Euskal baleazaleen aurkako sarraskia Islandian
IX. mendetik XVI. mendera euskaldunek balearen olioaren monopolioa izan zuten, izan ere, balea handiak harrapatzeko gaitasuna zuten bakarrak ziren. Ternuan baleak gutxitu eta Europa iparraldera jo zuten euskal baleazale askok, eta lurralde haietan gertakari gogorrak bizi izan zituzten; 1615ean, esaterako,32 euskal arrantzale hil zituzten Islandian.
Euskal Herrian balearen arrantzak garrantzi handia izan du historian zehar. Benito Lertxundik Balearen bertsoak abestian jaso zuen bezala, baleazaleek euskal lurraldeetara gerturatzen ziren animalia erraldoi horiek arrantzatzen zituzten, eta gure kostaldean balearik ez bazen, beste herrialdeetara bidaiatzen zuten baleak ehizatzera.
Euskal baleazaleak urrutira joaten ziren baleak harrapatzera, tartean Islandiara. Irudia: Euskal Itsas Museoa
Zerbitzu arkeologikoak eskaintzen dituen Suhar Arkeologia enpresako arkeologoa da Ander Arrese, eta beste hainbat arkeologo, historialari eta Ekoizpenak Gogoan ekoiztetxearekin batera Euskal baleazaleen triskantza dokumentalaren talde teknikoan aritu zen. Garai hartako baleazale gehientsuenak Ternuan, Estatu Batuetako iparraldean eta Kanadan kokatu ditu arkeologoak: “Konpetentzia handia zen eta ez zegoen nahikoa balearik horrenbeste baleazaleentzat. Arrazoi horrek eraman zituen euskal arrantzaleak Europa iparraldera, Islandiara konkretuki”.
Bertan kokatzen da gure istorioa, euskal arrantzaren historiako pasarterik beltzenetarikoa, eta haren protagonistak dira 1615.ean Islandiara baleen ehizara abiatu ziren 83 arrantzaleak. Pedro Agirreren, Esteban Telleriaren eta Martin Villafrancaren aginduetara joan ziren hiru galeoi gipuzkoarretan.
Ander Arrese arkeologo beasaindarrak Islandiako gertakaria aztertu du. Argazkia: Ander Arrese
Islandiakoa, kanpaina oparoa izan zen baleazale euskaldunentzat. Hamaika balea arrantzatu zituzten eta haien koipe eta haragiarekin diru-sarrera handiak eskuratzea aurreikusten zuten. Etxera itzuli aurretik afari batekin ospatu zuten balea-arrantzaren arrakasta. Ospakizun gaua behar zuenak, bestelako norabidea hartu zuen ordea.
Denboralea
Gau hartan sekulako denboralea altxa zen eta ekaitz bortitza eta izugarrizko olatuak ekarri zituen berarekin. Islandiako portuan zeuden galeoiak oso egoera txarrean gelditu ziren. Itzulera bidaia bertan behera geratu zen, eta euskal arrantzaleak Islandiatik atera ezinik geratu ziren.
XVII. mende hasieran, Islandia Europako herrialderik pobreena zen. Testuinguru horretan, Islandiatik atera ezinik geratu ziren euskal arrantzaleek jatekoa erosteko zailtasunak zuten. Ardiak erosi nahi zituzten, baina bertako nekazariek ez zuten ardirik saldu nahi; ez zegoen guztientzako elikagairik.
Gipuzkoako hiru galeoiak iritsi ziren kostaldea. Argazkia: Ander Arrese
Jarrera horrek euskaldunen haserrea piztu zuen. Aurrez ere ez zeuden oso gustura islandiarren jokabidearekin, itsasoan lanean ari zirela arrantzale islandiarrek balea-olioia lapurtu baitzieten euskaldunei. Euskaldunek ere zenbait lapurreta egin zituzten nekazarien lurretan.
Tentsioa baretzeko asmoz, Martin Villafranca kapitainak Jóm Grimsson apaiz islandiarra bisitatu zuen. Bisita hark kontrako eragina izan zuen. Ez zuten akordiorik lortu, eta euskaldunek apaiza jipoitu egin zuten. Erantzuna berehalakoa izan zen, Villafrancaren gizonak epaitu eta hiltzera kondenatu zituzten.
Ihes egin nahian
Epaiaren berri jakin bezain pronto, Islandia uzteko saiakera egin zuten euskaldunek. Pedro Agirreren eta Esteban Telleriaren gizonek ihes egitea lortu zuten. Villafrancaren 32 marinelek, ordea, ez. Eta islandiarrek sekulako sarraskia egin zuten arrantzale euskaldun horiekin; guztiak hil eta itsasora bota zituzten.
Urpekariak aztarnak bilatzera ur azpira sartu aurretik. Argazkia: Ander Arrese
Islandiarrek, gainera, bazeukaten legez euskaldunak hiltzeko eskumena. Gezurra dirudien arren, eskumen hori 400 urtez egon da indarrean, 2015eko apirilaren 22an baliogabetu zuten arte.
Ander Arreseren ustez “elkar-bizitzeko gaitasun ezak” sortu zuen euskaldun eta islandiarren arteko liskarra. “Egun elkarbizitza oso zaila bada, pentsa garai horietan. Herrialde bakoitzak bere bizimodua, lana ulertzeko modua edota ekonomia kudeatzeko sistema zuen. Aurrean daukazuna onartzeko gaitasunik ez badago, liskar handiak sor daitezke. Nik uste dut, moldatzen jakitea bertute oso handia dela. Elkarbizitza behar-beharrezkoa da bizitzako esparru guztietan”.
