Artelanak opari
Apirilaren 15ean Artearen Munduko Eguna ospatzen da. Arteari lotuta, eskulturak, koadroak eta abar erosteko joerari buruz ondokoa esan ziguten Ekain Arte Lanak galerian. Opariak egiteko garaian, askotan, ez dugu kontuan hartzen artelanak erosteko aukera.
Urtebetetzeak, urteurrenak, lankide batek erretiroa hartzea, lagun baten ezkontza… Opari asko egiten ditugu urtean zehar, eta beti ez da erraza erregalu egokia aukeratzea. Zer erosiko dugun pentsatzen hasten garenean, inor gutxik izaten dugu artea gogoan eta ideia paregabea izan daiteke, zalantzarik gabe. Alde batetik, berezia da, ez baitu ia inork koadro edo eskultura bera edukiko. Bestetik, denbora luzez iraungo digun oparia da, ez baita hala nola hondatuko. Gainera, artelanak etorkizunean balio handiagoa izan dezake, nahiz eta hori ezin dugun aurreikusi.
Ekain Arte Lanak Donostiako Parte Zaharrean dago.
Pintura, eskultura edo lan grafikoak erosteko, arte-galeria batera joan beharko genuke, enkante batean parte hartu edo Internet bidez nahi dugun piezan klik egin. Horregatik, Donostiako Ekain Arte Lanak galeriara hurbildu gara. Bertan, Rita Unzurrunzaga galeriako arduradunarekin eta Ainhoa Ugarte bezeroarekin egon gara.
Galeriaren funtzionamendua
Rita Unzurrunzagak galerian eskaintzen duenaren berri eman digu: “Paperean eta mihisean egindako margolanak ditugu, baita eskulturak ere. Gainera, edizioak ere badauzkagu; hau da, grabatuak, serigrafiak, xilografiak eta abar. Aukera asko ditu hona etortzen denak”.
Rita Unzurrunzaga Ekain Arte Lanak galeriako arduraduna da eta Ainhoa Ugarte bertako bezeroa.
Galeriak dira artistaren eta eroslearen arteko bitartekariak. “6 edo 8 astez behin aldatzen dugu erakusketa-aretoa. Artisten estudiotik atera eta lanak publikoaren eskura jartzea da gure helburua. Bestalde, galeriako funtsetan, guk erositako lanak eta grabatuak ditugu, ondoren saltzeko”, kontatu digu Unzurrunzagak. Beraz, bi zatitan banatzen da galeria: erakusketa-aretoa eta galeriako funtsak.
Eduardo Chillida, Cristina Iglesias, Jose Luis Zumeta, Marta Cárdenas, Koldobika Jauregi, Rosa Torres… Hainbat eta hainbat artistaren lanak topatuko ditugu Donostiako Parte Zaharreko galerian. “Hemengo egileekin lan egitea gustatzen zaigu, bai ibilbide luzea dutenekin bai iritsi berriekin. Horrez gain, galeria komertziala dela kontuan hartzen dugu; hau da, saltzeko moduko lanak erosten ditugu. Gure senari jarraituta egiten dugu erosketa”.
Hainbat koadro eta eskultura aurki ditzakegu Ekain Arte Lanak galeriako funtsetan.
Ideiak argi dituen eroslea
Ainhoa Ugarte donostiarra euskal artista baten obraren bila joan da Ekain Arte Lanak galeriara, lagun bati oparia erostera. Unzurrunzagak galerian dituen koadroak, grabazioak eta eskulturak erakutsi dizkio, baina Ugartek bazekien gutxi gorabehera zer nahi zuen: “Jose Luis Zumeta asko gustatzen zaionez, horixe oparitu nahi diogu. Buruan ideia hori dudala etorri naiz”.
