Existitzen ez den eskultura bat 15.000 eurotan erosi

Eztabaida piztu du Salvatore Garau artista italiarrak egin duenak: existitzen ez den eskultura bat, ezer ez duena, hutsa, salgai jarri eta nork erosia aurkitu. Salneurria, 15.000 euro. Albistea dute hizpide artearen inguruko hainbat adituk, besteak beste. (Euskadi Irratia, Faktoria saioa).

 

Albiste bitxi honi buruzko hainbat iritzi entzun daitezke hurrengo pasartean.  

 

 

 

 

Argazkia: Pixabay

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

15.000 eurotan saldu. Zenbatean saldu. Erantzuna, mugagabean izena: eurotan. Era berean: errublotan saldu, frankotan, pesotan… 

Adarjotzea ote den. Gazteleratik hartuta “ilea hartu” entzuten da batzuetan, baina badira “adarra jo” esateko beste era batzuk euskaraz. Adibidez, harpa jo, ziria sartu, iseka egin…  

Nik uste bluff-ez beteta gaudela. Zerez beteta egon. Erantzuna, izena mugagabean: bluff-ez, diruz, urez, ardoz, ilusioz…   

Ez zaio adarjotzea iruditu. Adarra jo, baina adarjotze, ez adarrajotze. Era berean: lurra jo, baina lur jota egon. Larrua jo, baina larru jotze.  

Baizik eta artistaren proposamen bat. Bai, ordea, artistaren proposamen bat.  

Bere egiten du. Bereganatu egiten du, berea balitz bezala hartzen du.  

Horri buruz zer esan dizute? Zeri buruz edo zertaz: horri buruz edo horretaz. Era berean: Mikeli buruz edo Mikelez zer esan dizute?, ez Mikeletaz; neskei buruz edo neskez, ez nesketaz.  

Beste ildo bat du nahiago. Beste bide bat du nahiago.  

Artea da artearen merkatuak arte bezala bermatzen duena.  Artea da artearen merkatuak artea dela esaten edo garantizatzen duena.  

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria 1. …Salvatore Garau artista italiarrak 15.000 eurotan saldu duelako ikus(t)ezina den estatua bat. Alegia, ez da existitzen, hutsa da. Euskarri baten gainean ezer ez. Garauk dio artelan inmateriala dela, COVIDarekin egin du alderaketa: ez dugu ikusten baina existitzen da.  

Eta erosleak zer eraman du? Ba 15.000 euroren truke artistak sinatutako ziurtagiri bat; besterik ez. Eta Garauk beste artelan, artelan ikus(t)ezin batzuk jarri ditu New Yorken, Milango Scala plazan eta horrela munduko hiriburu nagusietara hedatu eta saldu nahi ditu existitzen ez diren eta ikusten ez diren bere artelanak. 

Esataria 2. Hau entzunda, Aritz, galdetu dugun lehendabizikoa da. Hauxe sormena, artelana iruditzen zaien ala adarjotzea ote den, ezta? 

Esataria 1. Bai. Ez-eskultura litzateke, ez? Kritiko bezain adierazgarria Koldobika Jauregik eskulturagilearen erantzuna:  

Koldobika Jauregi artista. Ez da ezer. Nik uste bluff-ez (hutsalkeriaz) beteta gaudela. Hori da gizarte tonto (inozo) baten ondorioa, ze(ren) beti gaude horrelako tontakeriatan. Eta orduan, jendeak azkenean ba txantxetan hartzen gaitu. Ez dakit, normala! Nik ere halaxe hartuko nuke.  

Esataria 1. Edorta Kortadi, Deustuko Unibertsitateko Arte-irakasle emerituak dio, bueno, artelan-ezari baino horrekin artistak bilatu nahi duenari begiratu behar zaiola.  

Edorta Kortadi arte-irakaslea. Harridura sortzea, ez jakitea non hasten den errealitatea eta non hasten den fantasia edo artelana, ez? Ideiari ematen diote askoz gehiago garrantzia egiten dutenen gauzarekin [dituzten gauzei]  baino.   

