Dokuteka
Agerraldia 15 Atala 1
MAITE: Nire amona eta zure aitona elkarrekin goxo-goxo? Ezin dut sinistu, Txema!
TXEMA: Ba, aspalditik datorren kontua da, ba, Maite! Guk bai, jendeari entzunda eta abar, guk jakin bagenekien aitonak bazuela lagun bereziren bat, baina, noski...
MAITE: Baina... oraindik sinistu ezinda nago! Gure amonak ez du, ordea, inoiz, e, inoiz, ez ezer esan eta ez ezer aipatu ere egin.
TXEMA: A, eta zer uste duzu, gure aitonak zerbait esan duela, ala?
MAITE: Baina zer da, orduan? Ezkutuko harreman bat?
TXEMA: Bai, horixe! Klandestinoa, nolabait esateko!
MAITE: Ezin dut ulertu! Ezkonduta al dago zure aitona?
TXEMA: Ezkonduta egon zen; gaur alargun dago, joan deneko, ez dakit, hamabost urte hauetan bai, gutxienez.
MAITE: Eta, orduan? Zergatik ezkutuka ibili, orduan?
TXEMA: Ez dakit ba...
MAITE: Baina... ea, ez dezagun hankarik sartu! Etxera-bidean, esan didazu, ikusi duzula aitona.
TXEMA: Bai, zure amona besotik helduta zeramala.
MAITE: Seguru al zaude?
TXEMA: Egongo ez naiz, ba, seguru! Lehen ere, behin edo behin, ikusi izan dut gure aitona emakume bati besotik helduta, baina... ez nion batere garrantzirik eman! Emakume batekin zihoala, bai, baina... ez dakit ba, ez zitzaidan burutik pasa ere egin hura zein izan zitekeen erreparatzen hastea! Baina oraingoan... hain gertutik ikusi dut...
MAITE: Eta beraiekin hitz egin al duzu?
TXEMA: Hitz egingo ez nuen, ba! Baita zure amonak ezagutu ere ni, azkar asko! Gorritu eta guzti ere egin da, ni nor naizen konturatu denean!
MAITE: A! Oraintxe ulertzen dut zergatik zaren zu harentzat hain planta oneko mutila! Derrigor hala izan behar, bere maitearen antza hartzen badizu!
