Dokuteka
SPA zentroetan pertsona ez da erabat sendatzen, baina onak dira lasaitzeko
Osasun-edertasunaren alorrak ezagutu duen hazkuntza ekonomikorik handienetakoa 2002an izan zuen. Guztiok nahi dugu gogo-gorputzez osasuntsu bizi, eta desio horrek ahalbidetu egin du enpresaburuen ekimenen artean bainuetxeak indartzea eta Salutem Per Aquam (SPA) zentroak, hau da, uraren bidezko osasun-guneak, sortzea.
2002an 90 bainuetxe zeuden martxan Espainian, 22 talasoterapia-zentro, 24 osasun-edertasun gune eta SPA zerbitzuak eskaintzen zituzten 50 hotel. Oso azkar gailendu dira SPA zentroak.
Baina, zein da bainuetxeen eta SPA zentroen arteko aldea? Nagusiki, tratamenduetan erabiltzen den ur-mota. Bainuetxe edo termetan batez ere ur mineral sendagarriez baliatzen dira probetxu publikorako gune izendatuak. SPA zentroetan, berriz, txorroko ur normala erabiltzen da, gatzak edo gehigarri batzuk erantsita. Bainuetxeetan ez bezala, SPA zentro bateko urak ez du aparteko ahalmen sendagarri edo edergarririk, baina bada lasaigarria. Zentro hauen beste alderdi on bat da normalean gure eskurago daudela ur termalak baino, hiri-erdian jarri baitituzte, eta noiznahi joan baikaitezke gune horietara.
SPA zentro hauetako urak gure gorputzarentzat duen eragina tenperatura-aldaketan eta ur-presioan oinarritzen da. Hozberoaren bat-bateko aldaketak onak dira odol-zirkulaziorako, adibidez. Uraren presioaren bidez egindako masajeak lasaitu egiten du gihar-sistema. Batez ere estresa arintzea eta gorputza bizkortzea dira zentro hauen helburu nagusiak. Ordubete edo pare bat ordu irauten du saio bakoitzak. SPA zentroko bezeroak igerileku-bainua erabil dezake, txorroko ur-masajeak, termak edo lurrunezko bainu turkoak, sauna, presiozko dutxa eskoziarra edo dutxa 'vichy' edo dutxa jet izenekoa, ur-zorrotadekin olio-esentziadunekin nahastuta. Zirkuitu termal horrez gain, izaten dira beste zenbait zerbitzu ere: gorputz-tratamendurako masaje terapeutikoak, adibidez.
SPA zentro bateko tratamendu izarra Hidroterapia-zirkuitua da. Saio bakoitzeko 18-35 euro ordaindu behar da, gutxi gorabehera ordubete irauten du eta zerbitzu hauek eskaintzen ditu: jakuzzi, hidroterapia-gunea, azazkalak tratatzeko putzua, putzu hotza, sauna eta bainu turkoa. Zentro batzuek 10-48 saiotarako bonuak eskaintzen dituzte, eta bonua erosita 10 eurotaraino aurrez daiteke saioko. Beste aukera bat izan ohi da, batez ere SPA zentroa polikiroldegiren batean badago, bertako sozio egitea, eta denbora-mugarik gabe erabil ahal izatea hilero 24-137 euro ordainduta. Dutxa eskoziarra zirkuituan sartzen ez bada, erabil daiteke saioko 9 euro pagatuta. Dutxa vichy eta jet dutxagatik 12-25 euro eskatzen dute, eta hor profesional baten zerbitzua sartzen da. Beste zenbait tratamendu erabiltzeagatik: drainatze linfatikoak, peelings, masajeak, lohi-bainuak sendogarriak eta zelulitisaren aurkakoak, 15-45 euro kobratzen dute.
Gela bat da, erabat itxia, eta hor bero idorra izaten da, 90°C-tan, eta %55eko hezetasuna. Saunak odol-zirkulazioa errazten du, toxinak kentzen ditu, muskuluak eta sistema nerbiosoa lasaitzen ditu. Baina, hori ez da ona tentsio arterial baxua dutenentzat.