Esataria 1. Erdi-bidean, Ismael Manterola EHUko arte-irakasleari, arte-kritikariari ez zaio adarjotzea iruditu baina ez du berritasunik ikusi ere proposamenean. 

Ismael Manterola arte-irakaslea. Ez da iraultza, ze(ren) ez da oso berria, egia esan. Berez ez litzateke adarjotze bat izango, baizik eta artistaren proposamen bat.  

Esataria 1. Artelana epaitzean, epaitzera sartu gabe Zuhar Iruretagoiena artista zarauztarrari ez zaio bide hori interesatzen.  

Zuhar Iruretagoiena artista. Horrelako estrategiak edo artelanak ez zaizkit interesatzen. Bai da probokaziotik eta merchandising edo estrategia konkretu (zehatz)  batetik(an) sortutako proposamen bat, ez? 

Esataria 1. Oskia Ugarte, Uharte Arte Garaikideko Zentroaren zuzendariarentzat artistaren proposamenari baino, kritika  egiterakoan, merkatuari begiratu behar zaio, gauza bat da artea eta bestea arte-merkatua.  

Oskia Ugarte Uharte Arte Garaikideko Zentroaren zuzendaria. Horrelako polemikak sortzen direnean salmenta ia-ia bermatuta daukazula, ez? Kapitalismoak edozein gauza fagozitatzen du, ez?, bere egiten du, jaten du eta gero kaka egiten duenean ateratzen zaio horrelako gauza bat, ez?, normalean. Eta arte-merkatuan gertatzen diren esperpentoen artean hau bat da, ez?  

Esataria 1. Adibiderik argienak Koldobika Jauregik. 

Koldobika Jauregi. Galdera da. Zuk, normal egonda edo, zuk erosiko al zenuke? Bihar Adurizek edo Arzakek edo horietako (batek) jartzen dizu mahai batean: bazkaltzera etorri naiz. Plater hau izango da kristorena: pagatu beharko dituzu hemen 5.000 euro. Bueno! Bale, eta nik probatu nahi dut. Eta ezer ez mahai gainean.  

Hori zer kontsideratuko gen(d)uke? Ze(ren) hori beste edozein arlotara eraman liteke.  

Esataria 1. Ba hori: zer paralelismo ona! Izan adar-jotzea, iraultza ala beste proposamen bat gehiago, Salvatore Garauk egiten duen proposamen honi buruz, hutsaren aldarrikapena, ikus(t)ezina den artelan batena, horri buruz zer esan dizute? 

Esataria 2. Ba testuinguruari begiratu behar zaiola eta horretan adierazgarria Manterolak azpimarratzen diguna.  

Ismael Manterola. Oso ezberdina ba artista honek orain egin dituen lanekin konparatuta. Nik ez nuen gehiegi ezagutzen, baina konturatu naiz pintura egin izan duela orain arte, eta orduan ba alde horretatik artelana bera iruditu zait aldaketa izugarria gizon honen ibilbidearen barruan. 

Esataria 1. Muntaia, probokazioa, Jauregirentzat. 

Koldobika Jauregi. Autore hau nork ezagutzen zuen? Inork ere ez, inork ere ez, ez zuen inork… Hau da bluff bat. Orduan, zergatik(an) artean ikusten dira tontakeria hauek? Gauza batzuk bai, bere basea (oinarria) dute eta ikusten duzu “bueno ba har(e)k recorrido (garapen) bat daukala, baduela esplikazio (azalpen) bat, nola murrizten diren formak eta gauzak”. Baina hola, bat-bateko gauza, merkatuko beste, beste tonteria (inozokeria) bat, ezta?, bururatzeko ea zeinek egiten duen tonteria handiena periodikoetan (egunkarietan) ateratzeko.  

Esataria 1. Zuharrek beste ildo bat du nahiago baina.  

Zuhar Iruretagoiena. Niri, pertsonalki, artearen materialitatea eta fisikotasun hori interesatzen zait, baina artea da artearen merkatuak arte bezala bermatzen duena.     

B2
2021-07-14
28534620
00:04:12
736