Eskuak garbitzeagatik hil zen sendagilea

Unescok Ignacio Semmelweis medikuaren heriotzaren urteurrena ospatzen du 2015ean. Hungariar honek bere biziarekin ordaindu zuen higienearen garrantzia deskubritu izana.

Operatu aurretik eskuak garbitu behar direla esatea azalpenik behar ez duen jokabidea iruditzen zaigu denoi gaur egun, baina hori ez zegoen hain garbi XIX. mendearen erdialdean, sendagileei azaldu behar zitzaienean horrelako keinu batek bizitza asko salba zitzakeela; irain bat iruditzen zitzaien. Horretaz jabetu zenak, Ignaz Philipp Semmelweis-ek (1818-1865), biziarekin ordaindu zuen bere ausardia, eta orain, hil zela 150 urte betetzen direnean, Uneskok merezi duen ohorea ofizialki egitea erabaki du, 2015a Semmelweis urtea izendatuta. 


Semmelweis izen handiko obstreta izan zen. 28 urterekin Klein maisu famatuaren laguntzaile izendatu zuten, Austriako amaetxerik famatuenetakoan. Garai hartan, Semmelweis gaztea oso kezkatuta zegoen ospitaleetan, erditu ondoren, hiltzen zen emakume-kopuruarengatik. Askoz ere gehiago hiltzen ziren ospitalean etxean baino, % 30, eta gela batzuetan hildakoen kopurua % 96ra ere iristen zen; denak arrazoi berarengatik: erditu ondorengo sukarrarengatik, infekzio orokorrarengatik.


Hori zergatik gertatzen zen jakin nahian, konturatu zen hildako gehienak ikasleek bisitatutako geletan gertatzen zirela. Kontua ikertzen hasi eta ikusi zuen ikasle horiek Anatomia klaseetatik etorrita bisitatzen zituztela emakumeak, gorpuekin ibili ondoren. Ez zegoen ebidentzia zientifikorik, baina Semmelweisentzat garbi zegoen: esku zikinak zituzten.

Emakume asko hiltzen ziren erditu ondoren infekzio orokorrarengatik

Egun batean, bere lankide bat hil zen infekzio orokor batengatik. Hildakoak ebaki bat egin zuen autopsia batean erabilitako bisturi batekin, eta Semmelweisi bonbilla piztu zitzaion; hor zeukan behar zuen froga. Proba egin zuen ebakuntza-gela baten aurrean ura eta desinfektatzailea jarrita, eta mediku eta ikasle guztiak behartu zituen sartu aurretik eskuak garbitzera. Zer gertatu zen? Semmelweisek espero zuena: hildakoen kopurua % 1etik behera jaitsi zen.

Mediku eta ikasleak eskuak garbitzen emakumea bisitatu aurretik

Paradoxikoki, horrek bere gainbehera ekarri zuen. Klein maisuari ez zitzaion hori gustatu, eta saiatu zen garaiko mediku guztiak lankide gaztearen kontra jartzen. Zer uste zuen zela mukizu gazte horrek haien profesionaltasuna zalantzan jartzeko? Nola hilko ziren bada emakumezkoak sendagileen eskuek kutsatuta? Agian, beste zerbaitengatik: ahuldadea, dieta txarra, ur zikinak, ilargiaren eragina, baina ez esku zikinengatik.
Medikuntza utzi behar izan zuen eta eskean ibili zen Budapesteko kaleetan. Azkenean psikiatriko batean hil zen infekzio orokor batengatik, hainbesteko lanak eman zizkion gaixotasunarengatik.


Diotenez, psikiatrikoko baimen bat baliatu nahi izan zuen bere teoria frogatzeko, eta nahita infektatu zen autopsia batean erabilitako materialarekin. Dena den, hil ondoren ere, ez zion inork sinetsi harik eta, 15 urte geroago, Louis Pasteur izeneko frantses bat mikrobioei buruz hitz egiten hasi zen arte. “Orduan konturatu ziren denak”, dio Benedek Varga-k, Budapesteko Semmelweis museoko zuzendari eta Unescoren Semmelweis urtearen kolaboratzaileak, “emakumeen salbatzailea, urte batzuk lehenago denek madarikatu zuten sendagilea, sendatu nahi zuen gaixotasunak akabatu zuen”.
 


Jaitsi
B2
2015-04-29
16268360
00:04:14
6838