Jatetxeen aro berria

Jatetxeetara joatea gure aisialdian maiz egiten dugun ekintza da. Ohiturak aldatzen baditugu, horrek eragina dauka gizarteko hainbat arlotan, eta baita jatetxeen jardunean ere. Sortu diren behar berriei erantzuteko egokitzen ari dira jatetxeak.

Jatetxeak janariak eta edariak kontsumitzeko salmenta-gune bat baino gehiago dira. Pertsonen arteko topagune dira; hitz egiteko, bizipenak partekatzeko, harremanak eraikitzeko, esperientzia berriak bizitzeko tokiak dira. Jatetxeetara joatea aisialdian familiarekin, bikotekidearekin edota lagunekin gehien egiten den ekintza da.

Jaki landuak etxera eramaten dituzte Maruka-gastro jatetxean. Argazkia: Maruka-gastro

Azken urteetan, eta, bereziki, Covid-19aren agerraldia eta gero, aldaketa ugari eman dira gizartean, eta horrek ohitura aldaketak sortu ditu jatetxeetan. Otorduak egiteko ordutegiak aldatu egin dira, jaki osasuntsuak aukeratzen dira edota teknologia berriak erabiltzen dira kontsultak egiteko. Jatetxeek bezeroaren beharretara egokitzea ezinbestekoa dute aurrera egiteko, eta zeregin horretan murgildu dira.

Negozio-unitate berriak
Jatetxe-negozio berrietan digitalizazioa eta etxerako zerbitzua aldaketa garrantzitsuak izan dira. Karta fisikoak digital bihurtu dira, eta mugikorra mahai gainean jartzea beharrezkoa izaten da askotan, jatetxeek eskaintzen duten aukeraren berri izateko.

Aldaketei ez die beldurrik Jon Gereka Maruka-gastro jatetxearen arduradunak, eta oztopoen aurrean aukera berriak zabaldu direla dio: “Karta digitala izateak menuak berritzeko lana asko errazten du. Egunaren arabera eskura ditugun produktuetara egokitu dezakegu gure eskaintza”.

Jon Gereka, Maruka-gastro jatetxeko arduraduna. Argazkia: Ikasbil

Menuaren ordainketa ere digitalki egiten da gehienbat, eskudiruaren kaltetan. Are gehiago, zenbait jatetxetan kontua ordaintzeko eta eskatzeko aplikazioak jarri dira abian. Gerekak ordainketa digitalaren abantailak azpimarratu ditu: “aplikazio horiek prozesuak azkartzea eragiten dute eta presaka dabiltzan bezeroek ez dute itxaron beharrik ordainketa egiteko. Askotan, deserosoa izaten da ordaintzeko zain egotea, eta horrek bezeroarengan eragiten du”.

Bezeroekin harremanetan jartzeko komunikazio-kanal berriak sortu eta indartu egin dira. Sare sozialak eta webguneak kontsumitzailea negoziora gerturatzeko bitartekari bilakatu dira. Erreserbak online egiteko aukera ere zabaldu egin da. Teknologia Maruka-gastro jatetxearen erakusleiho bihurtu dela nabarmendu du Gerekak; “gure eskaintza, ordutegia, karta edota menua ageri dira gure sare sozialetan edo webgunean. Horrela, bezeroak une oro informazioa eskura dauka. Erreserbak online egiteak ere gure bezero-sarea sortzeko aukera ematen digu”.

Jatetxea etxean
Azken urteetan asko hazi da janaria etxera eramateko zerbitzua. Orain arte janari azkarrari lotu izan zaio zerbitzu hori, baina pandemia dela-eta erabat egonkortu da jatetxeetan. Pentsaezinak ziren jakiak jatetxeetan prestatu eta etxeetara bidaltzen dira: elaborazio handiko platerak, zein parrilan erretako haragiak eta arrainak. Txuletak, zapoak edota bisiguak erretzera ausartu dira zenbait jatetxe.

Maruka-gastro jatetxea Getarian kokatuta dago. Argazkia: Maruka-gastro

Gerekak zera gaineratu du: “Etxerako zerbitzuak bezeroen leialtasuna bultzatzen du eta beste jende mota batengana iritsi ahal izan gara. Leku publikoetan eroso sentitzen ez den jendearekin harreman-sare berriak eraiki ditugu. Gu Getarian kokatuta gaudenez, bertako janaria saltzea gustatzen zaigu: olagarroa, bertako arraina… Etxerako zerbitzua janari azkarrarekin lotzeko joera aldatzen ari da. Gaur egun landutako platerak etxera eramateko eskaria handia da, eta jendeak gustura jaten ditu”.

Esan daiteke, beraz, etxerako zerbitzuari esker bezeroen inguruko datu gehiago eskuratzen direla, kostuak murriztu egiten direla eta bezero berriak lortzeko aukera handitu egiten dela.