Helburu horrekin abiatu zuten Euskal baleazaleen triskantza dokumentala 2015. urtean. “Gure asmoa zen gertaera ilun haren inguruan dokumentatzea, liskarra azaleratzea eta halakorik berriro ez errepikatzeko gure hondar-alea jartzea”, adierazi digu arkeologoak.
Zein da Ander Arrese?
Ba bueno, ba ni Ander Arrese naiz, ni naiz beasaindarra, bueno hasiera batetik arkeologian oso zaletua (zalea) izan nintzen txikitatik eta, bueno, azkenean bukatu dut arkeologo izanez. Orain enpresa txiki bat daukat, Suhar Arkeologia izena duena, eta honekin hainbat proiektu egiten ditugu bai lurrean, bai ur azpian eta, bueno, kasu honetan baita ere honetara ekarri nauena izan da dokumental bat egin genuena ba dela (duela) sei urte, ba Islandian egin zen (izan ziren) gertakari batzuei buruz.
Zer gertatu zen 1615ean?
Ba bueno, garai hartan, baleazale gehientsuenak Ternuan eta Estatu Batuen iparraldean eta, bueno, Kanadako lurretan zebilzten (zebiltzan), baino han ba ja ahitu egin ziren haien, ba ehiza tokiak edo, baita ere konpetentzia handia sortu zen holandes (holandarren) eta ingelesen artean eta, orduan, euskaldunak beste toki batzuk bilatzen hasi ziren eta bukatu zuten joaten Europa iparraldera, asko Islandiara, eta, bueno, han gertakari batzuk izan ziren bertakoekin konfliktoak (liskarrak) edo lehiak sortu zirelako.
Nola izan zenuten gertakari horien berri?
Ba, horrela oso modu inozentean izan zen, hor bageneukan lagun bat ibiltzen zena batetik bestera eta Islandian bukatu zuen urte batzuetan, eta harekin komunikatuz esaten zuen, ba urteurrena pasatu behar zela gertakari hauena, ez? Euskaldun baleazale hauen erailketarena, eta han islandesak (islandiarrek) ba omen zeukaten oso barneratuta ba nolabaiteko damua edo, bueno, gertakari haiek ean (euren) kontzientzian pisatzen zuela (zutela) eta ba egin behar zituztela nolabaiteko ekintza batzuk hura omentzeko. Eta oso harrituta zegoen nola, guk, ez geneukan horrelako kontzientzia sozialik edo historikorik gertakari haienak, ez? Haiek hainbeste garrantzia ematen zieten Islandian eta, guk, ez genekigun (genekien) zer pasatu zen.
Zer ikertu duzue?
Bueno gure asmoa izan zen plasmatzea (islatzea) zer dagoen orain arte ikertuta eta jakinda hari buruz. Gure ikerkuntza ez zen oso sakona izan, izan zen gehienbat, bertako arkeologoekin harremanetan jarri, aztarnategietara joan eta beraiek egindako ba ikerketen emaitzak jakin eta eztabaidatu. Batetik, egon ginen hainbat indusketa egin dituen arkeologo batekin, Ragnarrekin, eta gero baita ere dokumentazio historikoaren bila ibili ginen edo elkarrizketak egin ginuzten (genituen).
Zer nabarmenduko zenuke gertakari horietatik?
Ba elkarbizitza oso zaila dela, eta herri bakoitzak bere bizimodua, bere lana ulertzeko modua, ekonomia ulertzeko modua dauzkala eta konfliktoak (liskarrak) sortzea oso erraza dela jarrera egoki bat batek ez badauka (batek ez badauka jarrera egoki bat), edo adaptatzen, moldatzen ez baldin badaki, ez? Nik uste dut moldatzen jakitea dela bertute bat oso handia.
Zer jasotzen du Euskal baleazaleen triskantza dokumentalak?
Ba jasotzen duena da, gehienbat, konflikto (liskar) hori, galdetzen diogu gure buruari zergatik gertatu zen, ez? Lehenago erantzun dizutena. Eta, orduan, pixka bat reflexionatzen (hausnartzen) dugu horri buruz, zergatik gertatu zen eta zergatik gertatu daitezkeen arazo hauek. Bestalde, guk, baita ere irudikatu nahi izan genuen guk geuk, han, baita ere adaptazio-arazo batzuk izan ginuzela (genituela) zergatik ez daukagu idiosinkrasia berdina (idiosinkrasia berdina ez dugulako), ez? Beraiek lana ulertzeko modua edo antolatzeko modua erabat desberdina zen eta, orduan, guk konflikto (liskar) batzuk edo gure lanerako arazo batzuk izan ginuzten (genituen).
Etorkizunera begira gai horretan sakondu nahiko zenuke?
Guk, azaleko azterketa bat egin genuen arren, badago egitea nolabaiteko, geofisika bidez edo magnetometria bidez, badaude mekanismoak aztertzeko bertara jaitsi gabe, eta halako zerbait eginez gero jakin ahal izango genuke ea ba ote dauden itsasontzi hauen aztarnak fiordo horren hondoan eta hori izango litzake (litzateke) aurrerapauso handi bat.