Aldizkari Digitala
Bainuetxeak
Aisialdirako tartea dugunean, aukera bat izan daiteke bainuetxeetara eta SPA (Salut Per Aqua) zentroetara joatea. Euskal Herrian aukera bat baino gehiago dago horretarako.
Batez ere negu partean, eguneroko zurrunbilotik, estresetik eta itomenetik ateratzeko modu ona izaten da. Baina, badakigu benetan zein onura duen talasoterapiak?
Bainuetxeetako zerbitzuak ez dira berri-berriak gure artean. XX. mendean, gizarteko dirudunek hainbat tenperaturatako bainuak eta lasaitzeko masajeak jasotzen zituzten. Gaur egun, debaldeko gutxi dagoen arren, poltsiko gehiagotara iristen da eskaintza hau. Euskal Herrian, 20 zentrotik gora daude, eta horrelako lekuetara joateko ohitura handitzen doa. ISPA eta ITEC Francen ikerketaren arabera, 100 milioi lagunetik gora joan izan da noizbait SPA zentro batera, eta ziur gure aitona-amonen gurasoek zer ziren ere ez zutela jakingo.
Gaiaren inguruan gehiago jakiteko, Euskal Herriko bi SPA zentrotara jo dugu: Donostiako Kontxa hondartzan dagoen La Perla Talasoterapia-Sport Zentrora eta Zumaiako Itzurun hondartza zaintzen duen Zelai Talasoterapiara. Gotzon Poza Perlako kirol-monitorea da, eta Jon Zeberio, berriz, Zelaiko zuzendaria. Biekin jardun dugu talasoterapia zentroei buruz.
Jon Zeberio, Zelai Talasoterapiako zuzendaria, eta Gotzon Poza, La Perla Talaso-Sport zentroko kirol-monitorea. |
|
Itsasoko uraren gatzak dituen ezaugarriek gure osasunari mesede egiten diotela frogatuta dago zientifikoki. Ur-zorrotadekin gure gorputzeko atalak lantzen dira, eta arnasketa-aparatuari, odol-isuriari on egiten die; eta, gainera, ona da giharrak indartzeko, gorputza birgaitzeko edo erlaxatzeko… Gotzonek esan digunaren arabera.
Hiru esparrutan banatzen dira bainuetxeen tratamenduen onurak: onura fisikoa, onura psikologikoa eta onura estetikoa. Hidroterapiak gure immunologia-sistema martxan jartzen du, eta, esaterako, hipertentsioa saihestu dezake. “Talasoterapiaren bidez, bizkarreko min muskularrak eta erreumatikoak lausotzeko aukera dago. Badirudi, digestioko, gernuko eta prostatako arazoei ere mesede egiten diela”, azaldu digute bi profesionalek.
SPA zentroetako tratamenduek eguneroko bizimodutik aldentzen laguntzen dute, eta, estresa alde batera uztean, norbere gorputza sentitzen hasten da: “Gorputzeko tentsioak lasaitzean, burua ere lasaitu egiten da, eta gaizki-egote psikologikoak desagertzen joaten dira”, azaldu digu Jonek.
Itxurari lotutako onurei begira, azken urteetan zentro hauetako gehienek edertasun-tratamenduak eskaintzen dituzte: gorputzeko peeling-a, aurpegiko hidratazioa, zelulitisa desagertzeko tratamenduak… “Horrelako zentroetan erraza denez lasai eta erlaxatuta sentitzea, gure aurpegiko espresioan ere nabaritu egiten da eta ederragoak egoten gara”, nabarmendu digu Donostiako kirol-entrenatzaileak.
ZER GUSTATZEN ZAIGU GEHIENA? ZERBITZUAK ETA JOERAK
Terapiek eta ekintzek ongizatean eta atsedenean laguntzen dute. Gaur egun, horrelako zentroek hainbat eskaintza dituztela kontatu digu Zelai talasoterapiako zuzendariak: “alde batetik, talasoterapia-zentroa dago, itsasoko ur-beroaren zirkuitua; bestetik, masaje hidroterapikoak eta tratamendu estetikoak ditugu. Jatetxea ere badugu, eta, azkenik, gure egoitzan lo egiteko hotela. Beraz, gure bezeroak normalean bizpahiru egunetarako etortzen dira, zerbitzu guztiez gozatzeko”.
Neguko asteburuko plana izaten da, gehienetan, bainuetxera joatea.