Bero hezea izaten da bainu turkoan edo terman, hozberoa 45°C-koa eta %99ko hezetasuna. Hidratatzailea da, arnasbideak arintzen ditu, egokia da larruazala garbitzeko poroak zabaltzen direlako eta, gainera, lasaigarria da.
Presio handiko txorropean hartzen da, ur hotza eta beroa txandakatuz, era horretan gorputz osoan zabaltzen da uraren eragin ona. Zirkulazioa bizkortzen du, gorputza suspertzen eta muskuluak lasaitzen ditu eta gorputzeko hainbat gunetan egoten diren koipe-noduluak edo zelulitisa arintzen ditu. Ez da komeni dutxa-mota hori gune baskular ahuletan aplikatzea.
Presiozko dutxa honetan ura lau edo metrotik jaurtitzen da ura, eta terapeutak kontrolatzen ditu uraren indarra eta berotasuna. Ehun konjuntiboa eta muskularra bizkortzen ditu, eta gorputz osoa suspertzen.
Masaje-saio hau esku-ohean etzanda hartzen dena, ur epeleko zorrotadatxo epelez gozatzen da gorputza. Dutxa honek areagotu egiten du masajearen eragin ona, egokia ere bada estresa moteltzeko, eraginkorra da erreumari aurre egiteko.
Bainuontzian sartuta hartzen da burbuilak botatzen dituen ur beroarekin. Tentsioak arintzen ditu eta giharrak lasaitzen.
Pediluvio esaten diote erdaraz. Kontraste-bainu bat da, ur beroa eta hotza txandakatuz, oinak eta zangoak harrapatzen dituena, errekako harri-koskor borobilak zapalduz gabiltzan bitartean. Odolaren zirkulazioa bizitzen du, eta oso ona da zenbait ajeri aurre egiteko: hanka nekatuak, barizeak, edemak, linfa-edemak...
Ur beroa erabiltzen da, baina itxura desberdina duten txorrotek botatzen dute ura (ur-ohea, ahate-mokoa, turrusta, gerri-bankua, geyser, lau altura...). Txorro horiek altura desberdinetan jarrita daude, eta gorputz osoan zabaltzen dute ura, hozbero eta presio diferenteetan. Teknika horrek tentsioak arintzen ditu, odol-zirkulazioa bizkortzen du eta nerbioak baretzen.
Artritisa: Terma edo ur-bapore beroa, hotza ere tartekatuz, ur-gainean lasai egonez ur-masaje-putzuan.
Odol-zirkulazioa: Izerdi botatzea (terma), ur beroa eta hotza txandakatuz egiten den tratamendua.
Depresioa: Ur-masajerako putzua (ur-gainean erlaxatuz eta hanketarako bainua ur beroa eta hotza txandakatuz).
Bizkarreko ajeak:Terma-zirkuitu osoa (terma, ur-masajerako putzua, dutxa eskoziarra, vichy...) eta lohi-aplikazioa gorputzeko gune jakinetan.
Erreumatismoa: Burbuila-bainuak gehi ur-gainean lasai egotea.
Estresa: Ur-masajerako putzua, azazkalentzako putzua, terma,dutxa vichy eta masajeak.
Ez zaie komeni, edo hobeto esan da ezin dute, gaitz hauek daudenean:
Larruazaleko gaixotasun larriak, arnasbideetakoak, belarrikoak, gernu-aparatukoak, zirkulazio-sistemakoak (flebitis/odolbilduak, begietakoak. Miokardio-infartu gertatu berria Bularreko angina izan berria. Burmuin-gaitzak. Desnutrizio larriak (anemia, anorexia, HIES). Hipertentsio handia. Haurdunaldiko lehen hiru hilabeteak edo haurdunaldi konplikatuak.
