Juan Inazio Iztueta, dantzaria eta euskaltzalea

Juan Inazio Iztueta folklorista eta euskaltzalea orain dela 250 urte jaio zen. Hori dela eta, hainbat ekitaldi egin dizkiote jaioterrian, Zaldibian.

Juan Inazio Iztueta (1767-1845) zaldibiarrak era askotako lanak utzi zituen bere bizitza luzean, baina garrantzi berezikoak dira bere saiakerak. Horien artean aipatzekoak dira, Guipuzcoa´ko dantza gogoangarrien kondaira edo historia, erreferentea izan dena euskal folklorea gordetzeko, bertan 36 dantza jasotzen baitira, eta Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia, erromatarren garaian hasi eta Lehen Karlistaldira arte iristen dena.

Iztuetak bizitza luzea eta betea izan zuen Europa, Espainia eta Euskal Herrian gorabehera, borroka eta guda ugari izan ziren urteetan. Herri-dantzen gaineko bere liburuari esker nazioartean ospetsu egin zenerako, mende-erdia beteta zuen, baina bitartean oso bizitza gorabeheratsua izan zuen: urte asko egin zituen preso, hiru aldiz ezkondu, espetxeko zaindari…

Bizitza gorabeheratsua
Iztuetarrak gutxira etorritako nobleak ziren. Noble izatea garrantzizkoa zen Iztueta jaio zen garaian, XVIII. mendean. Hamaika neba-arreba izan ziren. Zenbait daturen arabera, Juan Inazio mutiko argia zen, txikia, kolore onekoa, begirada bizikoa eta aldarte onekoa. Txuri deitzen omen zioten, eta berehala hasi omen zen nabarmentzen bere lagunen artean.

Bere gazte-garaiko zenbait kontu ezagutzen ditugu, esaterako, herriko azokan elikagaiak saldu eta ardiak zaintzen zituela. Diotenez, ezkontzetan-eta bertsolari modura gonbidatzen zuten. Dantzari, dantza-maisu, dantza-taldeen sortzaile ere izan zen.

22 urterekin ezkondu zen lehen aldiz, eta bost seme-alaba izan zituen, haietako bat Jose Inazio, aita bezala, dantzaria.

34 urte zituenean hasi zitzaion bizitza okertzen: arrazoiak oso garbi ez badaude ere, kartzelara joan behar izan zuelako. Alargundu ondoren, Concepción Bengoetxea ezagutu eta berarekin ezkondu zen. Famatua da bigarren emazte honi dedikatutako Kontxesiri kanta ezaguna, kartzelatik idatzia, berriro ere preso Inkisizioaren kartzelan, oraingo honetan elizaren eta apaizen aurka etengabe jarduten zuelako.

"Iztuetari omenaldia" eskultura Donostian Nestor Basterretxea

Garai ilunak atzean utzita, Donostiako udaletxeak agindu zion biltzeko ahal zituen dantza eta dantzarako musika gehienak, artxiboetan gordetzeko eta gazteei erakusteko. Lan horren ondorioz argitaratu zuen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia.

Kontxesi ere hil zen, hiru ume utzita, eta Iztueta, 60 urte zituela, hirugarren aldiz ezkondu zen, 20 urteko gazte batekin.

Donostiako administraziorako lanean urte asko eman ondoren –lehenengo polizian eta gero espetxeko zaindari–, 1937an bere jaioterrira itzuli zen, Zaldibiara. Han eman zituen bere azken urteak, gazteei dantzak irakasten eta bere lanik garrantzitsuena, Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia, idazten.

Gipuzkoako historia horretan ematen du bat-bateko bertsolaritzari buruz ezagutzen den lehen berri historikoa: Billabonan 1802an 4.000 entzuleren aurrean bi bertsolarik egindako saio luze baten aipamena.

Europako lehen folklorista
Iztueta aitzindaria izan zen folklorearen munduan. Willyan Thoms arkeologo britainiarrak “folklore" hitza asmatzerako, Iztuetak folkloreari buruzko liburua idatzia zuen. Horren harira badago bitxikeria bat: suediarrak harro zeuden dantzak gordetzeko ahaleginetan lehenengoak izan zirelako, 1880an hasita. Hori ez zuen inork zalantzan jartzen, harik eta 1963an, Alemanian, "Folklore eta Jantzi Berezien IV. Herriarteko Astea" ospatu zen arte. Bertan, "Goizaldi" euskal dantza-taldeak Iztueta maisuaren 1824ko obra erakutsi zuen, Gipuzkoako dantzak jasotzen zituen liburua. Ordutik, beraz, euskaldunok gara, Iztuetak egindako lanagatik, Europan beste edozein baino lehenago gure dantzak jaso ditugunak, suediarrak baino 56 urte lehenago, hain zuzen ere.

 Maitebat maitatzen det maitagarria
Begi ederra du ta guztiz argia;
    Daukat urruti,
Bañan ezin kendu det buruti
    Aren itxura;
Saldu albaliteke pisura,
    Urrearen truke
Nork erosi faltako ez luke.
 
Ogeita lau leguaz nago aparte,
Bitartean ba dauzkat milloi bat ate,
 Guztiak itxirik;
Nai arren ezin egon ixillik;
    Beti negarrez,
Nere maite maitearen galdez:
    Otedan bizi,
Biotz-biotzeko ene Kontzezi
   
Egunaz argi gutxi, gauean illun,
Konsuelorik ez da neretzat iñun
    Maitea gabe;
Egin otenadiñ aren jabe
    Oroitutzean,
Zenbait pena nere biotzean
    Ditut igaro;
Maite det eta ez da milagro
Leneko gau batean egin det amets,
Bañan pentsamentuak beti al rebes
    Irteten dira;
Ustez nengoen zuri begira,
    Maite polita,
Kofrearen gañean jarrita,
    Kontu kontari,
Nai nuen bañan ez nintzan ari.
  
Zure gauza polit bat oi det nerekin,
Izkidaturik dago letra birekin:
    K ta B dira,
Askotan nego oei begira;
    Ain dira piñak!
Maitetxo polita, zuk egiñak
    Sedaz ederki;
Kolkoan gorderik dauzkat beti.

Esperantzetan bizi, maite gozoa,
Noizbait kunplituko da gure plazoa;
    Eta orduan,
Gauza txarrik ez artu buruan;
    Lengoai utzi,
Ez degu pasatzen pena gutxi;
    Preso sei urtez
Onduko gaituzte nere ustez.


B2
2017-12-12
16177311
3009