Carmelo Bernaola, musikari polifazetikoa

Gure herriak musikagile on asko eman ditu. Carmelo Alonso Bernaola musikari, konpositore, orkestra-zuzendari eta irakaslea da horietako bat.

Ekainean bete dira 15 urte hil zela. Gehiago ezagutzeko esango dugu Athletic futbol-taldeko ereserkiaren musika-konponketa egin zuela, eta Le Monde egunkariak Europako pedagogorik onenetakoa zela idatzi zuela.

Jesus Guridi diploma bat ematen Bernaolari.

Bernaola 1929an jaio zen, Otxandion, baina frankistek Otxandio bonbardatu zuten, eta aita sozialista espetxean izana… azkenean, Burgosko Medina de Pomar herrira joan ziren 1937an. Aitak Cervantes irakurtzen zion, eta amari esaten zion umeari euskaraz hitz egiteko beti. Han hasi zen musikari esker dirua irabazten. Izan ere, solfeoa ikasten zuen; saxofoia; tronpa, eta, batez ere bizibide izango zuena, klarinetea. Burgosko orfeoian, berriz, tenor aritu zen.

Soldaduskak ikasketak ez eteteko, musikari militar izateko oposizioa gainditu zuen. Madrilera joan zen sarjentu musikari militar modura, baina ejertzitoa utzi zuen udaletxeko musika-bandan lanpostua lortu zuenean.  Kontserbatorioan ere sartu zen. Oso nota onak eta sari asko lortu zituen kontserbatorioan.

ERROMA SARIA
1959an ezkondu egin zen, eta Frantzian artistentzako Erroma sari handia jaso. Saria eskuan, Erromara joan zen bi urtez. Handik musikan hobetzera Munichera, Vienara-eta joan zen. Erroman zinerako musikan sakondu zuen. Bizitzan zehar 82 soinu-banda sortu zituen beste hainbat filmentzat: “Urtain: El Rey de la Selva… O así”, “Pasodoble”, Paulino Uzkudunen eta beste batzuen gainbehera kontatzen duen “Juguetes Rotos”, “Akelarre”… “Akelarre” filmean ez zekien nola uztartu txistua eta orkestra. Lan handiak izan zituen horrekin.

1963an Alea musika-laborategiko kide zen. Horren eraginez sortu zuen Jarraipen (1967), musika elektronikoa. Garaitsu horretan zebilen telebistarako eta antzerkirako musika sortzen ere. Alor honetakoak dira, adibidez, “Verano Azul” telesaioaren musika, “La Clave” saioko sintonia…

Suitzako “Claves” argitaletxea 1997an hasi zen Euskal Herriko konpositoreei buruzko bilduma argitaratzen.

1971-1972 ikasturtean Madrileko Kontserbatorioak Konposiziorako Teknika Berriak ikasgaia sortu zuen:  Bernaola zen irakasletako bat. 1981ean Gasteizko Kontserbatorioan zuzendaritza-postua lortu zuen. Baina “kontserbatorio” hitza ez zuen atsegin, eta “Jesus Guridi Goi Mailako Musika-eskola” jarri zion izena. Orduan oinarrizko musika-ikasketak ematen zituen eskolak, eta Bernaolak eskolarako goi-mailako gradua lortu zuen urteen poderioz.  Solfeoa? Zertarako 5 urte? Hori zioen. Nahikoa dira bi ondo emanak. Eta segi lantzen, baina ahotsarekin edo musika-tresnaren bidez. Garai horretakoa da Le Monderen aipua Bernaolaz: europar pedagogo onenetakoa zela, alegia.

Baina baziren itzalak ere. Ikasleek musika eskolaz kanpoko ikasgaitzat hartzen zuten. Hori ezin zuen eraman. Orduko ikasleak lanez itotzen zituztela zioen. Uste zuen ordu bietarako etxean behar zutela, beste zerbait egiteko: musika ikasi, kirola egin…,  Alemanian bezala. Bazen beste zerbait ere Bernaola mintzen zuena, ikasleen guraso-elkarteek gehiegi agindu nahi izatea musika-ikasketetan.

