Leonardo Da Vinci, Mona Lisa baino gehiago

1519ko maiatzaren 2an hil zen Leonardo Da Vinci. Errenazimentuko gizonaren eredua da askorentzat. Hogei bat jakintza-arlotan lan egin zuen, eta ia guztietan goi-mailan.

Leonardo Da Vinci 1452an jaio zen, Vinci udalerrian, Italiako Florentzia probintzian. Errenazimentuko gizonaren arketipo gisa deskribatu dute askok, eta jeinu unibertsaltzat hartzen da. Azken Afaria eta Mona Lisa margolanak dira bere artelanik ezagunenak, baina hogei bat jakintza-arlotan lan egin zuen, ia guztietan goi-mailan.

Gaztetan, Florentziara
Leonardo aberats baten seme ez-legitimoa zela kontu jakina da, baina ez dakigu asko bere haurtzaroaz. Anekdota moduan, zenbaitek diotenez, umetan txoriak erosten zituen azokan gero askatzeko.

Nerabe zela, Florentziako Verrochio urregile, eskultore eta margolariarekin hasi zen ikasten. Ordurako oso ondo marrazten zuen Leonardok. Behin bien artean egin zuten koadro bat: maisuak hasitakoa Leonardok bukatu zuen. Gauza asko ikasi zituen maisuarekin: kimika, mekanika, matematika, larrua eta marmola lantzen… Baina ez zuen sekula latina ikasi.

Kontserbatzen den Leonardoren marrazkirik zaharrena lumaz eta tintaz egina da: Paesaggio con fiume (“Arno Haraneko Paisaia”). Bertan, Leonardoren sinadura irakurtzeko, ispiluari begira jarri behar da artelana. Teknika hau maiz erabili zuen artistak bere ikerketak babesteko, eta askotan bere lan aurrerakoiak ez zirelako hainbat boteretsuren gustuko. Bere sinaduren gaineko azterketei esker jakin dugu bi eskuekin idazten zuela.

Milandik Veneziara
Florentziatik Milanera joan zen Da Vinci, eta bertan Sforza dukeari eskaini zizkion bere zerbitzuak. Beretzat egindako lanen artean, Milango Santa Maria delle Grazie monasterioan dagoen Azken Afaria fresko famatua margotu zuen. 3 urte eman zituen lan hau egiten eta ez omen zuen trukean dirurik jaso.

Paulo Coello idazleak koadro hori aipatu zuen bere liburu batean, ongiaren eta gaizkiaren arteko muga zein fina den azaltzeko. Dioenez, Leonardok arazo bat izan zuen Azken Afaria margotu nahi izan zuenean:

Ongia islatu behar zuen Jesukristoren aurpegian eta Gaizkia Judasenarenean. Hori dela eta, eredu gisa erabiltzeko aurpegirik aurkitzen ez zuenez, koadroa erdizka utzi behar izan zuen.

Egun batean, abesbatza baten emanaldia entzuten ari zela, mutiko eder bat ikusi zuen, Jesukristoren aurpegia margotzeko oso egokia izan zitekeena. Tailerrera eraman eta koadrorako zirriborroak egin zituen.

Hiru urte pasatu ziren, koadroa ia bukatuta zegoen, baina Da Vincik ez zuen Judasen aurpegia margotzeko eredurik aurkitzen, eta apezpikuak estutu egiten zuen behingoz buka zezan. Asko bilatu ondoren, goiz zahartutako gazte bat ikusi zuen, zarpailez jantzita, mozkortuta, estolderia baten ondoan etzanda. Lagunei laguntzeko esan eta, ahal izan zuten bezala, elizara eraman zuten, ez baitzegoen zirriborroetarako denborarik.

Bukatu zuenean, eskaleak, mozkorra erdi pasatuta, begiak ireki, eta izua eta pena adierazten zuen aurpegi batekin esan zuen:
•    Nik koadro hau ikusita daukat lehenago!
•    Noiz? -galdetu zuen Da Vincik  harrituta.
•    Duela hiru urte, dena galdu baino lehenago. Abesbatza batean kantatzen nuen eta amets pila nuen, pintoreak ikusi eta Jesukristoren aurpegia margotzeko eraman ninduen.

