Michelangelo, artista ikaragarria

Michelangelo Buonarroti artista handia Italian jaio zen XV. mendean. Arkitektoa, eskultorea eta pintorea izan zen.

Mundu guztiak miresten dituen hainbat obra diseinatu edo sortu zituen: Moises eta David eskulturak, Vatikanoko kupula, Sixtotar Kaperako Azken Judizioa...  Baina bazenekien Vatikanoak bere obra suntsitu nahi izan zuela behin baino gehiagotan? Lutero zalea izan zela? Inkisizioak begitan hartuta zuela?...

 

Michelangelo 1475. urtean jaio zen Caprese-n. 6 urterekin ama hil zitzaion. Aitak jo egiten zion marrazten harrapatzen bazuen. Dena den, 13 urte zituenean kontratu bat sinatu zion artisau-tailer batean. Hala, Capreseko handiki bat, mutilaren marrazkiekin txundituta, haren mezenas bihurtu zen. Mezenasa hiltzean Erromara joan zen lanera. Bertan lehen eskultura handia sortu zuen: Baco, oso lan arrakastatsua. Horren ondorioz, 23 urterekin San Pedro Basilikarako “pietatea” enkargatu zioten. Marmolik finena aukeratu zuen gazteak; Michelangelok sinatu duen obra bakarra da. 1518an David eskultura amaitu zuen. 3 urte eman zituen 9 tonako eskultura egiten, besteak beste, eman zioten marmola ez zelako lehen mailakoa. Eta zer lortu zuen! Giza gorputzaren edertasunak Jaunaren perfekzioa islatzen zuen beretzat.

 

Egia esan, lan asko zeukan artistak. Adibidez, Julio II.a Aita Santuak bere hilobirako mausoleoa egiteko eskatu zion. Asmoa zen mausoleoak 40 eskultura izatea, baina Michelangelok ez zuen oso atsegin Julio II.a, gerlan ibilitako aita santua, eta mausoleoan etzanda zizelkatu zuen, umil, abailduta, ezdeus. Michelangelok aita santua hil ondoren bukatu zuen mausoleoa, eta, gainera, eskatu baino askoz txikiagoa zen. Julio II.aren oinordekoek “iruzurti!” deitu zioten Michelangelori, eta mausoleoan Moises eskultura txertatzeko agindu zuten.

 

Michelangelo, Luteroren miresle

Vatikanoko eliza ofizial kontserbadorearen luxu eta ustelkeriaren kontra, Spirituali talde sekretua sortu zen, oso zabala eta indar handikoa Italian, Luteroren miresle eta ikertzailez osatutakoa.

 

Garai hartan Vatikanoak barkamen-agiriak saltzen zizkion herriari; ezinbestekoak omen ziren zeruan sartzeko. Lutero eta Michelangelo agirien aurka zeuden. Erromako eliza ofizialarentzat Lutero protestantea hereje bat zen, kristau Elizaren zismaren bultzatzailea. Beraz, Spirituali taldea ere begiz jota zeukan, eta taldea gogor zigortzen hasi zen: epaiketak, atxiloketak, torturak… XVI. mendean gaude.

Michelangelo arrisku bizian zegoen! Baina artista handia zen, eta egoskorra, irain zalea, jenio bizikoa, eta pentsatzen zuena irudietan islatzen zuena. Jende askok kritikatu zuen Azken Judizioa: lizuna eta moralaren kontrakoa zela esaten zuten. Esaterako, Vatikanoko kargu batek, Biagio da Cesenak, taberna edo burdel baterako egokiagoa zela esan zuen. Michelangelok ez zuen hori ahaztu, eta infernuan margotu zuen bere kritikaria, asto-belarriekin eta suge batek genitaletan hozka egiten ziola.

 

Bere obra kritikatzeagatik infernuan margotu zuen Biagio da Cesena, asto-belarriekin eta suge batek genitaletan hozka egiten ziola. Ezkerrean originala, eskuinean birpintatze baten ondorioz duela gutxi arte ikusi ahal izan duguna; sugearen burua erabili zuten genitalak estaltzeko.

 

Zergatik moralaren kontrakoa? Batetik, aingeru eta gizaki asko biluzik zeudelako. Eta, bestetik, Luterori segituz, Jauna eta gizakia zuzenean komunikatzen zirelako elkarrekin, Elizaren bitartekaritzarik gabe. Kontserbadoreek ezin zuten hori jasan. Eskerrak, Paulo III.a Aita Santuak Michelangelo babestu zuen, baina 1555ean, Carafa Paulo IV.a Aita Santu bihurtzean, asko gutxitu zen babes hori. Hasteko, artistaren azken 20 urteetako soldata eten zuen. Michelangeloren beste lan batzuetan oihalak marrazarazi zituen gorputz biluzien gainean, eta Azken Judizioa, 1.200 metro karratuko obra, puskatzeko mehatxua egin zuen.

