Cristina Iglesias, nazioarteko aitortza jaso duen eskultorea

Cristina Iglesias eskultore donostiarra aski ezaguna da Euskal Herrian, eta baita nazioartean ere. Museoetan eta kalean ere ikus daitezke bere artelanak mundu osoan zehar. Bere azken proiektua etxean gauzatu du, Donostiako Santa Klara uharteko itsasargiaren etxean: 'Hondalea' jada ikusgai dago.

Artista donostiarraren ibilbidearen berri jaso dezakezu biografia honetan.

 

 

 

Cristina Iglesias. Argazkia: Berria (CC BY-SA 4.O) (Wikimedia Commons)

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Nazioarteko aitortza jaso: Euskal Herritik kanpo bere lanak errekonozimendua izan.
Artearekiko zaletasuna etxetik etorri: Artea gustuko izatea familiatik jaso.
Prestakuntzarekin jarraitu: Ibilbide profesionala hobetzen segitu.
Lanak jendaurrean erakutsi: Bere eskulturak publikoaren bistan jarri.
Harrera ona izan: Arrakasta izan, ongi hartuak izan.
Lanik kuttunenetarikoa izan: Gehin maite duen lanetariko bat izan, lanik garrantzitsuenetariko bat.
Kultur-ondarea sari kopuruaren pareko izan: Egindako artelanak eta jasotako sarien kantitatea antzekoak izan.

 

 


Jaitsi
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Cristina Iglesias Fernández Berridi eskultore eta grabatu-egile donostiarra da. 1956. urtean jaio zen eta, gaur egun, Madrilen bizi da. Artearekiko zaletasuna etxetik datorkio eta bitxia bada ere, anai-arreba guztiak, bostak, artistak dira.

Cristinak hala ere berandu samar aurkitu zuen bere bokazioa. Kimika ikasketak egiten hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean, baina artearekiko zaletasunak Bartzelonara eraman zuen lehenik, zeramikan eta pinturan aritzeko, eta Londresera gero, Chelseako arte-eskolan eskulturaren inguruan ikasketak egiteko. Londresetik New Yorkera joan zen prestakuntzarekin jarraitzera.

1980ko hamarkadan hasi zen bere lanak jendaurrean erakusten. Oso harrera ona izan zuten, eta hurrengo hamarkadan areagotu egin zen nazioarteko bere proiekzioa. Suitzan, Kanadan, Italian, Ameriketako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan edota Espainian egin zituen erakusketak.

Cristina Iglesias donostiarraren eskulturak ospetsuak egin ziren eta, ordutik aurrera, mundu osoko museo eta galeriatan izan dira. Haren obrak jasota daude, besteak beste, Madrilgo Reina Sofian, Parisko Pompidoun, Londresko Taten, Los Angelesko Mocan eta, nola ez, Bilboko Guggenheimen.

Ez dago museoetara joan beharrik, ordea, bere jarduera artistikoa ezagutzeko. Nazioarteko espazio publiko askotarako egin ditu artelanak. Gertuen daudenen artean nabarmentzekoak dira Madrilgo Prado Museorako egin zuen ate-eskultura, eta Donostiako Santa Klara uharteko itsasargiaren etxean egin duen Hondalea. Lehena, Rafael Moneo ospetsuak egindako enkargua da: 2007. urtean jarritako 22 tonako brontzezko atea.

Itsasargian egin duena, berriz, bere lanik kuttunenetarikoa da, horrela aitortu du hainbat elkarrizketetan. Esanahi berezia du, sorterrian jarri duen lehena delako eta ingurumenaz duen kezka azaleratzeko aukera eman diolako. Itsasargi barruan jarri du eta dagoeneko ikusgai dago itsas hondoa irudikatzen duen brontzezko ontzi handia.

Eskultore eta grabatu-egile donostiarraren kultur-ondarea bere ibilbidean jaso duen sari-kopuruaren parekoa da; batzuk aipatzeagatik: Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala, Londresko Royal Academy Of Arts-ek emandako Arkitektura Saria, edota, sekula ahaztuko ez duen Donostiako Urrezko Danborra.

B1
2021-06-16
28354645
00:02:52
2699