik ez dugu, gero, e!
AITA: Ez, ama, zaude lasai! Gauza batzuk argitzera nator, horretaraxe bakarrik...
AMONA: Hobe duzu, bai!
AITA: Tira, ireki atea, ama. Gaur ez dago gerrarik!
AMONA: Erraza da, ba, zurekin asmatzea!
