Dokuteka
Agerraldia 12 Atala 14
AITA: Esadazu egia, Maritere. Norekin zabiltza?
AMA: Pedro! Uste al duzu norbaitekin ibiliko banintz, ezkutuan ibiliko nintzatekeela? Ai, gizajoa! Egunean zazpi aldiz gutxienez ikusi beharko ninduzuke, propio zuregana joanda! Ezagutuko zenuke ederki, bai horixe!
AITA: Ba, Maritere, ez dakit hori egia den ala ez, baina egia baldin bada, zuregatik ederki penatuta bizi denen bat bada!
AMA: Gizajoa! Nor ote da?
AITA: Ez dakit. Hauek dira azken egunotan iritsi diren kartak.
AMA: Ene! Eta ni ezer jakin gabe! Pedro!
AITA: Badakit ekarri behar nizkizula, baina ezin, Maritere. Ez dut korajerik izan. Denak irakurri, eta zeloz beterik hor egon naiz...
AMA: Esplikazio errazegia da hori, Pedro!
AITA: Horixe da, ba, egia, neure lotsatarako bada ere! Oraindik ez dakit... ez dakit nola esplikatu eta nola justifikatu.
AMA: Ez daukazu horretan hasi beharrik. Utzi niri karta horiek, eta ikusiko dut zer egin.
AITA: Baina, Maritere, inor ez badabil zure atzetik, ez daukazu zertan hauek irakurririk. Denbora alferrik galtzea besterik ez duzu egingo. Txoro-kontuak besterik ez dira hauek denak!
AMA: Nireak baldin badira, nik irakurtzeko idatzi ditu norbaitek; eta horrela izanda, derrigorrezkoa zait nork idatzi dituen jakitea!
AITA: Baina...
AMA: Ez nizuke eskerrik eman behar karta hauek ekartzeagatik, baina oraindik pertsona edukatua naizela kontura zaitezen, eskerrak ematen dizkizut. Eta, honenbestez, hementxe amaitzen dira elkarri esan beharreko guztiak!
AITA: Maritere...
AMA: Lan asko daukat, Pedro. Beste bat arte!