Bost lagun elkartu direla eta 1.000 euroko aurrekontua dutela kontatu digu Ugartek: “Etxea erosi berri duen lagun bati zerbait berezia oparitu nahi diogu”. Ainhoa Ugarteri txikitatik gustatu zaio artea, izan ere, gurasoek koadroei markoak jartzen egiten zuten lan. “Nire bizitzako parte izan da artea beti, eta garrantzitsua iruditzen zait jendea sentsibilizatzea. Nire ustez, arteak gauza asko esaten ditu jendeari edo jendarteari buruz”, azaldu digu.
Oraingoan ere, helburua beteta irten da Ugarte galeriatik: aurrekontua errespetatuta, Zumetaren serigrafia bat erosi baitu bere lagunarentzat.
Donostian dauden turistek ere badute artean interesa eta hurbiltzen dira Ekain Arte Lanak galeriara.
Norberarentzat ere bai
Ainhoa Ugartek lagunari erosi dio oparia, baina badaude norbere buruarentzat erosten dutenak ere. Ildo horretan, galeria ireki zutenetik joera ez da beti bera izan Unzurrunzagak dioenez: “Ekain Arte Lanak galeriak 1999. urtean ireki zituen ateak. Garai hartan, hemengo jendea etortzen zen, eta oparitarako erosteaz gain, norberarentzat ere erosten zuten. Krisi ekonomikoaren eraginez, turistak izan dira batik bat negozioari eutsi diotenak. Kanpotarrek oroigarriak erosten dituzte, Donostiara etortzen den jende askok hemengo eskultoreak eta margolariak ere ezagutzen baitituzte. Bertakoek ere krisi-garaian baino gehiago erosten dute orain, eurentzat eta oparitarako”.
Eta zuk, inoiz oparitu duzu edo erosi duzu artelanen bat? Zuri gustatuko litzaizuke horrelako opari bat jasotzea?
1. Zer erostera etorri zara?
Ainhoa Ugarte: Ba, etorri naiz opari bat erosteko asmotan. Gure lagun batek etxe berri bat erosi du eta badakigu Zumeta asko gustatzen zaiola. Orduan, batzuen artean, oparitxo bat egin nahi diogu.
2. Zergatik artea opari?
Ainhoa Ugarte: Asko gustatzen zaidalako. Oso opari polita iruditzen zait, gainera. Luzerako, ez da segituan bukatzen den zer edo zer, orduan, koadroak erregalatzea gustatzen zait.
Eskulturak baita ere, baina koadroak niretzako, gehiago apreziatzen (estimatzen) ditut, edo sentsibilitate handiagoa daukat haiengan, ez dakit.
3. Nork erosten du artea?
Rita Unzurrunzaga: Galeria hogeita bi urte egitera doa eta, hogeita bi urte hauetan, gizarteko egoera asko aldatu da. Bai, hasieran, gehienbat erosleak hemengo eta bertako jendea izan da urte askoan zehar. Bueno, orain turismoa gero eta gehiago dago gure hirian eta turistek ere bai erosten digute. Urte zail hauek (hauei), turistei esker eman diogu jarraipena galeriari. Zeren egon dira urte luze eta asko hemengo jendeak ez daukala dirurik, orduan, zaila izan da. Eta bai, duela urte bat edo ez dakit noiztik, baina duela gutxitik, berriro hasi da hemengo jendea bai ezkontza opariak, lankide bat jubilatzera doala opari bat ere bai, ez dakit… Ezin da konparatu (alderatu) aurreko garaia gaurko garaiarekin. Baina pixkanaka, ez da ofizio erraza, hemen ez dugu janaririk saltzen, baizik eta artea. Eta artea zeinek kontsumitzen duen edo zeinek erosten duen? Bada, txikitatik hazi bat jarri diotenari (diotenak) eta sentsibilitate bat daukatenak.
4. Norberarentzat erosten dute edo oparitzeko?
Rita Unzurrunzaga: Denetik. Zeren oraingo erakusketan, adibidez, Erakusketa Aretoan daukagunak, nik uste dut erosi dutela beraientzako. Asko etortzen dira ere bai oparia egitera, ezkontza-opari asko egiten da. Zeren, bueno, hau betirako (betiko) geratzen den opari bat da eta elkar bizitzen da egunero berarekin.