ATHLETIC TALDEAREN ERESERKIAREN KONPONKETAK
1982an Athletic futbol-taldeko ereserkiaren konponketak egin zituen. Antton Zubikarai hitzen egilearekin ere hitz egin zuen letra moldatzeko. Erraz ulertzeko letra nahi zuen Bernaolak. Kopa partidu batean entzun zen lehen aldiz San Mamesen, 1983an,  Bartzelonaren aurkako lehian. Bernaolak  urte asko eman zituen kanpoan bizitzen eta, herrimina goxatzeko-edo, eta futbol zalea zelako ere bai, Athletic ikusten saiatzen zen beti. 

Antton Zubikarai eta Carmelo Bernaola.

1988an, Jesus Guridi eskolako hainbat musikarirekin batera, omenaldia eskaini zioten Jorge Oteizari. 1989a omenaldi-urtea izan zuen Bernaolak berak (70 urte). Urte horretan lortu zuen Goya Saria, baita Abestiak obra sortu ere Donostiako Musika Hamabostaldiak eskatuta. Hurrengo urtean Herriko Seme izendatu zuen Gasteizko udalak, eta Sabino Arana Fundazioak ere, Arte Ederrak arloan, saritu egin zuen 1993an.

Bi urte geroago, 1995ean “Canto al Euskera” pieza sortu zuen orkestra sinfonikoak jotzeko, baritonoz eta sopranoz lagunduta. Alboka eta txalaparta ere sartu zituen obran, besteak beste. Urte berekoa da Beti penetan konposizioa, a capella abesteko.  A capella abesteko beste lan batzuk ere baditu, baina baita abesbatzek musika-tresnez lagundurik abesteko ere, edo solistentzat, edo hiru musika-tresnarentzat, edo laurentzat, edo orkestrentzat…

Bukatzeko datu bitxi pare bat. Ordulariak gorroto zituen. Ondo iruditzen zitzaion jendea lekuetara garaiz iristea, baina ordulariak... Berak sormenerako ez zuela ordu jakinik zioen. Eta beste kontu bat: ehunka elkarrizketa egin zizkioten. Ez zekien ezetz esaten, baina uste zuen hobe zela bere elkarrizketak irakurtzea baino bere musika entzutea. Hori egin nahi duenak badu non aukeratu: amaigabea da zerrenda.

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA
Aita sozialista espetxean izana. Aita sozialista preso egon zen.
Musikari esker dirua irabazten. Musikaren bidez dirua irabazten.
Bizibide izango zuena. Bizitzeko modua emango ziona.
Tenor aritu zen. Tenor modura ibili zen, tenor izan zen.
Munichera, Vienara-eta joan zen.  Besteak beste, Munichera eta Vienara joan zen.
Gainbehera kontatu. Kontatu nola doan hondatzen, nola doan okerrera egiten.
Ez zekien nola uztartu txistua eta orkestra. Ez zekien nola jarri harremanean, nola lotu txistua orkestrarekin.
Garaitsu horretan zebilen. Gutxi gorabehera garai horretan zebilen.
Urteen poderioz. Urteak joan ahala, urteekin.
Baziren itzalak ere. Baziren alderdi txarrak ere.
Ezin zuen eraman. Ezin zuen jasan.
Bernaola mintzen zuena. Bernaolari min ematen ziona, haserre jartzen zuena.
Herrimina goxatzeko. Herriminaren tristura gutxitzeko.
Lekuetara garaiz iristea. Lekuetara ordurako heltzea.
Sormenerako ez zuela ordu jakinik. Ez zuela ordu jakin eta zehatzetan sortzen. 


B2
2017-06-14
16174392
2647