Beranduegi afaltzen dugu

Otorduak egiteko ordutegien inguruan ohitura desberdinak daude munduan zehar. Ordutegi horiek badute bere garrantzia eta pertsonaren osasunean eragina dute.

Ameriketako Estatu Batuetako gazteek zazpi kilo gizentzen dituzte, batez beste, unibertsitateko lehenengo urtean. Etxetik kanpo bizi direnez, zabor-jana eta garagardoa kontsumitzen dituzte; gauean nahiko berandu jan eta edaten dute, gainera. Zientzialarien ustez, jaten dutenak badu zerikusia pisu-aldaketa horretan, baita ere, zer ordutan jaten duten.

AEBko gazteak asko gizentzen dira unibertsitateko lehen urtean, batez ere, zabor-janaren ondorioz.

Argi dago ariketa fisikoak, jaten dugunak, eta otorduen ordutegiak, guztiak duela zerikusia gure gorputzean. “Ordutegi jakin bat mantentzen saiatu beharko genuke, gure bizi-estilora egokituta eta norberak duen erloju biologikoaren erritmoa errespetatuz”, azaldu digu Aitor Ugalde farmazialari eta nutrizionistak. Berarekin hitz egin dugu, afaltzeko orduak zer-nolako garrantzia duen jakiteko.

Zailtasunak
Alferrikakoa da 20:00etan afaldu behar dugula esatea, gure lanagatik edo kirola egiten ari garelako, ezin badugu bete. “Asko ordu horretan entrenatzera joaten dira, eta 22:00etan iristen dira etxera. Beraz, ezinezkoa da ordutegi hori betetzea. Beste askok txandaka egiten dute lan, eta gauez lan egiten dutenean, adibidez, eguerdian ohetik jaikitakoan ez dute goserik izaten”, kontatu digu.

Aitor Ugalde Andoaingo nutrizio-kontsultan.

Ugalderen ustez, ezin denean ezin da: “Beste erremediorik ez dugulako 22:00etan afaldu behar badugu, beti ordu berean afaltzea, oheratzea eta jaikitzea aholkatzen dut, errutina horretara ohitzeko gorputza”. Argi dago hobea dela arratsaldeko zortzietan afaldu eta hamarretan ohera joatea, ondoren zortzi orduz lo egiteko: “Nire iritziz, bakoitzaren egoerara egokitu behar dira elikadura, jatorduak eta kirola”.

Zer afaldu
Garaiz afaltzen saiatuko gara, baina zer jatea komeni zaigu? “Zerbait arina, lotara joaten garenean atseden hartzen utziko diguna. Normalean, barazki-plater bat gomendatzen dugu proteina duen zerbaitekin: arraina, haragia edo arrautzak”, zehaztu du. Hala ere, plangintza pertsonaren arabera diseinatzen dute.

Jaten dugunaz gain, garrantzia du hori prestatzeko aukeratu dugun moduak ere: plantxan, lurrunetan edo labean dira modu egokienak. “Horrela prestatzeak digestioa errazten du. Izan ere, koipeak edo frijituak afaltzen baditugu, gehiago kostatuko zaigu digestioa egitea”.

Barazki-platera afaltzen ari diren bi pertsona. (Pixabay)

Digestioa ere kasu batzuetan mantsoagoa da, eta beste batzuetan azkarragoa, pertsonaren arabera: “Bakoitzarena desberdina izan arren, afaltzen dugunetik ohera joan arte bi orduko tartea uztea gomendatzen dugu. Horrela, digestioari prozesua egiteko denbora uzten diogu, osorik ez bada ere, zati bat egin dezan”. Tarte hori baino txikiagoa uzten dutenek lo egiteko arazoak izaten dituzte askotan: komunera joan behar dute, egarria izaten dute… Horregatik da ona pare bat orduko tartea uztea.

Ingalaterra eta Frantzia eredu
Bi orduko tartea baino handiagoa uzten dute Europako hainbat tokitan, guk baino lehenago afaltzen dutelako. “Bi otordu indartsu egiten dituzte: gosaria eta afaria. Horrez gain, egunean zehar mokadutxoak egiten dituzte. Guk, aldiz, gosari arinagoa egiten dugu, eta bazkari eta afari astunagoak”, azaldu digu Ugaldek.

Ingelesek urdaia, hirugiharra eta arrautza gosaltzeko ohitura dute.

Frantsesek janaria prestatzeko olioa erabili beharrean, gurina erabiltzen dute, eta ingelesek urdaia, hirugiharra, arrautza… gosaltzen dituzte. “Kasu batzuetan horrela izango da eta beste batzuetan mito hutsa izango da, ezta? Nik ez nuke esango beraiek egiten dutena bere horretan kopiatu behar dugunik. Nik uste herrialde bakoitzak duen onena hartu beharko genukeela eta gurean txertatu. Adibidez, ordutegiari erreparatuta, frantsesena hobea da. Arin bazkaldu eta lanean jarraitzea da onena, baita arratsaldean etxera iritsi eta garaiz afaltzea ere”.

Beraz, guztia ez dugu frantsesek eta ingelesek egiten duten bezala egin behar: “Bakoitzak bere egoera pertsonalera egokitu beharko ditu otorduak. Hori da gakoa, jaten dugunarekin eta kirola egitearekin batera, noski”.  
Eta zuk zer ordutan afaltzen duzu? Ohera joan arte bi orduko tartea uzten duzu? Egia da gero eta beranduago afaltzen dugula?


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1. Zer ordutan afaltzen dugu?
Jende helduarengan ikusten duzu, eta guk lehenengo kontsultan egiten dugun galdeketa batean, ikusten dugu beraien bizi-estiloa eta beraien antolakuntza nolakoa den… Ikusten duzu 20:00ak, 20:30ak,  jada afalduta edo afaltzen ari direla. Jende gaztearengan 21:00ak, 21:30ak, 22:00ak, afaltzen dute gaur egun.

Nik ikusten dudana da gehienbat igual laneko ordutegiak, ikasketak, kirola… Jende asko dago: “Ez, entrenamendua nik daukat arratsaldeko 20:00etatik 22:00etara”. Orduan, claro (noski) horrek baldintzatzen duela asko gero bizi-estiloa edota guk egunerokotasunean mantentzen ditugun ordutegiak. Baina oro har nik uste dudana da egiten dela berandu oheratu, eta gero goiz jaiki. Orduan, lo egiten ditugun orduak asko murriztu direla, lehen egiten zirenetikan (zirenetik).
 
2. Kaltegarria da hain berandu afaltzea?
Bai, nik uste dut ez dela onuragarria, eta gehienbat ordutegia atzeratzeaz baino kaltegarriena ikusten dudana da gaur egun dagoen estresa, dagoen ordutegiak bete behar hori eta beti korrika eta presaka gabiltzala alde batetik bestera. Horrek askotan eramaten gaitu antolakuntza falta batera: etxera iritsi, edozer gauza afaldu; afaldu dudan horrek ez dit ongi deskantsatzen uzten; eta azkenean dena gurpil bat da, ziklo batean sartzen zara; eta azkenean, gure bizi-estiloa eta bizi-kalitatea okertzen ari gara, nahi gabe.

Baina bai, nik uste dut berandu afaltze horrek, gero goizean jaiki behar horrek ez digu uzten tarte bat uzten afaritikan (afaritik) oheratzeko ordura arte eta gero ba hori, ni lo nagoen bitartean, digestioa edo liseri-prozesua (liseriketa-prozesua) egin behar baldin badut, ez dit ondo atseden hartzen utziko.

 

B1
2020-01-24
  • Malutafilms
21386264
00:02:54
33583