 

Michelangelok Azken Judizioa defenditu zuen, sutsu. Asko sufritu zuen hori egiten. Beraz, normala da freskoan bere auto-erretratu tragikoa agertzea! Neketsua egin zitzaion lana: sabaian marrazteko askotan etzanda lan egin zuen, bizkarra hondatu zuen, pintura begietan sartzen zitzaion, oso gutxi jaten zuen, aita santu batek makila batekin jipoitu zuen lana ez zuelako bukatzen… Lan hau sabaian dago, eta ondoko horman dagoen beste batek osatzen du. Pareta margotzeko enkargua 60 urterekin jaso zuen. Bai sabaiko, bai paretako marrazkiak kendu nahi izan zituzten hainbat aita santuk, batez ere Paulo IV.ak, Carafak.


Bere autorretratoa San Bartolomeren azal huts batean egin zuen, akitua, sentitzen zen bezala (eskuinean detailea).

 

Liburu Debekatuen Aurkibidea

Aita Santu honek 1559an argitaratu zuen Liburu Debekatuen Aurkibidea, horrelako lehena. Zerrendan zegoen Michelangelok irakurritako bat behintzat, latinezko Bibliaren italierazko itzulpena. Izan ere, Michelangelok ez zekien latinez. Nahikoa zen Biblia ama-hizkuntzan irakurtzea Inkisizioak herejetzat hartzeko, baina artista ez zuten inoiz Inkisizioaren aurrean epaitu. Beti zuen lan asko eskuartean, aita santuek eskatua.

 

72 urte zituen San Pedro Basilikako arkitekto izendatu zutenean. Michelangelori zor diogu munduko kupularik garaiena izatea basilika horrek. Kupula amaitu gabe hil zen Michelangelo, 1564an. Gorpua Florentziara eraman zutenean, herri xeheak, beso zabalik egin zion ongi etorria Artista Jainkotiarra deitzen ziotenari!

 


HIZTEGI LAGUNGARRIA

  • Miresten dituen. Jendeak asko estimatzen edo miresten dituen obrak egin ditu artistak.
  • Begitan hartuta. Inkisizioa ez zen fidatzen Michelangeloren ideiez, begitan hartuta izan zuen.    
  • Sinatu zion. Aitak bere sinadura jarri zuen kontratu batean. 
  • Marrazkiekin txundituta. Mezenasa artistaren marrazkiekin txundituta, liluratuta zegoen.
  • Edertasunak Jaunaren perfekzioa islatzen zuen. Edertasunak Jaunaren perfekzioa adierazten zuen.
  • Hilobia. Norbait hiltzen denean, bertan lurperatzeko tokia, zuloa. 
  • Etzanda zizelkatu zuen. Marmola landu zuen zizelarekin, eta etzanda irudikatu zuen.
  • Eskultura txertatzeko agindu. Mausoleoan Moises eskultura ezartzeko agindu zuten.
  • Barkamen-agiriak saltzen. Herriari saltzen zizkioten zeruan sartzeko dokumentu batzuk.
  • Zismaren bultzatzaile. Eliza ofizialarentzat zisma bultzatu, finkatu zuena zen Lutero.
  • Begiz jota zeukan. Eliza Spirituali taldearen atzetik zebilen, begiz jota zeukalako.
  • Jenio bizikoa. Azkar haserretzen dena.
  • Biluzik zeudelako. Arroparik gabe zeudela margotuta marrazkiak.
  • Elizaren bitartekaritzarik gabe. Elizaren parte-hartzerik gabe zeuden harremanetan Jauna eta gizakiak.
  • Puskatzeko mehatxua egin. Obra puskatu egingo zuela esan zuen Paulo IV.ak.
  • Makila batekin jipoitu zuen. Julio II.ak makila batekin jo zuen Michelangelo.
  • Enkargua 60 urterekin jaso. Italiarrak 60 urte zituenean hartu zuen pareta margotzeko enkargua.
  • Arkitekto izendatu. San Pedro Basilikako arkitekto egin zuten 72 urterekin.
  • Beso zabalik egin zion ongi etorria. Ongi etorria, harrera, besoak zabalduta egin zion herriak.

 


B1
2016-03-15
16240213
5319