La Perlak ere hainbat zerbitzu ditu: “Talasoterapia gure lehen ardatza da. Tratamenduak ditugu, masajeak eta estaldurak. Errehabilitazioak aurrera eramateko eta elikaduran laguntzeko, mediku-zerbitzua dugu. Bestetik, gimnasioa eta jatetxea daude. Horiez gain, adibidez, haurrekin igeriketa-saioak ere egiten ditugu. Itxura, osasun fisikoa eta burukoa zaintzeko leku aproposa da gurea”, azaldu digu Pozasek. Gustukoena “relax gastronomikoa” izeneko packa dela esan digu Zeberiok: “relax gastronomiko izeneko paketea, eguneko plan bikaina da: goizean, ordu eta erdiko zirkuitua egin, eta, ondoren, bazkaria. Horrek du arrakastarik handiena gurean” .
La Perlan ere antzeko jarduerak estimatzen ditu erabiltzaileak: “gastronomia eta erlaxatzea. Lehenengo talasoterapiako zerbitzua, gero tratamenduren bat, masajea edo aurpegia zaintzea, eta bukatzeko, normalean jatetxean bazkaldu afaltzea. Jendeak, asko oparitzen ditu horrelakoak. Izan ere, azken batean, denetatik probatzeko aukera ematen du, eta zer hobe tripa betearekin bukatzea baino?”, esan digu kirol-monitoreak.
Itsasoko uraren onurak baliatuz, sendabide bila joaten gara talasoterapia zentroetara, baita aisialdiko denbora aprobetxatzera ere. Ur-zorrotaden indarrak eta ondorengo masajeak gosetu egiten gaitu eta otordu eder batekin bukatzea baino, zer hobeto? Zer iruditzen zaizu plana? Zu joan al zara noizbait horrelako zentroren batera? Eta zer onura topatu duzu?
JON ZEBERIO: Talasoterapia-kontzeptua da itsasoko ura eta itsasoko ingurunearen bitartez osasuna lortzea. Gu gehien bat saiatzen gera egunero daukagun estresa eta pixka bat alde batera uzteko, ba, gonbidatzen diegu gure bezeroei hiru-lau egun hemen pasatzeko, estresa uzteko eta gorputza berriro birkargatzeko edo indarrak hartzeko.
GOTZON POZA: Bueno, beti egon dira ikerketak eta horrela eta zientifikoki garantizatuta dago itsasoko urak beti onura batzuk ematen dizkiola gorputzari ja horrela hartuta. Eta gero guk egiten duguna da ur hori pixka bat tratatu, eta egiten duguna da tenperatura ezberdinekin eta gero zorrotada ezberdinen presioarekin eta horrela, diferentzia horiekin, tenperatura, indarrak eta horrela, gorputzean izaten dituen onurak eta egiten dira aldatu, batzuetan zerbaitetarako birgaitzetarako, errehabilitazioetarako, erlaxatzeko… Depende, segun.
J.Z.: Guk egiten duguna da, Itzurungo hondartzatik ura hartzen dugu, bonba baten bitartez gure instalazioetara igo, eta hogeita hamahiru gradutan berotzen dugu. Gero hemen atzean ikusten diren txorro ezberdinetan bainatzeko eta gorputzeko atal ezberdinak lantzeko.
G.P.: Talasoterapiak dauzka zirkuitua bera, eta gero egiten duguna baita ere dira tratamendu batzuk, azkeneko solairuan daude tratamendu batzuk: bai masajekoak, estaldurakoak lokatzekin eta horrela, errehabilitazioak baita ere egiten ditugu, gero baita ere dago jatetxea, orduan, egiten dira pixka bat denak ez? Dena bateratu eta orduan eskaintzen dira gauza-pila bat gimnasioa baita ere, haurrekin ere lan egiten dugu uretan pixka bat igeri ikasteko… asko daude.
J.Z.: Itsasoko bainuen bitartez, ur berotan bainatuz itsasoak dituen propietateak gorputzak hartu ditzan. Gero ditugun tratamendu ezberdinak aprobetxatuz gure jatetxeak ematen diren produktu goxoei esker eta baita ere daukagun ingurunea aprobetxatuz. Hemen, Itzurungo hondartzaren gainean gaude itsasoko brisak eta dauzkagun bistak ere laguntzen du.
G.P.: Hasten baldin bagara talasoterapiatik, normalean da zirkuituari buelta bat ematea gero tratamendu bat gehitzea, edozein tratamendu hori gainera pertsonalizatu egin dezakezu, bai masaje batekin edo estaldura batekin edo estetikako zerbaitekin, eta gero bukatzen dugu normalean edo bazkaltzen edo afaltzen. Hori izaten da gainera ikusteko dena ez? Eta orduan “pack” horiek dira gehien saltzen direnak.
J.Z.: Batez ere lasaitasun bila eta pixka bat… alde batetik, lehen esan dudan bezala, estresa alde batera utzi eta pixka bat kargatzeko ere bai, egunerokotasunetik deskonektatu eta pilak kargatzeko.
