Johannes Gutenberg, inprenta modernoaren asmatzailea

Johannes Gutenberg alemaniarra jotzen da inprenta modernoaren asmatzailetzat. Inprenta modernoa asmatu aurretik oso zaila zen liburuen zabalkundea.

Eskuizkribuak ziren, eta eskuz kopiatzen ziren monasterioetan. Kopiatzaile on batek, gehienez, jatorrizkoaren bizpahiru orrialde kopiatzen zituen egunero. Kopia horiek elite bati bakarrik iristen zitzaizkion, oso garestiak baitziren. Ezagutza akademikoa boteretsuen esku zegoen, eta bestelakoa ahoz transmititzen zen, herri xehea analfabetoa zelako. Hori guztia irauli zuen alemaniarrak. Nola jakin nahi? Jakin nahi nor zen Johannes Gutenberg?

 

XV. mendean, Gutenberg Alemanian jaio zenean, liburuak-eta inprimatzeko bi teknika ziren nagusi Europan: grabatua eta xilografia. Biak, xilografia apur bat gutxiago, motelak ziren.  Ez dakigu teknika horietaz zerbait ikasi zuen txikitan edo gaztetan. Zer ikasi zuen ere ez dakigu, egia esan. Aita merkatari aberatsa zuen, eta monasterio batean hasi zen ikasten semea.  Aitaren abizenak alemaniar dialekto batean “antzararen haragia” esan nahi omen zuen. Hori dela eta, amaren abizenagatik ezagutzen dugu asmatzailea.

 

Johannes noiz arte aritu zen ikasten? Auskalo!  1434ra arte zer egin zuen? Non izan zen? Ez dakigu ezer. Urte horretan ispilu-tailer bat sortu zuen Estrasburgon. Jende askok uste zuen ispilu hauek sakratuak zirela. Beraz, oso ondo zihoakion negozioa. Gainera,  Europako ekonomia ere, XIV. mendeko krisia eta gero,  indarberritzen ari zen, eta unibertsitateak berpizten. Liburu-eskaera, batez ere ama-hizkuntzan idatzitakoena, handitzen ari zen, baina liburuak inprimatzeko era geldoa eta garestia zen. Teknikak hobera egin behar zuen. Merkeagoa eta bizkorragoa behar zuen izan. 

 

Metalezko hizki mugikorrak erabiltzen hasi zen.

 

1446an Estrasburgotik bere jaioterrira itzuli zen Gutenberg, Mainz-era,  eta enpresa bat zabaltzeko bazkide diruduna aurkitu zuen. Liburuak egin nahi zituen. Ordura arte, adibidez, egur-plantxa batzuk erabiltzen zituzten horretarako, eta Gutenberg metalezkoak erabiltzen hasi zen, sendoagoak. Lekuz alda zitezkeen hizki mugikorrak baziren lehendik, baina egurrezkoak hauek ere. Berunezkoak sortu zituen berak. Ardogileek erabiltzen zuten dolare bat ere eraldatu zuen orrialdeak hobeto inprimatzeko. Tinta ere hobetu zuen. Gutenbergen lehen inprimakiak administrazio-testuak izan ziren, aita santuaren aginduak, eta latinezko gramatika bat.

 

GUTENBERGEN LATINEZKO BIBLIA

 

Dolare bat egokitu zuen lana hobeto egiteko.

1451 aldera Gutenbergen tailerra latinezko  Biblia egiten hasi zen, eta soilik hiru urte behar izan zituen 180 ale egiteko, hizki gotikoz eta irudi ezin ederragoz hornituta. Eta inportanteena: 180 aleak berdin-berdinak ziren. Orrialde bakoitzak 42 lerro ditu. Ale bakoitza bi liburukiz osatuta dago, guztira 1.282 orrialde aleko. Harrituta utzi zuen Europa osoa, baina zor handiak zituen bazkide dirudunarekin, eta honek epaiketara eraman eta lan-tresna guztiak eta Bibliaren gaineko eskubideak lortu zituen. Langile bikaina zen Gutenberg, baina negozio-gizon ez hain ona.

 

1462an, apezpiku baten aginduz, 400 biztanle hil zituzten Mainzen, eta Gutenbergen inguruko askok alde egin behar izan zuten. Besteak beste, horrela zabaldu zen asmaketa berria, eta hurrengo 50 urtean historia osoan ordura arte baino liburu gehiago inprimatu ziren.  Luterok, adibidez, Bibliaren itzulpenaren 500.000 ale eginarazi zituen, eta herri xehearen alfabetatzeak ere aurrerapauso handia eman zuen.

 

Gutenbergek inprimatzaile izaten segitu zuen Biblia egin eta gero, baina inprenta bat gehiago zen berea. Europan saiatu zen liburuei lotutako hainbat egitasmo burutzen, baina ez zuen bizitzeko adina ateratzen. Behartsu, hil baino hiru urte lehenago pentsioa kobratzen hasi zen, diru-apur bat. 1468an hil zen. Bere jaioterrian, Mainzen, Gutenberg Museoa dago. Turistei Gutenbergen tailerraren antzeko bat erakusten zaie. Bertan dolarea erabil dezakete, eta Biblia liluragarria dago ikusgai, osorik. Ikusi nahi izanez gero, Burgosko Liburuaren Museoan ere bada beste ale bat. 

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA:

  • Jotzen da inprenta modernoaren asmatzailetzat. Mundu guztiak pentsatzen du inprenta modernoaren asmatzailea dela.
  • Liburuen zabalkundea. Liburuak zabaltzea. Garai batean, jende askorengana iristea zaila zen oso.
  • Jatorrizko bizpahiru orrialde kopiatzen zituen. Originalaren bi-hiru orrialde kopiatzen zituen.
  • Teknikak hobera egin behar zuen. Teknika hobetu behar zen.
  • Bere jaioterrira itzuli zen. Jaio zen herrira joan zen berriro.
  • Lekuz alda zitezkeen hizki mugikorrak. Mugitzen ziren hizkiak, lekuz aldatzeko modukoak.
  • Eraldatu zuen. Aldaketak egin zizkion.
  • 180 aleak berdin-berdinak ziren. 180 liburuak berdinak ziren.
  • Aurrerapauso handia eman zuen. Pauso oso handia egin zuen aurrera.
  • Ez zuen bizitzeko adina ateratzen. Ez zuen bizimodurik ateratzen, ez zitzaion dirua iristen bizitzeko.
  • Ikusi nahi izanez gero. Ikusi nahi bada.

 


B1
2016-02-23
16239762
7054