"Euskara zaila dela dioen mitoa gezurrezkoa bezain zaharra da"
Horixe esan dio Karlos Cidek Kike Amunarrizi Tribuaren berbak telebista-saiorako egindako elkarrizketan.
Madrildarra da Karlos Cid, Unibertsitate Complutenseko irakaslea, eta euskara bikain ikasi du.
Kike Amonarriz.- Hara! Hemen erdaldun batek galdera bat utzi digu: “¿Es verdad que aprender euskera es casi imposible?”
Galdera interesgarria da, e? Ba badakit nork erantzungo digun, Karlos Cidek. Bera madrildarra da eta aizue, bide batez, horrelako galderak baldin badituzue, bidali, e? Oso zailak ez baldin badira, behintzat!
Eh! berandu egin zait, trena galduko dut!
Ramón Menéndez Pidal edo Henrique Knörr bezalako aditu batzuen ustez, Chamartín euskal jatorriko hitza da.
Dirudienez, CHA hori aitatik dator, aita Martin, atta Martin, atxa Martin, txamartin. Aita horrek buruzagia esan nahi du; Chamartín, beraz, Martin buruzagiaren herrixka izango litzateke. Baina goazen Karlosen bila, zain dugu-eta.
Batzuen ustez, euskara zaila da, baina ez al da suediera, alemana edo hungariera bezain zaila edo erraza?
K.A.- Hara, badator Karlos.Ez du ematen, baina madrildar peto-petoa da.
Kaixo, Karlos, aspaldiko!
Karlos Cid.- Kike Amunarriz, ongi etorri Madrila!
K.A.- Eskerrik asko! Ea Karlos, zer dela-eta elkartu gara hemen, estatua honen azpian.
K.C.- Ba, kontatuko dizut. Istorio polita du irudi honek. Hau da aingeru eroria, horrela deitzen zaio eta bestela esanda, deabrua eta hau da deabruari mundu osoan eskainitako irudirik bakarrenetakoa.
K.A.- Kontxo! Beraz, leku ezin egokiagoa euskararen zailtasunari buruz hitz egiteko.
K.C.- Dudarik gabe.
K.A.- Azkuek bildutako kondaira zahar batean arabera, zazpi urtez Euskal Herrian egon zen deabrua eta ez zuen ikasi ahal izan ez eta bai baizik eta hauek Baionako Santi Espirituko zubia iragaitean ahantzi zituen.
Karlos, eta euskara horren zaila al da? deabruak ere ezin izan zuela ikasi…
K.C.- Nik uste dut galdera batekin erantzungo nioke. Ba al dago deabrurik? Baldin badago, nik uste dut elebakarra dela eta elebakarra denez, iruditzen zait berarentzako hizkuntza guztiak direla zailak.
K.A.- Ondo ekarria, baina nondik sortzen da euskara zaila den uste zabal hau?
K.C.- Mito hori oso gezurrezkoa bezain zaharra da eta hiztegietan ere badago, hiztegietan ere agertzen da. Esate baterako, ba, gaztelaniaren hiztegian agertzen da vascuence hitza, hor agertzen da. Lehenengo adiera edo bigarrena euskal hizkuntza, baina laugarrenari erreparatzen badiozu, metaforikoki hain iluna dena non ezin baita ulertu.
Nik bidali diet gutun bat erdaltzainei ea kentzen duten, baina ez didate kasurik egiten.
K.A.- hala ere, zu froga praktikoa zara. Zu madrildarra zara…
K.C.- Bai.
K.A.- …gurasoak ere madrildarrak…
K.C.- Bai.
K.A.- …eta nondik sortu zitzaizun euskara ikasteko asmoa edo gogoa edo…?
K.C.- Hori… egia da froga nabarmena naizela ze nire ingelesa ezin kaxkarragoa da, nire frantsesa are kaxkarragoa eta ordea, izan naiz euskara ikasteko kapaz, horrek zeozer…
K.A.- Baita hika ere…
K.C.- Hika ere egiten diat, bai. Eta euskara aukeratu nuen edo euskara ikasten hasi nintzen arrazoi sentimentalengatik. Ba, baneukan aitona bat, bueno, euskalduna ez zena, baina euskal herritarra zena, Sestaokoa. Asko maite nuen, berarekin pasatzen nituen oporrak Portugalete aldean eta berak esan zidan, erdaraz noski, “Aizu, Karlos, gure familian inork ez daki euskaraz, zu zara nire ilobarik kutunena, ea animatzen zaren eta gure familian norbaitek ikasten duen euskara. Eta nik kasu egin nion.
K.A.- Euskal Herrikoek ez zuten ikasi eta zuk bai.
K.C.- Horixe bera! Horixe bera, hori askotan gertatzen da…
K.A.- Marka da, e? marka da!
K.C.- Denetik dago, baina egia da normala dela jende gehienak ez jakitea gauza askorik euskarari buruz eta bat-batean bat agertzea edo bi edo hiru ba badakitenak euskarari buruz zeozer.
K.A.- Eta gutxi gorabehera zuk zenbat madrildar euskaldun ezagutzen dituzu?
K.C.- Ba…berrehun bat izango gara. Pentsa, bai. Nik Hizkuntza Eskolan hamalau-hamabost urte eman ditut euskara irakasten eta nire eskuetatik pasatu dira gutxi gorabehera… hori, hirurehun, laurehun…
K.A.- Bestelako hizkuntza batzuk ere ikasi dituzu, txekiera, esate baterako, eta gainera, txekieratik euskarara ere itzuli egin duzu.
K.C.- Bai, txekiar literatura euskarara itzultzeko aukera izan dut, zenbait liburu euskaratuz. Horrek eman dit sekulako satisfakzioa horrelako zubiak, kulturen arteko zubiak sortzea iruditzen zait munduko gauzarik politenetakoa dela, pribilejio hori izan dut eta pozten naiz.
K.A.- Beno, Karlos, ba plazer bat izan da. Mila-mila esker eta ondo segi!
K.C.- Bueno ba, ondo segi, agur!
K.A.- Hurrena arte!