Vincent van Gogh: hilda gero salda bero

Vincent van Gogh pintorearen koadroak oso garestiak direla gauza jakina da, baina badakizu poliglota zela? Eta Belgikan Jesukristo deitzen ziotela?

"Autoerretratua",1889.

Holandarra zen pintorea. Izen osoa: Vincent Willen van Gogh. Bere etxean izen bereko bi haur jaio ziren. Bigarrena izan zen pintorea, 1853ko martxoan jaioa. Lehena hilda jaio zen, urtebete lehenago. Heriotzak ama goibel utzi zuen betiko. Asko kosta zitzaion beste seme-alabak maitatzea. Vincentek bizitza osoan sentitu zuen amak ez zuela benetan maite, baina berarekin hasi zen marrazten, eta natura maitatzen ere berak irakatsi zion.

15 urterekin eskola eta familia utzi behar izan zituen, etxean diru gutxi zutelako. Koadroak saltzen hasi zen Europako arte-galeriarik handienean. Azkarra zen van Gogh: ama-hizkuntzaz gain, alemanera, frantsesa eta ingelesa zekizkien.

23 urterekin Londresen zen lanean beste arte-galeria batean, baina ama-alaba batzuekin guztiz haserretu zen, alabak ez zuelako berarekin ezkondu nahi. Van Gogh amaren maizter zen, eta honek kale gorrian utzi zuen. Horregatik mutila, lanerako gogoa galdu, eta bota egin zuten lantokitik. Bi aldiz kale gorrian.

Etsita, Biblia irakurtzeak eman zion babesa. Teologo izatea pentsatu zuen, baina Teologia-fakultateko latinezko sarrera-azterketari uko egin zion: alferrikakoa iruditzen baitzitzaion herri xeheak ez zekien “hildako hizkuntza” bat ikastea. Ez zen fakultatean sartu.

"Ekiloreak" eta "Kafe-terraza gauez"

 

Meatzetako Jesukristo
Horren ordez, misiolari joan zen Belgikara, herri meatzari txiro batera. Bertakoen bizitza gogorra ere marrazten zuen: koadro ilunak, baina elizako agintariek handik ere bidali zuten. Zergatik? Pintoreak bere etxea gaixo zegoen andre bati utzi eta meatzarien etxe ziztrin batera bizitzera joan zelako. Ikatz-meategietako Jesukristo deitzen zioten. Elizako agintarien ustez, ordea, ez zen duina misiolari bat horrela bizitzea, eta ordeztu egin zuten.

Orduan, van Goghek pintorea izango zela esan zion Theo anaiari, arte-merkatariari.  Theo ados zegoen: hilero 50 franko bidaltzen zizkion Vincenti.  Asmoa zen Theok Parisen saltzea anaiaren koadroak. Vincent Haga hirian (La Haya) bizi zen; handik, saltzeko lehen koadro handia bidali zion anaiari. Theok esan zion ilunegia zela, ez zela salgarria. 

Van Gogh ezkontzen ere saiatu zen Hagan; alferrik. Gero, sifilisa zuen prostituta batekin eta haren bi semeekin hasi zen bizitzen; berak ere sifilisa harrapatu zuen. Theok Paristik mehatxu egin zion, neskarekin segitzen bazuen ez ziola dirurik bidaliko. Triste, neska eta haurrak utzita, Hagatik Holanda hegoaldera jo zuen, eta handik Parisa, Theok eredutzat zituen Lautrec, Monet eta Gauguin pintoreak ezagutzera.

Parisen pintore horien inpresionismoa aurkitu zuen: kolore biziak, argiak… Baina inpresionistek eguraldi onarekin marrazten zuten, egun argiz bakarrik, eta horrek sutan jartzen zuen van Gogh. Berak ia egun osoan  pintatzen zuen, eta sekulako eztabaidak zituzten pintura ulertzeko eragatik. Gauguinekin izan zuen harremanik handiena.

 

Van Goghen belarria
Parisen Japongo pintura deskubritu zuen van Goghek, eta Japongo argia omen zeukan herri batera alde egin zuen, Frantziako Arles herrira. Garai horretako van Goghen lanak oso koloretsuak ziren: Ekiloreak, Kafe-terraza gauez, Etxe Horia… Etxe Horian bizi ziren van Gogh eta Paristik etorritako Gauguin.

"Etxe Horia" pintorearen Arlesko etxea.

 

Arlestarrak, ordea, nazka-nazka eginda zeuden van Goghekin; etxea puskatu zioten eta erietxe batean bizitzera behartu. Van Goghek izugarrizko iskanbilak zeuzkan Gauguinekin, eta horietako batean moztu omen zuen bere belarri-zati bat holandarrak, nahita. Beste batzuek uste dute agian Gauguinek moztu ziola, esgriman oso ona zelako.

Gainera, Theok bidalitako diruarekin ez zuen ia janaririk erosten Vincentek, margoak gehienbat. Ez zuen osasuna zaintzen: absenta edaten zuen, tetramina, eta beruna duten pintzel-muturrei egiten zien horzka. Berunak nerbio-sistema hondatzen du.

Van Gogh ingresatuta egon zen Arlesen; eroaldiak zituen, krisi epileptikoak… Theok beste erietxe bat aurkitu zion beste herri batean. Berehala bi berri pozgarri izan zituen: Theok koadro bat saltzea lortu zuen eta osaba egin zuen. Vincent izena jarri zioten umeari.

 

Van Gogh suizidatu?
Van Gogh iloba bisitatzera etorri zen Parisa, eta Theok etxea aurkitu zion mediku baten etxebizitzan, Paristik hainbat kilometrotara. Gorabehera askoren ondoren, pintoreak tiro egin omen zion bere buruari, eta bi egunera hil zen Theoren besoetan, 37 urterekin, baina suizidioarena ez dago argi; ez omen zen pistola inon azaldu.

Theo sei hilabetera hil zen, eta alargunak artistaren obra katalogatu zuen: gutunak, marrazkiak, 900 koadro inguru… Horietako 200dik gora Vincent van Gogh Museoan daude, Amsterdamen. 1990. urtean enpresari batek 82,5 milioi dolar ordaindu zituen van Goghen koadro bategatik enkante batean. Hilda gero salda bero.   
 


B2
2017-03-28
16139066
6573