Aipatzekoa da, bestalde, goi-mailako jatetxeek ere negozio-unitate berri bat jarri dutela abian: jatetxea bera etxera eramateko zerbitzua. Honek jatetxeko esperientzia etxeko sukaldean gozatzeko aukera eskaintzen du. Bezeroak hautatzen du eguna eta menua. Jatetxeko zerbitzariak eta sukaldariak etxera bertaratzen dira beharrezko gauza guztiekin: tresneria, jakiak, mahai-zapia… Bezeroak espazioa jarri behar du soilik eta beste guztiaz jatetxea arduratzen da.

Teknologiak jatetxeen erakusleiho bilakatu dira. Argazkia: Freepik

Etorkizuneko jatetxeak
Digitalizazioa eta eskaintza osasuntsua oinarri, jatetxeen kontzeptu tradizionala aldatu egin da. Protagonistak, ordea, betikoak dira, bezeroak. Gizartearen aldaketek baldintzatuko dute negozio-unitate berri honen iraungitze-data.

Jendeak tabernetara joaten jarraituko du, baina teknologiaren garapenak etxerako janari-zerbitzua indartu egingo du. Gerekak honela ikusten du jatetxeen etorkizuna: “Jendeak ordenagailutik egingo du eskaera eta zerbitzu osoa teknologizatuta egongo da”.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zein da Jon Gereka?
Jon Gereka getariar gazte bat da eta, orain, ba Maruka-gastro ireki dugunetik ba bertako arduradunetako bat (da).

Nola definituko zenuke Maruka-gastro?
Ba Maruka-gastro definituko nuke, ba azkenean, herriarentzako (herriarentzat) egindako leku batekin (bat bezala) eta dauzkala (ditu) Mexikoko ukitu batzuk. Orduan da Mexikoko eta hemengo… da hemengo jana Mexikoko ukitu batzuekin; orduan hemen erabiltzen ditugunak ba… adibidez arraina, tenporadako (denboraldiko) gauzak… ba horiek, Mexikoko ukitu batekin emanda.

Zein ohitura aldatu dira jatetxeetan?
Ohitura asko aldatu dira, azkenean, ba, bertan egiten den lana, lan gehiago hartu dugu ba desinfektatzeko orduan, mahaira gauzak eramateko orduan, jasotzeko orduan eta horrelakoetan. Eta baita ere, gero, aldatu da, ba, jana eramateko askoz gehiago egin behar izan dugula ordutegi restrikziogatikan (murrizketengatik) ere bai eta, bueno, hori da gehien bat aldatu dena.

Zertan eragin dizuete zuei ohitura aldaketa horiek?
Ba lehen komentatu bezala, ba, eragin digu ba lan gehiago ematen digu azkenean. Mahai bat altxa eta mahaia desinfektatzera (desinfektatu behar dugu), jana guk eraman behar (dugu) mahaietara beti, ezin dute altxa; orduan, gehiago atenditu (arreta gehiago eskaini) behar zaio, lan gehiago egitera mugatu digu (lan gehiago egitera behartu gaitu), baina bueno, azkenean hori ere parte da eta.

Digitalizazioa eta etxerako zerbitzua al dira zuen oinarria?
Bai, esate baterako, badaukagu baietz esatea (baietz esan genezake), zergatikan (izan ere), indar handia hartzen ari da ba bai Getariko jendearentzako (Getariako jendearentzat) eta bai inguruko herrietakoentzat ere bai, hemendik hartu eta jana eramatea. Digitalizazio aldetik ere bai, guk, Maruka-gastron, lan asko egiten dugu teknologiekin eta horrela. Eta, orduan, nahiko erraza egin zaigu edo nahiko erraz moldatu gara lan horietara.

Etxerako eskatzen den janari mota aldatu da?
Bai, lehen janari azkarra zen asko, momentu batean egiten zena, bi minututan egiten zen hori. Orain, ordea, nik uste elaborazioak eta asko sartu direla, jendea ere konturatzen dela, ze balorazio, jendeak balorazio diferenteak (desberdinak) ematen dituela jan aldetikan (aldetik). Orduan, gu, gure kasuan, egiten ditugu janari azkarra den hori hanburgesak, holakoak baino elaborazio gehiagorekin. Hala ere, gu Getarian egonda, ba, Getariko (Getariako) tradizioko jana ere saltzea gustatzen zaig,u adibidez olagarroa, bertako arraina… eta horiek elaboratuta jendeak gustura jaten ditu.

Nolakoak izango dira jatetxeak hemendik hamar urtera?
Bueno, nik uste, oinarri bezala segiko duela ba bertan jatea, bertan poteatzea, eta azkenean, hori delako jendeari gustatzen zaiona, baina, hala ere, teknologia asko sartuko dela nik uste, eta eramateko ohitura horiek gero eta gehiagora joango dira. Eta teknologiak horretan indar handia edukiko du zergatikan (izan ere) azkenean dena, es que (izan ere) ez da ezta jendea ibiliko; jendeak hartuko du ordenadoretikan (ordenagailutik) zera bat, bere eskakizuna (eskaera) egingo du, eta dena joango da teknologizatuta ba beraien etxeraino.

B1
2021-03-26
28088906
00:03:30
402