Paco Rabanne, Pasaiako diseinatzailea

Jende askok ez badaki ere, diseinatzaile arrakastatsu hau euskaduna da jaiotzez.

Francisco Rabaneda Cuervo, Paco Rabanne diseinatzailea, Pasaian jaio zen, 1934ko otsailaren 13an. Haren aita Errepublikako militarra zen, eta ama PCEko militante eta zuzendaritza-taldeko kidea. 1937an aita fusilatu egin zuten, Santoñan (Kantabria).

Bost urte zituela, familiak Frantziara ihes egin behar izan zuen, eta, zenbait urte batetik bestera eman ondoren, Arkitektura ikasi zuen Parisen.

Berehala lortu zuen modaren munduan sartzea. Horretarako oso baliagarria izan zitzaion amaren laguntza, izan ere, ama Balentziagaren jostun nagusia izana zen diseinatzailearen Donostiako tailerrean.

Hasieran osagarriak sortu zituen beste diseinatzaile batzuentzat, eta 1963an bere lehenengo soinekoak aurkeztu zituen, material berriak erabiliz: plastikoa, papera, aluminioa…

Horrekin hasi zen Paco Rabanne izeneko moda-inperioa zabaltzen: arropa, goi-mailako soinekoak, lurrinak, osagarriak…

Bere tailerrean lanean.

Haren jarrera inkonformistarekin arauak apurtzen jarraitu zuen, modaren Olinpoko tokirik gorenera iritsi arte. Material berriak erabiltzen zituen beti, gero eta ekologikoagoak, 1999an erretiratu zen arte, goi-mailako joskintzak ez zuelako lekurik milurteko berrian.

Oso pertsona polifazetikoa izan zen, eta, pintura eta eskulturaz gain, antzerki-konpainia bat ere sortu eta hainbat filmetako diseinuak egin zituen: Two for the road, Barbarella, Casino Royale…

Liburuak ere idatzi ditu. Batzuetan, ingurugiroaren aldeko aldarria egiten du, eta beste batzuetan, aldiz, bere lehenagoko haragitzeez aritzen da. Izan ere, haren oroitzapenak duela 7.000 urte hasten dira, eta bitarte horretan, besteak beste, San Pablorekin izan du harremana –bere ustez, misogino hutsa da–, behin Jainkoa agertu zitzaion futbol-zelai batean, eta Ama Birjinak mezuak bidali dizkio.

Espainiako eta Frantziako gobernuek ohore eta dominarik gorenak eman dizkiote, eta modaren munduan era guztietako sariak jaso ditu.

Haren lan batzuk munduko museorik garrantzitsuenetan daude ikusgai: New Yorkeko MoMAn, Madrileko Reina Sofian edo Pariseko modaren museoan. 1981an,  La Maison Paco Rabanne sortu zuen bere lanak bertan erakusteko.

 

Denborazko testu-antolatzaileak

Ohiko egiturak eta kokapenak
 


B1
2017-02-07
16170909
3476