Garai hartako gerra-giroan, Da Vincik armak diseinatzen zituen, besteak beste, Sforza dukearen konfiantza irabazteko eta honek gorteko ingeniari izendatu zuen. Denetik egiten zuen: festak antolatu, antzerkirako dekoratuak egin, dekoratuak aldatzeko tramankuluak sortu, erretratuak egin, hiriak hobetzeko planoak diseinatu, akademia bat sortu, Arno ibaia itsasoarekin lotzeko proposamena aurkeztu… Baina 1499an, frantsesek Milan hartu zuten eta Leonardok Veneziara egin zuen ihes.

Denetik egiten zuen, eta askotan, eskuineko irudian bezala, testuak alderantziz idazten zituen.

1503an, Milanera itzuli zen artista, Charles D’Amboise gobernadore frantziarrak gonbidatuta, eta handik gutxira Gioconda marrazten hasi zen.

Gioconda
Mona Lisa edo Gioconda izenez ezagutzen dugun margolana da Leonardo Da Vinciren artelanik ezagunena. Bertan agertzen den emakumearen inguruan hipotesi asko daude eta adostasun gutxi.

Zalantzarik ez dago, ordea, artearen historia osoko margolanik ospetsuenetako bat dela esateko, eta ezin konta ahala aipamen egin izan direla berari buruz. Margotu zenetik, inspirazio-iturri izan da, eta margolanaren ospea areagotu egin zen lapurtu zutenean, 1911ko abuztuaren 21ean. Handik bi urtera berreskuratu zen eta Florentzia, Milan eta Erroman erakusgai egon ondoren, Parisko Louvreko museora itzuli zuten.

Bertara ikustera doan jendearentzat harrigarri samarra gertatzen da Mona Lisa, bere tamaina nahiko txikia delako (77 x 53 cm).

Ondorengo lanak eta azken urteak
-    1490 aldera, Leonardok parte hartu zuen kongresu batean Milango katedralari buruzko kupula aztertu zuen, beste hainbat arkitektorekin batera.
-    1505ean, txorien hegaldiak ikertzen hasi zen, gizakia hegan ikusi nahi zuelako italiarrak.
-    Hilotzak disekzionatzen zituen, autopsiak egiteko edo gizaki-organoak marrazteko, baina Leon X.a Aita Santuak debekatu egin zion disekzioak egitea.

Artista handiak osasun-arazo larriak izan zituen bere azken urteetan, eta horien artetik latzena jasan zuen paralisi-mota bat izan zen, pintatzeari uzteko arrazoi nagusi bihurtu zena. 1519ko maiatzean hil zen Da Vinci, Amboiseko Clos Lucé jauretxean, Frantzian, 67 urte zituela.

Da Vinciren arrastoa Euskal Herrian
Gaur egunera eta Euskal Herrira etorrita, azken bitxikeria bat azalduko dugu: Gamue herriko gazteluan, (Nafarroa Beherea) bertako artista batek, Luis Xurik, Leonardo Da Vinciren planoetan oinarritutako tresnak egin eta hantxe daude ikusgai. Izan ere, gaur egungo gailu askok Da Vinciren marrazkietan dute jatorria: bizikletak, helikopteroak, fusil-metrailadoreak, autoak… Harrigarria, ezta?

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

  • Arketipo gisa deskribatu dute. Arketipo modura azaldu dute.
  • Ikerketak babesteko. Ikerketak zaintzeko.
  • Bere sinaduren gaineko. Bere sinadurei buruzko.
  • Ez omen zuen trukean dirurik jaso. Ez omen zioten ordaindu.
  • Ongia islatu. Moralaren aldetik ondo dagoena islatu, azaldu.
  • Erdizka utzi. Bukatu gabe utzi.
  • Zirriborroak egin zituen. Bozetoak egin zituen.
  • Apezpikuak estutu egiten zuen behingoz buka zezan. Apezpikuak azkar bukatzeko agintzen zion.
  • Goiz zahartutako gazte bat. Azkarregi zahartutako gazte bat.
  • Zarpailez jantzita. Gaizki jantzita, arropa zikinekin.
  • Estolderia baten ondoan. Ur zikinentzako kanalaren alboan.
  • Tramankuluak sortu. Tresnak egin.
  • Ezin konta ahala aipamen. Milaka aipamen edo aipu.
  • Ospea areagotu. Fama handitu.
  • Erakusgai egon. Ikusteko moduan izan, bistara egon.
  • Txorien hegaldiak ikertzen. Txorien hegan egiteko modua aztertzen.
  • Horien artetik latzena. Horien artean gogorrena, larriena.
  • Gaur egungo gailu askok. Gaur eguneko tresna askok.


B2
2017-05-23
16174054
7090